Euskera agerkari akademiko-zientifikoa erabarritu dau Euskaltzaindiak
2020-11-02 08:44 KultureaAkademiaren agerkari akademiko-zientifikoak 100 urte bete ditu aurten.
Euskaltzaindiaren Euskera agerkari akademiko-zientifikoak ehun urte bete ditu aurten eta erabarrituta agertzen da orain Akademiaren webgunean. Oso-osorik digitalizau da Euskera; zenbaki guztiak PDF formatuan deskargau daitekez, baita artikulu solteak be; artikuluei laburpen-oharrak gehitu jakez; bilatzaile
bizkorra jarri jako... Era berean, artikuluak bialtzeko prozedurea edo inprimaki jakin bat ezarri da, ikertzaileei lanak bialtzeko bidea erraztuta. Euskerak izan duen etenik gabeko eraldaketan, beste pausu bat baino ez da oraingo hau, azken urteetan indexau edo homologau egin baita agerkaria, ebaluatzaileak jarri dira, prozedurea estandarizau, zuzenketa linguistikoa egiteko HIZBEA zerbitzua sortu da...
Baina, zer da Euskera eta zein leku bete dau Euskaltzaindian? Batetik, argitalpen akademiko bat da Euskera, euskereagaz lotutako ikerketak eta antzekoak plazaratzen dituana, Hizkuntzalaritza eta Filologia esparrukoak eta, inoiz, euskal kultureari lotutakoak be bai. Bestetik, erakundearen berripapel edo agerkari ofiziala da, eta Akademiaren bilkura eta erabagien barri Euskera-ren bidez emoten ditu Euskaltzaindiak, beste edozein erakundek bezela.
Bikoiztasun hori sorreratik datxekio agerkariari eta bere izakerearen ezaugarri nagusia da. Azken hamarkadan (2009ko barriztapenetik aurrera), beste pausu bat egin da eta bi eratako zenbakiak kaleratzen dira Euskeran: bizitza akademikoa jasoten dabenak (2016tik formatu digitalean) eta ikerketa artikuluak batzen dituenak. Euskera da Euskaltzaindiaren bizitza akademikoaren eta ikerlanen ispilurik zintzoena.
Ehun urteko jarduna
Hiru aro nagusi bizi izan ditu Euskerak. Lehena 1919tik 1979ra doana litzateke. 1919an, Pierre Lhande euskaltzaina izan zan Euskera abiatzeko eskaria jaso ebana eta hari zor jako lehen zenbakian agertzen dan
euskaltzain guztien zerrendea, erakundearen organigramea, euskaltzain oso bakotxaren curriculum xehea eta lehen hildakoen (Txomin Agirre eta Pierre Broussain) hilbarri-txosten laburrak.
Gerra Zibilak eta frankismoak etena ekarri eutsen Euskerari eta 1953ra arte ez eban jaso barriro publiketako baimenik. Baina hiruzpalau urtetan zailtasun handiak izan zituan argitaratzeko; 1956tik aurrera, ostera, agerkaria argitaratzen hasi ziran, gero eta sendoago. Batez be, Euskeraren lehen sendotze hori 1968tik aurrera jazo zan (bitxikeria bezala aipatu behar da 1968an egin zan Arantzazuko Biltzarraren aktak be agerkarian jasota dagozala).
Bigarren aroak 1980tik 2008ra bitarteko tartea hartzen dau. 1980. urtetik aurrera atzemoten da saltoa aldizkariaren kudeaketan, aurrekoa ez bezelako sendotze bat, bai alde materialean, bai akademikoan be. Ikerketa artikulu akademikoei jagokenez, sendotzea dago (aro horretan, danetara 2.830 artikulu argitaratu ziran).
Hirugarren aroa 2009an hasi zan. Alde materialetik aldaketa bat egon zan diseinu orokorrean eta agerkariaren bikoiztasuna sakondu zan, bizitza akademikoa eta ikerketa artikuluak bereiziz (lehena formatu digitalean baino ez da argitaratzen 016tik aurrera).
Gainera, azken urteetan indexau (homologau) egin da Euskera, ebaluatzaileak jarri dira, prozedurea estandarizau, zuzenketa linguistikoa egiteko HIZBEA zerbitzua sortu da... Ikerketeari jaagokonez, Euskera agerkaria honako zerrenda eta datu- baseetan topau daiteke: Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekearen katalogoan; Akademiaren webgunean; Latindex katalogoan; Inguma datu-basean; ISOC datu-basean; Linguistic Bibliography datu-basean; eta Dialnet datu-basean. Horrezaz gan, kalidade adierazleak be eskuratu ditu Euskerak azken urteotan (CIRC-eko C mailea; MIARen 8.0). Beraz, eduki guztien digitalizazinoa etenbako erabarritze horren azken ahalegina baino ez da.
Euskera
Euskeran argitaratutako itemak edo sarrerak (batzar-agiriak, artikuluak, arauak, albisteak...) 5.000tik gora dira, tartean batzar-agiriak (1.000 inguru), arauak, gomendioak, erispenak eta antzekoak (600etik gora), adierazpen instituzionalak, gutun ofizialak eta antzekoak (100etik gora), euskaltzainen hilbarri-txostenak (240tik gora), hitzarmenak, albisteak eta bestelakoak (100etik gora) eta, zelan ez, artikulu akademikoak eta antzekoak (2.000tik gora).
Euskaltzain guztiak agiri dira Euskeran, hor jasoten baita Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa oso-osorik. Bertan idatzi dabe, besteak beste, R. M. Azkuek, Jon Etxaidek, Manuel Lekuonak, Henri Gavelek, Gerhard Bähr-ek, Luis Villasantek, Jean Haritschelharrek, Alfonso Irigoienek, Karl Boudak, Juan San Martinek, Jose Maria Satrustegik edo Piarres Lafittek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!