Idoia Hernandez: 'Duintasuna eskatzen dogu'
2020-11-09 07:55 BarriketanMusikari-ko idazkaria.
Oraintsu Musikari-ko zuzendaritza barria izentau dabe (Eneritz Dueso, Idoia Hernández, Lide Hernando, Miren Narbaiza, Izaro Andrés, Olatz Salvador, Garazi Esnaola eta Myriam Miranda) eta pandemiak bazterrak astindu baditu be, beharrean dabiz.
Euskal Herriko musikarien alkartea, musikarien zerbitzura dagoan alkartea, bazkideen interes profesional eta kulturalen alde lan egiten dauena.
Helburuean artean musikarien lanaren zein alkarteen aldeko sustapena zein erakundeakaz hartu-emonak bultzatzea dagoz.
Kontu ugari eta sano interesgarriak kontau deuskuz Musikariko idazkari izentau barriak, Hatxe, pianista errenteriarrak.
1.- Lehendik be egoerea negargarria zan eta pandemiak astindu egin dau kulturearen sektorea eta zulo baltzean dagoz, besteak beste, musika, liburugintza zein zinema arloetako milaka behargin. Musikearen arloan, ez dago erregulazinorik, ezta legerik be. Ze pausu emon daiteke?
Egoereari ez jako zentzunezko konponbiderik ikusten. Musikariok, sortzaileok batzea da pausu garrantzitsua, danok alkarregaz prekariedadeari aurre egiteko.
Sarea osotu eta indarrak batuz presino handiagoa egingo dogu. Duintasuna da eskatzen doguna. Bagabiz batzuk beharrean bai hemen, baita kanpoan be eta pandemiak suspertu egin gaitu.
2.- Lan hitzarmenik ez dagoanez, diru-laguntzinoak eta eskatzeko baragarri...
Jakina. Ez gaitue gogoan hartzen. Kontratazinoak egiteko eta ez dago erregulazinorik, herririk herri kontzertuak atontzeko eta ez dago sortzaileari begira egindako araurik, 1985eko lege bakarraren arabera, zuzenean kontratau behar gaitue eta ez dago ezelako kontraturik. Askok pentsetan dabe musikariak
kontzertua emon eta hor amaitzen dala beharra baina kantuak sortzen, produkzinoan, probatan eta ordu asko behar izaten doguz eta normalean diru-laguntzatan be ez da diru askorik egoten, baldintzak zorrotzegiak dira...
3.- Artistearen Estatutuak badauka aurrerabiderik?
Artistearen Estatutua 2018ko irailean onartu zan eta bertan egindako aldarrikapenak ez dira errealidade bihurtu oraindino. BEZ-aren inguruan, % 10eko BEZ - kulturalaren aldaketea egin zan arren, honen erabilerea ez da oso argia, gaur egun. Estatutuaren punturik korapilatsuena 1435/1985ko abuztuaren 1eko Errege Dekretuaren aldaketa eta egokitzapena da. Lege horretan antolatzailearen eta artistearen arteko lan hartu-emonak zehazten badira be, ez deutso egungo egoereari ezta beharrei be erantzuten. Hori da gako garrantzitsuena.
Europan, barriz, bestelakoa da egoerea; Frantziak autortu egiten dau artistearen aldizkako izakerea eta Alemanian gizarte-asegurantzaren antzekoa dago.
Gurean, kulturearen balio erantsia babestu beharko litzateke, alegaltasun egoerea nabarmena da eta, beraz, beharrean segidu behar dogu.
4.- Musika Sektorea Berreregiteko plana aurkeztuko dozue laster. Zeintzuk dira berezitasunak?
Bai. Musikari Profesionalen Batasuna sortzen be ibili gara, Espainiako hamalau bat alkarte tartean dirala eta, ezustekorik ezean, laster etorriko da Musika Sektorea Berreregiteko plana be. Eskakizunak hiru dira: musikarien jarduna babestu, gizartearen babesa behar dogulako, musikarien egoera ekonomikoa hobetzea
be oinarrizkoa da eta musikeak eta kultureak herritarren artean dauen oinarrizko balioa suspertzea ahaztu barik.
5.- Euskal Herrian sortutako musikea bultzatu eta indartzeko asmoa dauen Musika Bulegoagaz alkarlanean ekitaldi batzuk atondu izan dozuez...
Danok gabiz musikearen saltsan. Musika Bulegoa musikearen sektoreko eragileen topagunea eta lankidetza-eremu edegia da, Euskal Herrian sortu eta produzidutako musikea bultzatzeko eta indartzeko asmoa dauena. Eusko Jaurlaritzeak bultzatuta sortu zan Musika Bulegoa eta datu lez baino ez bada be, nabarmendu gura neuke erakundearen zuzendaritzan Musikariko batzuk be bagagozala.
Alkarlanari jagokonez, Musika Bulegoak eta Musikarik Jaubetza Intelektual eta musikariei zuzendutako fiskalidadearen inguruko hiru berbaldi atondu izan doguz.
Musikearen industrian upealako iraultzea bizi dogun arren, management eta holakoak be hor dagoz, kontratazinoen eta bestelakoen ardurea izaten dabenak, musikariontzako nahitaezkoak.
6.- Pandemiaren aurretik, Gernikan egin zenduen emakume musikarien topaketea. Zelako esperientzia izan zan?
Ederra. Ehun bat lagun batu ginan eta oso interesgarria da sektore jakin bateko jenteagaz berba egin eta gorabeherak konpartidutea. Batasuna, indarrak batzea beti da ona eta hor ibili ginan. Goiz partean, hausnarketarako saioak izan genduzan (Musikea ardatz hartuta, prekariedadea, ibilbide profesionala, amateur, alde emozionala, generoa...) eta arratsaldean, barriz, inprobizazinoa eta beste emozino batzuk izan ziran protagonista. Energiaz ganezka bueltau ginan etxera.
7.- Musikariko zuzendaritza barrian danak zarie emakumeak. Apropos egin dozue ala kasualidade hutsa da?
Kasualidade hutsa ez, beharra sentidu genduan, hausnarketa prozesuen ondoren etorri da. Egia esan behar badeutsut nik neuk ez neban nire burua idazkari lanetan ikusten baina orain oso gustora nabil.
8.- Musikarira batu eta bazkide egiteko aukerea eskaintzen dozue. Zer eskaintzen dau Musikari alkarteak?
Asko gara, 300 inguru. Musikarion ardurak dira babesa, kontratazinoak, fakturazinoa, programatzaileak, sektoreko gorabeherak eta hartu-emonak eta aholkularitzea; Ainara Legardon dabil aholkularitza zerbitzua eskaintzen eta autokudeaketa musikalaren inguruko tailerrak be eskaini ditu.
9.- Aitatu dozuzan 300 bazkide horreen artean, bateren bat nabarmenduko zeunke?
Protagonista edo bazkideen baimen barik hona izenak ekartea ez da zuzena. Musikearen munduko jentea da nagusi, gehienak sortzaileak, klasikoa, jazza jorratzen dabenak baina beste estilo batzuetakoak be bai. Izenak aitatzekotan, besteak beste, Izaro Andres eta Olatz Salvador bokalak dira zuzendaritzan eta Lide Hernando diruzaina be hor dago.
10.- Hatxe, pianista errenteriarra zaitugu eta oso oker ez bagagoz disko bi plazaratu dozuz, bigarrena Panpin hautsien dantza, hain zuzen be. Errenterian, jaioterrian, Eztena Jaialdian aurkeztu zenduan, sarrerak agortuta...
Bai. Ederra izan zan Zizt! Kultur Alkarteak atondutako Eztena Jaialdian, etxean, kontzertua eskaintzea. Sortzaile barriak ezagutzera emotea zan helburua eta hor izan ginan Formol, Tripak, Erika Olaizola, Kamikaz, Jon Ander Urresti, Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua eta neu.
Neugaz batera izan ziran oholtzan Jurdana Ochoa biolinistea, Peru Galbete abeslaria eta Ilargi Agirre bateria eta ez daukat ahaztuteko. Musika, argi eta erropen buztarketeagaz oso gustora geratu ginan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!