Valverdek, Muniainek, De Marcosek eta Balenziagak 'Athletic Club Gabarra' aurkeztu dabe
2025-09-11 09:49 Kirola25. Kopako denboraldia ospatzeko edizino mugatua da.

Athletic Club Gabarra aurkezteko ekitaldiak – liburu bat baino askoz gehiago – 400 lagun inguru batu ditu San Mamesen. Ernesto Valverdek, Iker Muniainek, Oscar de Marcosek eta Mikel Balenziagak berba egin dabe obra esklusibo honen lau zatietako bakotxari buruz – Lurra, Airea, Sua eta Ura –, eta laurak alkarregaz Gabarraren ospakizun historikoagaz amaitutako bidaia ahaztezina ospatu.
Ikusleen artean, gizonezkoen lehen taldeaz gan, athleticzale familiako arpegi ezagun ugari egon dira, tituluaren atarian geratu ziran jokalari ohiak (Susaeta, Gurpegui, Beñat, Orbaiz, Ezkieta...) eta Kopako txapeldunak, Raul Garcia edo Asier Villalibre, besteak beste. Klubeko ordezkari Jose Angel Iribar, Zuzendaritza-Batzordeko kideak –Jon Ruigomez, Jon Salinas, Xabier Alvarez, Guillermo Ruiz-Longarte, Ibon Naberan, Igor San Roman, Goizalde Santamarina, Garazi Unibaso, Ignacio Urigüen eta Josetxu Urrutia– eta Patronatuko kideak –Pilar Kaltzada, Begoña Ortuondo, Amaia Jugo, Jon Recacoechea eta Alicia Vivanco– izan dira.
Agintarien artean, Juan Mari Aburto alkatea, Itxaso Erroteta zinegotzia eta Leixuri Arrizabalaga diputadua, Carlos Sergio Kirol zuzendariagaz batera. Kutxabank eta BBK Fundazinoaren aldetik, Gorka Martinez eta Nora Sarasola izan dira, baita Athletic Club eta Fundazinoaren babesle eta laguntzaile diran enpresetako ordezkariak be.
Era berean, La Gabarraren ospakizuna posible egin eben erakundeetako ordezkariek be ez dabe huts egin –Abrako Real Club Maritimo, Club Deportivo, Bilboko Portua, Alse Servicios, Capitanía Marítima, Itsasmuseum....
Azken batean, familia-bilerea izan, edozein athleticzalek izan edo oparitu nahi leuken balio emozional ikaragarria dauen objektu ederra, ez bakarrik mugarri garrantzitsu bat gogoratu eta berpizteko aukerea emoten dauelako, kidetasun esangurea aldi berean zeozer fisiko eta sinboliko bihurtzen dauelako. Bere burua identifiketako eta harro sentiduteko moduko obrea, belaunaldiz belaunaldi etxeetan iraungo dauena.
Athletic Club Gabarra liburuaren aurkezpenean –Cris Garcia eta Galder Regueraren eskutik –, Ernesto Valverdek, Iker Muniainek, Oscar de Marcosek eta Mikel Balenziagak 25. Kopako denporaldian jazotako pasadizo oso interesgarriak kontau ditue eta, era batera edo bestera, liburuan islatzen dira.
Balenziagak autortu egin dau La Cartujaren garaipenak zale moduan eragin eutson poza, baina, aldi berean, jokatu zituan finaletako bat be ez irabazteagaitik untzetuta geratu jakon arantzea.
Valverdek taldearen mentalidade lehiakorra goraipatu dau eta Muniainek, adibidez, Briseño Oilaskoaren istorioa gogoratu dau. Briseñoren elastikoa zortearen kutuna eta taldeko artzaina izan zan txapelketa osoan zehar.
Penaltietan bizitako tensinoa gogoratu dau De Marcosek, baina garaipenagaz konbentziduta egoala autortuta.
Aurkezpenaren amaieran, denporaldiko momentu bakar bategaz geratzeko eskatu jake protagonistei. Mikelek garaipenaren biharamuna gogoratu dau, De Marcosen deia jaso eta alkarregaz hunkitu ziranean.
Bestalde, Oscar partidua amaitu ondoren familiagaz topau zaneko momentua aueratu dau, aurretik hainbeste sufridu daben personakaz konpartidu zoriontasun sensazinoagaz.
Ikerrek Berenguerren gol erabagigarriaren ondorengo momentua aukeratu dau, ate aldera korrika urten eta bide erdian geldituz, lurrean botata eta, orduan, De Marcosen, bere betiko lagunaren besarkadea.
Ernestok penaltiak bota aurretik danak batzen diran momentua aukeratu dau, erabat kontzentrauta, tensinoagaz eta bildurragaz, baina batuta, baita talde teknikoa be.
Eskuratu liburua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!