Euskal Herriko Eskolartekoa bertan behera
2020-11-05 10:57 BertsolaritzeaZemendiaren 14an Abadiñon egitea zan asmoa, baina bertan behera itxi behar izan da.
Bertsozale Alkartea eta Ikastolen Alkartea egin ala ez egin dudann ibili dira: Eskolartekoek lurraldeetan bere bidea egin bitartean, osasun-krisiaren bilakaerea adi jarraitu dabe, Euskal Herriko Eskolartekoaren nondik norakoak zein izango ziran erabagiteko. Bazkideei BertsoZalea-n aurreratu lez, hitzordua zehaztua egoan: hilaren 14an zan egitekoa, Abadiñon, Sarako hirurtekoaren ostean. Pandemiak, ostera, ez dau ekimena gauzatzeko aukerarik emon eta aurten Euskal Herriko Eskolarteko azken saiorik ez egitea erabagi dabe bai Bertsozale Alkarteak, bai Ikastolen Elkarteak be. Azken saioa bertan behera laga behar izan arren, ganerakoan, lurraldeetako Eskolartekoak egiteko aukerea egon da: ez dira betiko baldintzatan egin, jakina, osasun-neurri zorrotzak hartu behar izan dira-ta.
Martian eten eta urrian berrekin
Gipuzkoako Eskolartekoa bapatean eten behar izan zan, saio biren faltan. Saio horreetako bat urriaren 2an berreskuratu zan eta finala, barriz, urriaren 16an, Azkoitian: Aner Peritz nagusitu zan; Naia Arrizabalagak be, Euskal Herriko finala izan beharko zanerako sailkapena lortu eban.
Urrian egin ziran, hain zuzen be, lurralde gehienetako eskolarteko-saioak. Hilaren hasieran egin zan, Murgian, Arabakoa: Aitor Ugarte eta Eukene De Los Aires izan ziran txapeldun eta txapeldunorde, hurranez hurran. Bizkaiko Eskolarteko finala urriaren 17an egin zan, Arrigorriagan, aurretik hiru kanporaketa-saio eginda: Irune Basagoitik eta Leire Vargasek eskuratu eben finalerako txartela. Nafarroan, barriz, joan dan barikuan egin zan Eskolarteko saioa: Ekhiñe Zapiainek eta Bittori Elizaldek eskuratu zituen lehenengo eta bigarren postuak.
Garagarrilean egin zan, ostera, Bertsularien Lagunak Alkarteak batzen dituan hiru lurraldeetako (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) txapelketea: Haira Aizpuruak jantzi eban txapela eta Irantzu Idoate izan zan txapeldunorde.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!