Azken egunak Euskaraldian izena emoteko

Bizkaie! 2020-10-30 11:21   Euskerea berbagai

Orain arte ia 70.000 lagunek emon dabe izena.

Zemendiaren 19ra arteko epea dago ahobizi edo belarriprest rola aukeratu eta ariketa sozialean izena emoteko. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimenaren bigarren edizinoa zemendiaren 20tik abenduaren 4ra egingo da Gehiago, gehiagogaz, gehiagotan lemapean. Herritarrek euren hizkuntza ohituren gaineko hausnarketea egin eta ahobizi edo belarriprest rola hautatuta inertziak apurtu eta euskerearen erabileran pausuak emoteko gonbitea egin da bigarren edizinoan be.

Euskaraldia testuinguru berezian datorrela adierazo dabee antolatzaileek, COVID-19ak eragindako egoereak baldintzatuta. Halan da be, Euskaraldiaren helburua parte-hartzaileen hizkuntza ohituretan eragitea eta bakotxaren hartu-emon sareetan euskera gehiago erabiltea dala kontuan hartuta, antolatzaileek ariketan parte hartu deien animau ditue euskerea ulertzeko eta euskeraz berba egiteko kapaz diran herritarrak. Bakotxak bere inguruko hartu-emon sareetan (etxean, lanean, dendatan, lagunartean edo internet bidezko hartu-emonetan) hizkuntza praktikak aztertu eta euskera gehiago erabili eta ariketan parte hartzeko deia egin dabe sustatzaileek.

Irailaren 24an zabaldu zan Euskaraldian ahobizi edo belarriprest modura izena emoteko epea eta dagoeneko Euskal Herriko lurralde guztietako ia 70.000 herritarrek emon dabe izena. Izena emon dabenen artean % 20k lehen edizinoan ez eban parte hartu.

Izena emoteko hiru bide dagoz: euskaraldia.eus webgunearen bidez; herriz herri Euskaraldia batzordeak antolatzen dabizen informazino eta izen-emote guneetan; eta eskuko telefonoetarako (Android zein IOS sistemadun gailuetarako) sortu dan aplikazinoaren bidez


Izena emoteko deia

Ariketa soziala hasi arte falta diran hiru asteetan izena emoteko deia egin gura deutse Euskaraldiaren antolatzaileek herritarrei. Izena emotea ahalik eta arinen egitea be gomendatu dabe, ariketearen aurretik herriz herri egingo dan txapa banaketa behar bezela atondu ahal izateko.

Hiru dei egin gura izan ditue antolatzaileek: Euskaraldiaren lehen edizinoan parte hartu eben belarriprest eta ahobiziei, batetik, bigarren edizinoan be izena emotea garrantzitsua dalakoa (txapa banaketarako eta informazino zein formazinoa zabaltzeko) eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak egin eta errepetidutea beharrezkoa dalako.

Ariguneetan parte hartzen daben kide guztiei, bestetik; erakundeek izena emon daben arren, ariguneetako partaideek ahobizi edo belarriprest modura izena emon beharra dabela gogoratu da.

Aurreko edizinoan parte hartzerik izan ez ebenei, azkenik. Arrazoi ezbardinakaitik aurreko edizinoan parte hartu ez ebenei rola aukeratu, izena emon eta ariketea egiteko gonbitea luzatu deutse antolatzaileek. Ariketea egiteak merezidu dau, inguruan euskeraz berba egiteko uste baino aukera gehiago dagoalako eta, berba eginez, hizkuntza ohiturak aldatzea posible dalako.
Milaka lagun eta entitate antolaketa lanetan

Egoerea erraza izan ez arren, herriz herri lanean dabizen boluntario eta eragile sarea zabala da. Danetara, 421 udalerritan dabiz herri batzordeak antolaketa lanetan eta Euskaraldiaren sustatzaileek sare horretan parte hartzen dabizen milaka lagunen lana eskertu gura izan dabe.

Era berean, 6.737 erakundetan sortu diran 25.000tik gora ariguneen ahalegina be azpimarratu gura izan dabe Euskaraldiaren koordinazino mahaiko eragileek. Euskaraldian parte hartzeko izena emon daben erakunde horreek guztiek euren barruko zein kanpoko funtzionamenduan euskeraz berba egiteko, identifikau eta babesteko apustua egin dabe eta horrek oinarri garrantzitsua emongo deutse zemendiaren 20tik abenduaren 4ra Euskaraldian parte hartuko daben milaka ahobizi eta belarriprestei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu