Janire Gonzalez-Etxabarri Basque Teameko surflaria, Munduko txapeldun
2025-09-15 07:40 KirolaZumaiarrak 14.57ko puntuazinoagaz irabazi dau Munduko Txapelketea.
Janire Gonzalez-Etxabarrik ISA-World Surfing Games txapelketan irabazi dau La Bocanan jokatutako finalean sartu eta lehen postuan amaitu baitau, Sally Fitzgibbons australiarraren mailako beste surflari batzuen aurretik. Zumaiarra nazinoartean erreferente da.
Janirek indartsu ekin eutson bere bigarren Munduko Txapelketa absolutuari, lehen kanporaketan lehenengoa izan zalarik, Rafaella Montesi txiletarra, Kellyani Flores venezuelarra eta Blanka Sebestyen hungariarra erraz gaindituz eta 8.00 puntugaz eguneko notarik onenetakoa lortuz. Bigarren kanporaketan, 14.10eko azken notea lortu eban Julissa Garcia salvadortarrak (9.37), Nilbie Blancada filipinarrak (8.00) eta Catherine Bruhwiler kanadarrak (4.34) lortutakoen. Apur bat gehiago kostau jakon hirugarren kanporaketea gainditzea baina azkenean bigarren postuan egin eban aurrera, Sol Aguirre perutarraren atzetik eta Zoie Zietz holandarra eta Genesis Borja ekuadortarra txapelketatik kanpo itxita.
Laugarren kanporaketan Janire eta Nadia Erostarberen arteko euskal norgehiagokan zumaiarrak irabazi eban. Txandako irabazlea Yolanda Sequeira portugaldarra izan zan 13.17ko puntuazinoagaz, Gonzalez-Etxabarri 12.67gaz, Nadia Erostarbe 12.60gaz eta Sophia Medina brasildarra 9.67gaz. Janirek aurrera egin eban Munduko Txapelketako lehiaketa nagusian, nahiz eta hurrengo kanporaketan ezinezkoa izan jakon irabaztea. Sally Fitzgibbons ahalguztidunak eskuratu eban seriea eta atzean Ellie Harrison herrikidea geratu zan. Janire hirugarren eta Nanaho Tsuzuki japoniarra laugarrenean geratu ziran.
Janirek aurrera egin behar izan dau Munduko Txapelketan, errepeskearen bidetik, ISAko Munduko txapelketetan surflariei bigarren aukerea emoten deutsen lehiaketa paraleloaren bidetik. Zumaiakoa ez da kikildu lehiaketa nagusitik kanpo geratu danean. Errepeskan zuzenean sartu zan 8. kanporaketan eta lider nagusia izan zan Sol Aguirre eta Laura Raupp brasildarraren aurretik amaituta. Hurrengo kanporaketan be Janire izan zan onena eta Nanaho Tsuzuki, Sol Aguirre eta Eden Walla estadubatuarrari irabazi eutsen. Holan, Basque Teameko kirolariak errepeskako azken kanporaketarako sailkatuta amaitu eban txanda hori gainditu ezkero Munduko Txapelketako final handian sartuko zala jakinda. Sally Fitzgibbons beteranoa izan da onena barriro be eta bigarren postua lortzeko lehia Ellie Harrison eta Janire Gonzalez-Etxabarriren artean erabagi da. Australiarrak olatu bat hartu dau txandako azken momentuaan eta Janirek nota horri itxaron behar izan deutso finalean egongo zan ala ez jakiteko. Halan da be, gipuzkoarra alde handiagaz igaro da finalera azkenean.
Finalean, Fitzgibbons australiarra, Arena Rodriguez perutarra eta Yolanda Sequeira portugaldarra izan ditu aurkari. Janire oso sendo hasi da, lehen kolpeak emonez, 7.50 eta 7.07ko olatuak hartuta. Txandako buruan jarri da hiru minutu igaro ondoren, eta inork ez deutso lidergoa kendu. Zumaiarrak 14.57ko puntuazinoagaz irabazi dau Munduko Txapelketea, Sequeira (13.57), Fitzgibbons (13.57) eta Rodriguez (8.53) atzean itxita. Sinistu ezinik, besarkada hunkigarria emon deutso Annette ahizteari uretatik urten dauenean.
Janire Gonzalez-Etxabarriren ibilbidea bikaina da; 20 urteko surflaria, maila baxuagoetan hainbat aldiz saritua, eten barik lehiatu da Challenger Serieetan 2024an eta 2025ean. Qualifying Serieetako zirkuituan aurten hiru bigarren postu egin ditu (Taghazout Bay, Lacanau Pro, Broadmasters Open), bosgarren postu bat (Ballito Open) eta zazpigarren bat (ABANCA Pantin Classic). 2024an bere lehen ISA Munduko Txapelketa absolutua jokatu eta 15. postuan amaitu eban bere lehen Joko Olinpikoak jokatzeko txartela lortuz. Parisko Jokoetan, Tahitiko Teahupo 'o olatu bildurgarrian, 17. postuan amaitu eban.
Janirez gan, beste lau euskaldun lehiatu dira ISA Munduko Txapelketan. Nadia Erostarbe eta Annette Gonzalez-Etxabarri errepeskako edo bigarren aukerako 7. kanporaketaraino heldu dira, Ruben Vitoria 11.era eta Yago Dominguez 4.era.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!