Ekhi Rojok, Beñat Astizek eta Saioa Alkaizak irabazi ditue sari nagusiak

Bizkaie! 2020-11-04 10:04   Bertsolaritzea

 Iruñeko I. Bertsopaper Lehiaketako sarituak.

Guztira, 24 lan aurkeztu ditue sariketearen lehen edizinoan, eta horreetatik zortzik jaso dabe sariren bat. Nafarroako Bertsozale Alkarteak proponidu dau lehiaketearen epaimahaia: Arkaitz Goikoetxeak, Nerea Bruñok eta Sustrai Colinak osotu dabe.

Txapelketea joan dan bagilean abiatu zan, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Alkarteak alkarlanean antolatuta, bertsopaperen sorkuntzea bultzatzeko, eta adierazopenari leku nabarmenagoa emoteko -orain arte, Iruñeko Egile Barrien Lehiaketako modalidadeetako bat zan bertsopaperena-. Lehendabiziko edizinoan, 24 lan aurkeztu ditue (bi, A kategorian; bost, B kategorian, eta hamazazpi, C kategorian). Horreetatik, kategoria bakotxeko sari nagusien irabazleak Ekhi Rojo Rodriguez, Beñat Astiz Isasi eta Saioa Alkaiza Guallarre izan dira.

A kategoria 2007an edo ondoren jaiotakoei zuzendurikoa da: Ekhi Rojok 150 euroko kultura-bonua irabazi dau, eta Ibai Letona Garaikoetxeak bigarren saria, 100 euroko kultura-bonua. Ekhi Rojok Garai arraro hauetan lana aurkeztu dau, pandemiak egunerokoan eragin dituan aldaketei buruzko bertso-sortea. Bestalde, 2003 eta 2006 artean jaiotakoei zuzenduriko B kategorian, Beñat Astiz Isasik lortu dau lehen saria, eta Bittori Elizalde Sotok bigarren eta hirugarrena. Kasu honetan, lehen saria 350 euro da; bigarrena, 200 euro, eta hirugarrena, 150 euro. A kategorian lez, egileko gehienez be hiru lan aurkeztu ahal ziran. Beñat Astizen Pieza akatsduna lana saritua izan da bertso-sorta sinisgarri eta bikaina izateagaitik; epaimahaiaren berbatan, gaia sano ondo jorratu dau.

C kategoria 2002an edo lehenago jaiotakoei zuzentzen jake. Lehen saria 1.500 eurokoa da; bigarrena, 1.000 eurokoa, eta hirugarrena, ostera, 500 eurokoa. Saioa Alkaiza Guallar, Erika Lagoma Pombar eta Eneko Fernandez Maritxalar izan dira irabazleak, hurranez hurran. Alkaizaren Hiru pena mota lanak lehen saria jaso dau, hiru istorio aurkezten ditualako, egitura ausart eta original baten bidez; aitagarria da hainbat gai modu oso sinisgarrian jorratzeko gaitasuna.

Epaimahaia Nafarroako Bertsozale Alkarteak izendatu dau, eta bertan aritu dira Nerea Bruño, Arkaitz Goikoetxea eta Sustrai Colina. Sari-banaketea Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Alkarteak antolatzen daben Bertsoaroa zikloaren lehenengo jaialdian egingo da, zemendiaren 5ean, Nafarroako Antzerki Eskolan.

Bestalde, bertsolaritza-munduko beste pertsona esanguratsu bat, Dionisio Mujika antolatzaile eta gai-jartzailea, hilaren 1ean zendu zan. 1936an Asteasun jaio zan, baina aspalditik Lesakan bizi zan. Besteak beste, 1979an, Paulo Yanzi Sariketea martxan ipini eban, hau da, gerora Nafarroako Bertsolari Txapelketea izango zana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu