Lan-alorreko euskerearen normalizazinoaren bila
2020-11-03 09:58 Euskerea berbagaiAsmoa argia da: 50 beharginetik gorako enpresatan, euskara-planak negoziatuteko beharrizana azpimarratzea EAEko eta Nafarroako lanbide-hitzarmenatan. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagosiak adirazo dauenez, Euskerearen normalizazinoa jorratzeko, derrigorrezko alorra da lan-mundua. Gure egunerokotasunaren zati nabarmen bat beharrean igaroten dogu, eta horrek gure hizkuntza-ohiturak baldintzatuten ditu. Hori holan, euskerearen normalizazinoa aintzat hartu behar da.
Hizkuntza-eskubideen gaia lehen mailara ekartea nahitaezkotzat jo dau Kontseiluak. Halan zehaztu dau ELAko idazkari nagosi Mitxel Lakuntzak: hizkuntza-eskubideen gaia langile-burrukearen barruan kokatuko neuken zeozer da. Beraz, gure burruka-esparruetako bat izan behar dau. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagosiak ondokoa adierazo dau: lan-mundua euskalduntzeko, erabagi ausartak hartu behar doguz; beharrezkoa da neurri zehatzagoak hartzea, euskerearen normalizazinoak norbanakoen boluntarismoa baino harago egin daian.
Lanbide-hitzarmenatan baldintza gehigarri hau txertatu daiten, bai sindikatuek, bai Kontseiluak Eusko Jaurlaritzeari eta Nafarroako Gobernuari dei egin deutse. Jomuga inportanteenak honakoak dirala adierazo dabe: batetik, euskera-planen negoziazinoa neurria errespetetako eskatzea; bestetik, plan horreek aurrera atarateko, inbersino ekonomikoak bideratzea.
Datuatara jo ezkero, argitu dabe Arabako, Gipuzkoako nahiz Bizkaiko enpresen % 1ek baino ez dituela euskerearen normalizazino-plangintzarik; beste berba batez: 138.000 enpresak ez dauka inongo hikuntza-planik. Nafarroan zifrea txikiagoa da: % 0,7k baino ez dauka normalizazino-neurriren bat martxan. Aranburuk argitu dau neurriok abian ipinteko sasoi sano egokia dala, hurrengo urteetan etorriko dan erretiro-kopuru esanguratsua kontuan izanda: Belaunaldi-aldaketa bat bidean dator eta aukera bikaina daukagu alor sozioekonomikoari bultzada bat emoteko. Ganera, kontrakoa be pasau leitekeela azpimarratu dau: Euskalduntzean beharrik egin ezean, euskerazko hezkuntzea jaso daben belaunaldiak, eremu sozioekonomikoaren ondorioz, erdaldundu egingo dira. Horregaitik, lan-mundua giltzarria izango da belaunaldi barri horreentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!