Irati Bilbao: 'Alboan lagun handiak izatea lakorik ez dago'

Koldo Isusi Zuazo 2020-11-02 08:09   Barriketan

Abeslari durangarra.

Durangarra, gaztea, beti kantuan ibilitakoa Historia eta Artean graduatua, kultur kudeaketan posgradua eta Musikenen Jazz Kantua ikasketak amaitu ditu aurten.

Irati Bilbao hainbat proiektu eta taldetan ibilitakoa da: Irati Bilbao Quintet, Ekuru, Bilbao Lindy Band, Reunu, Swingtronix. Ahots Argiak eta Gospel Six abesbatzetan be kantau dau. eta orain, barriz, bakarkako lehenengo diskoa, Begin kaleratu dau, lagun handiak alboan zituala, pianoan Jorge Fernandez, No Land Trioko kide dan Eva Alcaide gitarrista madrildarra, Carlos Montul baxua eta Aitor Bravo bateriajole arabarra. Talde bikaina.


1.- Oraintsu Bilbon aurkeztu zenduan bakarka plazaratutako lehenengo diskoa. Zelakoak izan ziran hartu-emonak kazetariakaz eta hurreratu ziranakaz?

Ondo. Nire lehenengo prentsaurrekoa izan da, ilusino handia egin deust diskoa kaleratzeak eta hasierako urduritasun jantzeari eutsi ondoren, gustora ibili nintzan kazetarien galderei erantzuten eta nire munduaren barri zabaltzen.


2.- Begin izenburua jarri deutsazu diskoari, fase barri baten hasierea dalako?

Bai edo. Urte berezia, arraroa bizi dogun arren, bizimodua zelan edo halan bideratu dogu, gora adi geratzea ez da ona. Musikenen lau urte egin dodaz ikasten, Jazz Kantua ikasketak egin dodaz eta zeozelan ikasketon emoitzea be bada diskoa. Kantetan eta kolaboretan urte piloa daroadaz baina Begin hau fase baten
hasierea da, bakarkako ibilbideari hasierea emoten deutsona baina lagun handiak alboan ditudala.

Diskoan kantu bi dira nireak, musikea eta berben zein konponketen ardurea izan dot horreetan; instrumentalak izan arren, berbak idatzi dodaz Sam Rivers saxofoijole iparramerikarraren Beatrice doinuan zein Brian Blade bateriaren Stoner Hill kantuan. Era berean, ez dot ahaztu gura Ella Fitzgeraldi egindako
omenaldi modukoa eta neuk moldatutako Hopefully my prince won ‘t come. Ganerakoak nire burutazinoak dira.


3.- Zeintzuk dozuz lagun bakarkako disko honetan?

Bai, musikari laukote bikaina dabil neugaz, Eva Alcaide gitarrajole madrildarra Creativa ikastegian Emmet Crowleyren ikasle izandakoa, Musikeneko ikasketak amaitu eta gaur egun Eskoziako konserbatorio errealeko ikaslea, Alicanten jaiotako Jorge Fernandez pianojole dotorea, Iñaki Salvadorren ikaslea izan da eta No Land taldea dabil. Huescako Carlos Montul bajuak eta Jo Krauseren ikasle dan Aitor Bravo arabar bateria joleak osotzen dogu taldea.


4.- Plataforma digitalen sasoian, zergaitik aukeratu dozu Errabal Jazz - Gaztelupeko Hotsak?

Digitalean be bagagozan arren, berbarako, Spotify plataforman, gogoa neukan disko fisikoa plazaratzeko, CDa erostea musikariei, sortzaileei laguntzea da eta, horrezaz gan, bildumatxua egiteko be ez da txarra formato fisikoa, nahikoa fetitxistea naz eta objektuak, gorde eta sailkatzea gustetan jat. Beti gustau jat
diskoak erostea, barruko erretratuak ikusi eta testuak irakurtea. Eta jarrera horri eutsiz, Errabal Jazz etxeagaz plazaratzea ohore handia izan da niretzako, orain arteko Durangoko Azokatan beti joaten izan nazelako euren saltokira neure irakasle izandakoen zein beste batzuen diskoak erosten. Aurrez aurreko
hartu-emon horrek sano gustetan jataz eta aurten online denda birtuala martxan ipiniko daben arren, egingo dogu ahalegintxua.

Durangoko Azokako denda birtualaren harian, esperientzia barria da eta espero dot asko saltzea ze kultureak eta gizarteak bizi dauen-dogun egoerea benetan baltza da. Sortzaileei laguntzeko modua da diskoak, liburuak, bideoak zein bestelakoak erostea eta dei egiten deutset herritarrei ahalegintxua egin deien.


5.- Oso oker ez bagagoz, Plateruenan Ekuru izenburupean kantau zenduan, baita Guggenheim Museoan be. Hori ezin leike edozeinek esan. Zelako esperientziak izan ziran?

Ederrak. Konfinamenduaren eraginez etxetik urten barik egon ondoren, oso ondo pasau genduan eta jentearen erantzuna ikusita, zer esango deutsut ba. Momentu gorabeheratsuotan berbatutako kontzertu batzuk galdu egin nituan baina Ekurugaz joteko aukerea sortu zanean hor joan ginan. Durangoko Plateruena niretzako ikurra da, aretorik onenetako bat, akustikearen aldetik eta. Bilboko Guggenheim Museoko terrazan kanteteak be ilusino handia egin eustan, ohorea izan zan niretzako ze Bilbaina Jazz Klubetik deitu eustien eta eurek atondutako kontzertuotan ikusle izan ondoren, handia izan zan aukera hori.


6.- Zuzenean ibilitakoa zaitugu baina esperientzia ederrenetakoa igaz bizi izan zenduan Donostiako Jazzaldian, Reunion Big Band taldeagaz kantau zenduanean...

Bai. Nire ibilbide musikalean izan dodan aukera politenetakoa izan da Reunion Big Band taldeagaz kantetea, ibilbide luzeko taldea da, disko bat be grabau eben eta Musikeneko ikaslea izatea da araua taldean parte hartzeko.

Donostiako Jazzaldian kantetea sekulakoa izan da, sarri egon naz han kontzertuk ikusten eta oholtzan egotea amesa zan niretzako, nire ibilibide musikalean momentu ederrenetakoa izan da.


7.- Irati Bilbao Quintet, Ekuru zein Bilbao Lindy Band taldeetan eta gospel taldeetan be kantau dozu baina Durangoko bonbardaketearen harian, 'Martxoak 31' izeneko abestia be kantau dozu Mikel Nuñez Lauzirika pianisteagaz batera. Xabier Amurizak eta Ander Erzillak sortutako abestia da.

Berezia izan da eta aurten niri deitzea ez neban espero. Konfinamenduak be atrapau euskun arren, esperientzia polita izan da, durangarra naz eta badakit  zelako mina eragin eben bondardaketa hareek herrian. Saioa grabau egin genduan eta jenteak gustora hartu eban gure ekarpena.


8.- Jazzez Blai, Getxo Jazz, Plateruena, Bilboko Guggenheim Museoan, makinatxu bat lekutan kantau dozu. Taldearen babesa ala bakarlariaren magia, zein aukeratzen dozu?

[Barreka] Taldearen babesa... Baina neure jarrereari edo magiari eutsiz. Neugaz dabizen musikariakaz sano gustora nabil, lagunak dodaz eta musikearen munduan, jazzean zein beste edozein estilotan, komunikazinoa beharrezkoa da, taldeagaz, hur dozuzanakaz ondo konpontzen bazara, dana izango da errazagoa.


9.- Musikenen Jazz Kantua ikasketak amaituko dozuz aurten. Jazz munduan ala beste estilo batzuetan be sartzeko amesa dozu?

Musikea, kantua dira nire pasinoak eta bakarlari zein taldeko abeslari be banabil. Nire lehenengo diskoan jazzaren munduan nabil, jazz abeslari moduan seguru eta gustora sentiduten naz baina estilo ugari landu dodaz orain arte, gospela, abesbatzen munduan be ibili naz, nik badakit ekarpena egin neikiola beste musikari bati eta harek neuri, holan aberasten doguz proiektuak; kasurako, Josu Bergarak asko emon deust eta espero dot neuk hari be zeozertxu eskaini izatea.


10.- Bihar-etzi non eta zertan ikusten dozu zeure burua?

Nork jakin... Baina abesten jarraitu gura neuke. Txikitatik izan naz perejila saltsa guztietan eta musikea lako perejilik ez dago. Maitasuna eta gorrotoa kontrajarrita, batzuetan kostau egiten jat liderraren, abeslariaren papela hartzea baina holako sensazinorik ez dozu inon topauko.

Beste alde batetik, momentu larria bizi dogu, maskarak, aforoak eta galarazpenak gorabehera, artea eta kulturea hankaz gora dagoz eta herritarrei eskatuko neuskie esfortzu handiz atontzen diran jardueretara joateko, kulturea segurua da, ogibide asko dagoz tartean eta geu ez bagoaz holakoetara, agur. Baina
eguzkia goizero agertzen jaku eta ez deiotsagun uko egin itxaropenari.

Kontzertuei jagokenez, ezustekorik ez bada, zemendiaren 7an, Plateruenan kantauko dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu