Thinking, Letrak eta Futbola Jaialdia hemen da
2020-10-29 11:48 KirolaEstreinaldia, zemendiaren 9an izango da, Aritz Adurizen ibilbidea kontetan dauen Six Dreams dokumentalagaz.
Jon Vázquez Eguskiza, Athletic Club Fundazinoko Zuzendari Nagusia, Gorka Martínez, BBK-ko Zuzendari Nagusia, Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Arloko zinegotzia eta Galder Reguera, Fundazinoko Proiektuen arduraduna, San Mamesen egon dira bart eta Thinking, Letrak eta Futbola izeneko jaialdia aurkeztu dabe. Pandemia dala eta, Athletic Club Fundazinoak Thinking Football Film Festival jaialdia eta Letrak eta Futbola ekimena buztartzea erabagi dau: Zinemea, literatur topaketea eta futbol kulturaz betetako astea izango dogu. Sartzea doban izango da, baina aldez aurretik erreserbea egin behar da BBK Aretoan eta San Mamesen, zemendiaren 9tik 14ra.
Estreinaldia Aritz Adurizegaz
Jaialdia BBK Salan hasiko da, Six Dreams dokumental bereziaren proiekzinoagaz. Aritz Adurizek Athletic Club taldean emondako azken urteari buruzkoa da dokumentala eta saio honetan baino ez da ikusgai egongo. Zemendiaren 9an izango da, astelehenean, 19:00etan, COVID-19aren kontrako segurtasun-neurri guztiak betez. Dokumentalaren ostean, jokalari zuri-gorri mitiko hori Jon Maiagaz ibiliko da barriketan. Aurretik, 2019ko Thinking Football Film Jaialdiko film irabazlearen saria entregauko da.
John Carlin, Howard Kendall, Karmele Jaio…
Thinking, Letrak eta Futbola Jaialdi barrian zinemea eta literaturearen arloko hainbat saio berezi izango dira, besteak beste, John Carlin eta Ander Izagirreren arteko alkarrizketea, Carlinek berak zuzendutako This is Football seriearen lehen kapituluaren proiekzinoaren ostean. Zemendiaren 10ean izango da hori, San Mamesen. Hurrengo egunean Howard Kendallen figurea izango da protagonista, hain maitatua eta omendua izan dana, Howard’s Way dokumentalaren proiekzinoagaz. Euskadi Literatur Saria irabazi barri dauen Karmele Jaio, Amets Arzallus eta Igor Elortzagaz barriketan izango da eguenean eta, barikuan, José Ignacio Carnero eta Carlos Zanónen txandea izango da. Azkenik, jaialdiari amaierea emoteko, honako dokumentalak emongo ditue San Mamesen: Buscando a Panzeri, argentinar kazetari mitikoari buruzkoa, eta Vatreni, Kroaziako selekzinoak 98an lortutako garaipen historikoari buruzkoa, momentu horretan gerra zibila eta Kroaziaren independentzia prozesua pil-pilean egozan eta.
2020an, jaialdiaren webgunean podcast atal bat jarriko da. Bertan, jaialdiak babestutako bost podcast jarriko dira eta horreen bidez, futbolak musikeagaz, zinemeagaz, literatureagaz zein kultureagaz dituan hartu-emonak aztertuko dira.
Williams izatea, Athletic Irakurteta Kluba eta irakurLE-ON
Urtero legez, Fundazinoak liburu berezi bat argitaratuko dau, jaialdia dala eta. Aurten Williams izatea izenburua dauka eta Igor Porset Domingok idatzi dau, Athletic Club Genuine taldeko jokalariak. Irakurketa errazaren ereduari jarraitu deutso eta Jose Mari Isasiren laguntzea izan dau. Igor, egilea, Williamsen Sindromeagaz jaio zan eta liburu honetan bere bizitzako pasarte gogoangarriak kontau ditu, umea zanetik gaur artekoak. Athletic taldeari buruzko eta bestelako gai batzuen gaineko ikuspegi bereziak jaso ditu, besteak beste, familia, musikea, laguntasuna edota futbolari buruzkoak. Laster hasiko da Athletic Irakurketa Kluba be eta horretan, Athletic Clubeko jokalariek liburuei buruz berba egiten dabe zaleakaz.
Bestalde, irakurLE-ON kanpainako posterrak ikastetxeetara heltzen hasi dira dagoeneko.
Sarrerak urriaren 29tik aurrera
Urtero legez, sartzea doban da. Fundazinoak sistema operatibo bat jarri dau martxan urriaren 29tik aurrera, sarrerea www.thinkingletrasyfutbol.com webgunearen bidez erreserbau ahal izateko. Sistema honen bidez, sarrerea QR kode bategaz helduko da posta elektronikora. BBK Aretoaren eta San Mamesen heren bateko mugea izango dau aforoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!