'Euskaraldian inpliketako gonbidapena'

Bizkaie! 2020-11-06 13:43   Euskerea berbagai

Herritarrak aktibetako eta batzeko balioko dau Euskaraldiak, Bingen Zupiriaren esanetan.

 

Euskaraldiaren 2020ko edizinoa hasteko aste bi falta diralarik, ordezkari publikoek herritarrei ariketa sozial eta kolektibo honetan parte hartzeko gonbitea behin eta barriro luzatu dabe: izena emoteko epea irailean edegi zan eta, orain arte, euskaltzaleen erantzuna positiboa izaten ari dala adierazo dabe, garai latz honek beregan dituan arazo nahiz eragozpen guztiak kontutan izan behar diran arren. Antolatzaileek azpimarratu dabe Euskaraldia herritarren hizkuntz ohituretan eragiteko jarduerea dala, euskerearen erabilerea bultzatzeko. Halan, Euskaraldiko parte-hartzaileek euren ohitura linguistikoak aztertuko ditue, aukeratzen dabeen rolaren arabera:

Belarriprest: eurari beti euskeraz egiteko eskatzen dabeenak dira; ulertu egiten dabe, eta eurakaz euskeraz berbetea gura dabe. Beharbada, ez dira uneoro euskeraz mintzatzeko kapaz izango, baina ahal dabenero egingo dabe. Giltzarria, izan be, ez da hizkuntzearen jakintza-mailea, hizkuntzearekiko daukien jarrerea baino.

Ahobizi: ulertzen dabeen danakaz euskeraz berba egingo dabeenak dira. Beste hiztunak euskeraz dakian ala ez jakin ezean, lehendabiziko berbea beti egingo dabe euskeraz; euskeraz dakiala ziur badakie, beti euskeraz egingo dabe aurrera. Gakoa ahal dan egoera danatan euskerea ahotan ibiltea da eta, belarriprest diranen antzean, rolak ez dauka gaitasun linguistikoakaz erlazinorik, portaereagaz baino.

 Covid-19ak baldintzatutako ariketa soziala

Herritarren eguneroko harremanetan hizkuntza-inertziak astindu eta euskerearen erabilerea areagotzea da Euskaraldiaren helburu nagusia. Harreman horreek, Covid-19aren eraginez mugatuta eta baldintzatuta egon arren, Euskaraldiak sortzen dituan harremanek egunerokoak izaten jarraitzen dabeela azpimarratu dau Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak: kalean presentzia gitxiago izango dogun arren, hurreko harreman-sareetan hizkuntza-ohiturak aldatzea posible da, eta Euskaraldiak bai ala bai aurrera egingo dau. Era berean, sasoi gatxotan, arlo digitalak herritarren arteko harremanetan hartu daben inportantzia handitu egin dala adierazo dau; horregaz lotuta, hurrengo asteotan sarean eta gailuen arteko komunikazinoan ahobizi edo belarriprest lez parte hartzeko jarraibideak zabalduko dituela iragarri dabe sustatzaileek. Aurten, Euskal Herri osoko 421 udalerritan egingo da ariketea, eta 25.000 arigunetik gora osatu dira, 6.800 entidadetan. Beraz, ariketea egiteko oinarri sendoa dagoala azaldu dabe.

 Belarriprest lez hizkuntza-ohiturak aldatzeko deia

Euskaraldian izena emoteko epea oraindino zabalik dagoan honetan, batez be, belarriprest izan ala ez zalantzan dagozan herritarrei luzatu deutsie izena emoteko proposamena. Izan be, momentuz, batu diran herritarren gehiengoak ahobizi izatea erabagi dau eta, antolatzaileen esanetan, bi rolak ezinbestekoak dira, egitasmoa modu arrakastatsuan burutu daiten. Lehen edizinoko emoitzek azaleratu ebenez, belarriprest modura parte hartutakoek ariketea egin orduko eukiena baino jokaera aktiboagoa erakutsi eben, gerora, hizkuntzeaganako.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak aurtengo edizinoan be belarriprest rola aukeratu dabela autortu dau: Nigaz berba egin gura dabenak euskeraz egin daiala gura dot, eta horretarako gonbidapen bat luzatu gura deutsiet guztiei. Belarriprest izanda, euskerea ulertzen dodala, euskerea gehiagotan entzun nahi dodala eta ahal dodan danatan erabiliko dodala adierazo nahi dot. Euskaraldiak herritar guztioi egiten deusku gonbitea euskerea 15 egunez ahotan ibilteko, borondatezko ahalegin hori eskatzen deusku, gehitu dau Zupiriak. Bardin da euskeraz ondo konpontzen garen edo gehiago ala gitxiago ulertzen dogun, baina euskerearen erabilerea ahalbideratzea eta erabili gura dauanari bidea erreztea da asmoa. Horrek apurtuko ditu inertziak eta ekarriko ditu hizkuntza-portaeretan aldaketak. Herritarrak aktibetako eta batzeko balioko dau Euskaraldiak.

Bestalde, sustatzaileek agerraldian gogora ekarri dabeenez, uriguneetakoak izan ziran lehendabiziko edizinoan parte hartu eben ahobizi eta belarriprest gehienak. Hizkuntzearen erabileran upealako inportantzia daukie eremu horreek, herritar franko biziteaz gan, inguruko herrietatik beharrera, ikastera edo merkataritzara hurreratzen baitira, egunero-egunero, milaka pertsona. Horregaitik, euskerea kalean ikusgarri egin, hizkuntza-ohiturak aldatu eta ariketan parte hartzera deitu ditue uriguneetako biztanleak. Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, bizkaitar guztiei orain arte lez euskerearen aldeko inplikazinoa erakusteko eskatu eta Euskaraldian modu aktiboan parte hartzeko gonbidapena egin deutse, izan ahobizi, izan belarriprest lelopean.

Euskaraldian izena emoteko hiru bide dagoz:

• Euskaraldiko webgunearen bidez. Ganera, ariguneak antolatu dituen hainbat entidadek izena emoteko sarbide propioa daukie euren kideentzat.
• Herriz herri, Euskaraldia batzordeak antolatzen ari diran informazino- eta izen-emote guneetan.
• Telefono mobikorretarako (Android zein IOS sistemadun gailuetarako) sortu dan aplikazinoaren bitartez.

 Euskaraldia kalean ikusgarri

Kaleko ekintza, ekitaldi eta harreman sozialak mugatuta egonda, milaka herritarrek egingo dabeen jarduera soziala bistaratu gura dala adierazo da agerraldian. Horretarako, danatariko formulak egongo dira:

• Lehen edizinoan lez, ariketea egingo dabeen belarriprest eta ahobiziek rola adierazoten dauan txapea erabiliko dabe.
• Ariguneak be identifikauko dira, euskarri fisikoak erabilita edo telefono-aplikazinoan geolokalizauta.
• Leiho, balkoi eta erakusleihoetan Euskaraldiko ikurrak eta banderak ipinteko proposamena luzatu jake, halan nahi dabeen belarriprest eta ahobiziei.

Azkenekoz, Euskaraldia herriz herri eta gunez gune antolatzen dabizen herri-batzorde eta mota guztietako entidadeen beharra azpimarratu dabe antolatzaileek: Gure esker ona adierazo gura deutsegu Euskaraldiaren proposamenari jarraituz, euskerearentzako espazio barriak sortzen dabizen milaka entidadeetako arduradun eta partaideei, esan dau Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak, Jasone Mendizabalek. Eskerrik beroenak baita be, Covid-19ak eragindako zailtasunak zailtasun, Euskaraldia antolatzeko bolondres-lanetan dabizen hainbeste euskaltzaleri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu