Askabidek lokal barria dauka Bilbon

Bizkaie! 2025-07-09 08:10   Kulturea

Prostituzinoan eta bazterketa egoeran dagozan emakumeen normalizazino integralaren alde dabilen alkartea da.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotzia eta Itziar Urtasun Bardintasuneko zinegotzia Askabideko instalazinoak bisitau ditue (Babes kalea 3, San Frantzisko auzoa) eta bertan, 1985etik beharrean dabilen alkarte horretako arduradunakaz batu dira, berrogei urte bete baititue prostituzinoan abizen personak eta babesbakotasun-egoeran dagozan emakumeak gizarteratzeko lanean.

Juan Mari Aburto alkatearen eretxiz, Bilbo Balioen Uria dala esaten dogunean eta inklusinoaren alde egiten dogunean, ezin ahaztu prostituzinoan lan egiten daben personen kolektibo hain espezifiko eta zaurgarri hori. Euren ardurak zeintzuk diran bertatik bertara jakin nahi izan dogu eta Askabidek gaur egun zelan lan egiten dauen ikusi. Erakunde horren lana txalogarria da, berrogei urteko ibilbidea egin baitau persona horreen eta kolektibo horren lege-egoera larriari eta problematikeari heltzen eta defendiduten, bolada gatxetan. Era berean, zehaztu deutsegu gertu gaituela personei laguntzeko eta danon artean garai honeekaz bat datorren etorkizun kolektibo eta personal bati trazea emoteko.

Askabidek zenbait proiektu egiten ditu kolektibo horri arretea emoteko, persona horreen aurrean zuzeneko tratuaren esperientzia gogoan hartuta, persona guztiei eta euren preminei erantzun integrala emoten saiatzeko. Esangura horretan, 2024an, Askabidek 543 pertsona artatu zituan (% 99 emakumeak) klubetan, pisuetan eta kalean zuzeneko arretea emateko proiektuan; 318 persona harrerea egiteko zentroan (% 94 emakumeak); 44 persona egoitza-baliabideetan (guztiak emakumeak eta euren kargura dauden adingabeak); eta 22 pertsona sexu-esplotaziorako salerosketaren biktimei arreta integrala emateko programan (% 100 andreak eta euren pentzura dagozan edade txikikoak).

Kontuk kontu, Harrera Zentroa erakundearen proiektu nagusietako bat da orain hiru hamarkada baino gehiagotik eta arreta, informazino eta aholkularitza espezializaduko oinarrizko zerbitzua da.

Helburu nagusia emakumedei laguntzea da, hainbat arlotan informazinoa, orientazinoa eta laguntzea emonez. Holan, Askabidek bere preminei eta eskaerei erantzun nahi deutse gizartean benetan eta bete-betean integrau daitezan erraztuz.

Espazio barri eta barritu horrek nabarmen hobetzen ditu arretea emoteko aukerak eta banakako arretarako bulegoak eta erabilera anitzeko gela zabala daukaz, egoki-egokia tailerrak eta talde-jarduerak egiteko. Espazio barri horri esker, Askabidek nabarmen handitu ahal izango ditu esku-hartzeen kopurua eta kalidadea, bai eta eskainitako jarduera eta lantegiena be, eremu horretan dauen eragina handitzeko.

Harrera Zentro barriaren obrak eta egokitzapena posible izan dira Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako Sailaren finantziazinoari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu