'Erdaldunek euskerearen aurrean dituen hartu-emonak aldakorrak eta dinamikoak dira'

Bizkaie! 2020-10-30 10:35   Euskerea berbagai

Ikerketa kualitatiboa egin dabe Eizagirrek, Urrestarazuk eta Zubiriak.

Edurne Urrestarazu eta Enara Eizagirre. Ekhi Zubiriagaz batera egin dabe ikerlana. | Ikusi handiago | Argazki originala

Migrazino erdalduna herri euskaldunetan: euskerearen inguruko bizipenak eta eretxiak ikerlana aurkeztu dabe UEMAk eta ikerlanaren egileek, hedabideen aurrean egindako agerraldian. Bertan izan dira Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu, ikerlanaren egileetako bi, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeko buru Iraitz Lazkanogaz batera. Egileek nabarmendu dabenez, errealidade anitza da erdaldunak berbearen atzean dagoana. Euskerearen aurrean dituen hartu-emonak, barriz, aldakorrak eta dinamikoak dira, hainbat aldagarien arabera. Aldagai horreek aztertu ditue.

Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketea sustatzeko eta euskal soziolinguistikearen inguruko ezagutzak indartzeko Iñaki Arregi bekea sortu eban igaz UEMAk, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzearen babesari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, Kontseiluari eta UEUri esker.

Lehen deialdian, lan bi saritu zituan epaimahaiak. Batetik, Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiriak osotutako ikerketa-taldearena: Migrazino erdalduna herri euskaldunetan: euskerearen inguruko bizipenak eta eretxiak. Bestetik, Joseba Garmendia ekonomialariaren eta EHUko irakaslearen lana, tokiko garapen estrategien ingurukoa. Urtarrilean gai horren inguruan Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldia antolatuko dabe UEMAk eta beste hainbat erakundek eta jardunaldi horreetan aurkeztuko dabe Garmendiaren lana.

Egunotan aurkeztutako Migrazino erdalduna herri euskaldunetan lanean, udalerri euskaldunetara 2005tik heldutako eta jatorriz Euskal Herritik kanpokoak diran herritar erdaldunek euskerearen aurrean eta bizi diran herriaren aurrean zelako hartu-emonak, bizipenak eta eretxiak dituen jaso dabe ikerlariek, beti be euskerearen aurrean dituen beharrak, mugak eta aukerak identifikauta.

Etorri barriek euskerearen aurrean daben jarrerea ulertzeko hainbat faktore atzemon ditue egileek: hartu-emon sare trinkoak, umeak, beharraren aurreko espektatibak eta herrian gelditzeko asmoa. Aldagai horreek aldatu ahala, mobimentuak igarten dira hizkuntzearen aurreko jarreretan eta praktiketan. Etorri barriek euskereagaz dituen loturak, beraz, oso dinamikoak eta aldakorrak dira faktore horreen eraginpean dagoanean, bai euskerara hurreratzeko, baita euskeratik urruntzeko be.

Egindako ikerketa-gaia honakoa izan da: udalerri euskaldunetara 2005tik heldutako eta jatorriz Euskal Herritik kanpokoak diran herritar erdaldunek zelako lotura, bizipen eta eretxi dituen euskerearen eta bizi diran herriaren aurrean. Horretarako, euskerearen erabilera altua daben eta azken urteetan etorkin kopuru esanguratsua jaso daben 13 herritan egin dabe ikerketea: Azpeitia, Baztan, Berastegi, Dima, Etxarri-Aranatz, Igantzi, Ikaztegieta, Lekeitio, Mutriku, Muxika, Ondarroa, Oñati eta Orion. Udalerri euskaldunak dira danak eta horreetako gehienak baita arnasguneak be.

Metodologiari jagokonez, ikerketa kualitatiboa egin dabe Eizagirrek, Urrestarazuk eta Zubiriak eta erdaldunakaz izandako alkarrizketak dira ikerlanaren ardatza. Danetara, 23 elkarrizketa egin ditue udalerri euskaldunetan bizi diran jatorri ezbardineko 19 herritar erdaldunakaz. Euskerearen inguruan dituen bizipenak eta eretxiak batzeko, herrietara zelan heldu diran aztertu eta zelako gizarte-bizitzea daben be aztertu da, hartu-emon sareak, egunerokotasuna, bakotxaren ibilbide linguistikoa eta etorkizuneko planak ezagutzeko. Bestetik, euskerearen eta soziolinguistikearen inguruko lau aditu be alkarrizketatu ditue.

Ikerketa jagokon testuinguruan kokatzeko, hasieran, migrazino mobimentuen, udalerri euskaldunen eta arnasguneen inguruko marko teorikoa be landu dabe. UEMAko buru Iraitz Lazkanok nabarmendu dauenez, ikerlanaz gan, sarrera modura egundoko ekarpen teorikoa egin eta laburtu dabe migrazino mobimentuei, udalerri euskaldunei eta arnasguneei buruz. Zorroztasun akademikoz egindako lana da, baina era berean baita publiko orokorrari zabaltzeko moduan aurkeztutako eta idatzitako dibulgazino lana be.

Alkarrizketatu dituen 19 etorri barrietatik 12 emakumeak dira eta 7 gizonak. Jatorri zehatzak honakoak dira: Argentina, Dominikar Errepublikea, Espainia, Maroko, Nikaragua, Pakistan, Paraguai, Sardinia, Senegal eta Txina.

Horreekaz izandako alkarrizketen ondorioak laburtzea erraza ez dan arren, nagusienak behintzat nabarmendu ditu Enara Eizagirrek: Errealidade anitza da erdaldunak berbearen atzean dagoana, baita euskerearen ezagutzeari jagokonez be. Bestetik, hizkuntzearen gaitasuna dinamikoa da eta hor be aniztasun handia dago. Batzuk, esaterako, euskerea ikasten dabiz. Nabarmendu daben beste ondorioetako bat, jatorrizko hizkuntzak baino gehiago beste aldagai batzuek dabela eragina euskereagaz ditugun hartu-emonetan. Aldagai horreek aitatzen hasita, herrian sortzen dituen hartu-emon sareak, umeak, lanaren aurreko aukerak eta etorkizunean herrian gelditzeko edota herritik alde egiteko asmoa zehaztu ditue. Aldagai horreek aldatu ahala, mobimentuak atzemoten dira hizkuntzearen aurreko jarreretan eta praktiketan: Etorri barriek euskeragaz dituen hartu-emonak, beraz, oso dinamikoak eta aldakorra dira faktore horreen eraginpean dagoanean, bai euskerara hurreratzeko, baita euskeratik urruntzeko be.

Irakurri ikerketa lana osorik hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu