Bizkaiko Batzar Nagusiek Euskaraldia babestuko dabe
2020-10-30 09:42 Euskerea berbagaiLau arigune osotu dira erakundearen barruan.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak babesa emon deutso euskerea bultzatzeko zemendiaren 20tik abenduaren 4ra egitekoa dan Euskaraldiari eta horregaitik 4 arigune osotu dira erakundearen barruan: Bilboko administrazino egoitzea, Gernikako Batzar Etxea, Abellanedako Batzar Etxea —Enkarterri Museoagaz batera— eta Bizkaiko Batzar Nagusietako kide diran alderdi politikoetako batzarkideak. Lau arigune horreek euskeraz jardungo dabe % 100ean, Bizkaiko Batzar Nagusiak osotzen dituen beharginen eta politikarien (danetara, 70 persona baino gehiago) inplikazinoari esker.
Joan dan eguaztenean, Osoko Batzarra amaitzean, Ana Otaudi Biteri Batzar Nagusietako Lehendakariak, Unai Rementeria Maiz Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta ganerako batzarkideek bat egin eben euskerearen aldeko ekimen horregaz eta deia egin eutseen herritar guztiei Gehiago, gehiagogaz, gehiagotan goiburuko bigarren edizino honetan parte hartzeko.
Bizkaiko Batzar Nagusiek herritarrak animau gura ditue, Ahobizi edo Belarriprest moduan, euskeraz bizi eta hizkuntzearen inguruko ohiturak aldatu deiezan, euskerea geure inguruan normalizetako.
Aurten Euskaraldiaren bigarren edizinoan, helburu nagusia da euskerea ulertzen dabenen artean euskerearen erabilerea handitzea, gizarteko eremu guztietara zabalduz eta herritarren artean hizkuntzearen inguruko ohiturak aldatzea, euskerea gehiago erabiliz, bai beharrean, bai eguneroko ganerako jarduera guztietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!