Susana Talayero, Gema Intxausti eta Amparo Badiola artisten lanak Bilboko Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2020-10-30 12:18   Kulturea

Scriptbarik esperimentua da.



Azkuna Zentroa
k arte-instalazinoa aurkeztu dau, Amparo Badiola, Gema Intxausti eta Susana Talayero artisten arteko lan-esperientzia. Irailetik aurrera, Lantegia. Idea-laborategiko BAT gunean dabiz beharrean eta emoitzea erakusketa-formatuan dago ikusgai, zemendiaren 7ra arte, 16:00etatik 20:00etara.

Prozesu horretan, artistek imajinarioak konpartidu eta mugak gainditzea aukeratu dabe ezustekora heltzeko azaldu dabe. Esangura horretan, gidoirik ez izatea eta erabilten ez diran materialak erreskatau eta abiaburutzat hartuta, esku-hartze bat egin dabe espazioan eta hiru zati dituan bideo bat (Motorzalea, Azpimundua eta Masa). Esperimentu bat da, erritmo organikoan artikulatuz joan dana, proiektuan parte hartzen daben hiru artista egilekideen lan-praktikea osotzen daben diziplinen arabera: jantzea (Amparo Badiola), eskultuera (Gema Intxausti) eta pinturea (Susana Talayero). Esperientzia honen giltzarria da artista bakotxak besteen lanean esku hartzen dauela eta, horretarako, zenbait ariketa zehatz proponiduten ditue egiteko prozesuan bertan proiektua osotu dabenak. 


AMPARO BADIOLA (Bilbo, 1958)

Medikuntzan lizentziaduna da UPV/EHUn. Jantza-ikasketa ez-arautuak egin zituan Bilbon eta Londresen 1988tik 2003ra arte eta Londresen bizi da. Mobimentuari buruzko ikerketeagaz eta lan didaktikoagaz bateratzen dau sorkuntza-lana. Azken sorkuntza eszenikoa Palabras Invisibles da eta London Elixir Festival-en eta Vitoria-Gasteizko Baratza aretoan aurkeztu eban, 2014an.


GEMA INTXAUSTI (Gernika-Lumo, 1966)

Eskulturearen, marrazkiaren eta film narrazinoaren arloan egiten dau lan. UPV/EHUn Arte Eder ikasketak egin ondoren, Londresera joan zan biziten eta han Zinemea ikasi eban. Gure Artea saria irabazi eban 2018an, ibilbide artistikoa aintzatesteko. Orain dala gitxi, lanak erakutsi ditu Bilboko La Taller-en (2019) eta Carreras Múgica-n (2016) eta, oraintsu, Entre la multitud, observando el arresto aurkeztu dau Gasteizko Artium-en (2020).


SUSANA TALAYERO (Bilbo, 1961)

Pinturearen eta marrazkiaren inguruan egiten dauen lana bideora zabaltzen dau noizean behin. UPV/EHUn Arte Ederretan lizentziau ondoren, Erromara joan zan eta han bizi izan zan 1986tik 1996ra. Orain dala gitxi, Carreras Múgican (2019) eta Bilboko Arte Eder Museoan (2016) erakutsi ditu lanak. Amparo Badiolagaz lankidetzan, L’occasione proiektua koordinetan dau, Bilbon topaketa publikoak egiteko ekimena. Orain gitxi, Arte Bisualen Vila de Santanyí VII. Saria jaso dau, Mallorcan (2019).


Arte-sorkuntzea babestu

Azkuna Zentroak hainbat ekimen jorratzen ditu ikerketak, sorkuntzak zein produkzinoak laguntzeko: arte garaikidea, arte biziak, zinemea eta ikus-entzunezkoak, literaturea, kultura digitalak eta gizartea. Ekimen horreek beti dabe zati publikoa eta ikusleen komunidadeei arte-gogoeta garaikidea egiteko bidea emoten deutse. Zentroak beharrezko baliabideak, espazioak eta prestakuntzea eskaintzen ditu.

Arte-sorkuntza espazio guztietan izaten da, erakusketa-aretoan zein Mediatekan; etapa barri honetan konektetako, pentsetako eta sortzeko lekua be bada baina Azkuna Zentroko sorkuntzearen eta esperimentazinoaren epizentroa Lantegia. Ideien Laborategia da. Lan-eremu bat, esperimentazino-tailer bat, hainbat tresnaren bidez etenbako barrikuntzea bermatzen dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu