Ekhiñe Zapiainek irabazi dau Nafarroako Eskolarteko Txapelketea
2020-11-02 09:49 BertsolaritzeaEkhiñe Zapiain txapelduna eta bigarren izan dan Bittori Elizalde sailkatu dira Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako.
Etxarri Aranatzen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketearen 34. edizinoa, zazpi bertsolari gaztegaz. Segurtasun neurri guztiak beteta egin da saioa. Berako Ekhiñe Zapiainek jantzi dau txapela eta bigarren izan da Iruñeko Bittori Elizalde; biak sailkatu dira Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako. Bertso onenaren saria Zapiainek berak eskuratu dau.
Aforo mugatuan eta osasun prebentzinorako neurri guztiak beteta jokatu da Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketearen 34.edizinoa. Zazpi izan dira bertsolari parte-hartzaileak: Ainhoa Arrizabalaga (Iruñea), Amaia Lasheras (Barañain), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Eki Mateorena (Leitza), Ekhiñe Zapiain (Bera) eta Etxahun Azkarraga (Etxalar). Maider Ansak izan dau saioa aurkeztu eta gaiak ipineteko ardurea. Izaro Mitxelena, Joseba Beltza eta Nerea Bruño ibili dira epaile lanetan.
Gai orokorraren aurrean, lau oinak eta azken puntua eta berba bana emonda bertso bana kantau ostean, bertsolari bi pasau dira bigarren fasera: Bittori Elizalde eta Ekhiñe Zapiain. Bigarren fase horretan, zortziko handian ofizioan ibili dira bertsolari biak. Ostean, kartzelako ariketan, puntu banari erantzun deutse eta gaia emonda, bakarka ibili dira azkenik, bertso bana kantauta.
Azkenean, Ekhiñe Zapiainek batu dau puntu gehien eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Bittori Elizaldek, ordezkatuko dabe Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.
Bertsolari beratarrak Julio Soto Nafarroako txapeldunaren eskutik jaso dau txapela. Beste sari bat be izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, bertso onenarena. Kasu honetan, Ekhiñe Zapiainek berak irabazi dau sari hori, zortziko handiko ofizioko bigarren bertsoagaitik. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Alkarteko lehendakariak emon deutso sari hori.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!