Aitor Francesenak seigarren aldiz irabazi dau Munduko Txapelketea

Bizkaie! 2025-09-08 11:27   Kirola

AEBetako Openean nagusitu eta gero.

Aitor Francesena. | Ikusi handiago | Argazki originala

Aitor Francesenak, Basque Team Fundazinoaren bekea dauen kirolariak, seigarren aldiz irabazi dau munduko titulua, Kaliforniako Oceanside kaian jokatutako visual impairment kategorian onena izan ondoren. Zarauztarra Steve Fox eta Kirk Watson australiarrak eta Thomas Da Silva frantziarra baino hobea izan da.

Aurton AASPren (Association of Adaptive Surfing Profesionals) zirkuituan hiru proba izan dira. Lehenengoa Byron Bayn jokatu zan, Australian, martiaren 23tik 30era, eta horretan Gallo izan zan irabazle. Bigarrena Waikikin (Hawai) egin eben maiatzaren 15etik 19ra eta bertan Francesena bigarren izan zan. Azken hitzordua Oceansiden izan da, Estadu Batuetan, irailaren 4tik 7ra bitartean, eta gipuzkoarrak haren nagusitasuna erakutsi dau barriro, Munduko Txapelketean 680 puntu lortuz.

AASPren helburua da nazinoarteko surf egokituaren zirkuitu profesionala sortu eta eustea. AASP surf profesional egokituaren eta munduko sailkapenaren nazinoarteko erakunde-gidaria da. Surfeko, kiroletako eta medikuntzako enpresa nagusien eta erakunde korporatibo handien laguntzeagaz, haren asmoa da kirola plataforma profesionalera eroatea eta atleta egokituei surflari egokitu profesional bihurtzeko helburua lortzen laguntzea. Surf Egokituaren Profesionalen Alkartearen Urteroko Txapelketako irabazlea puntu gehien lortu dituan surflaria da, zirkuituko ekitaldi guztiak kontuan hartuz.

Guztira, Aitor Francesena sei aldiz izan da Munduko txapeldun. Historian garaipen gehien izandako surflaria, Kelly Slater estatubatuarra da. Halanda ze, hamaika aldiz irabazi dau Munduko Txapelketea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu