La Vueltaren 11. etapeari hasierea emon deutse

Bizkaie! 2025-09-03 14:34   Kirola

Gainera, Jesus Loroñori autortzea egin deutse.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea 2025eko La Vueltaren inaugurazino-ekitaldiko protagonista izan dira gaur, hamaikagarren etapeari hasierea emon deutson zinta moztu date-eta. Jesus Loroño txirrindulariari zuzendutako sinbolismoz beteriko keinu batean, Ahaldun Nagusiak eta Alkateak zinta zati bat eskaini deutse Idoia eta Josu Loroñori, 1957ko La Vueltaren irabazle eta autortutako txirrindulari bizkaitarraren seme-alabei; izan be, aurton 100 urte bete dira hura jaio zanetik.

Javier Guillén, La Vueltako Zuzendari Nagusia, be izan da etapearen hasierea baino minutu batzuk lehenago egindako ekitaldian. Etapa 13:30ean abiatu da San Mames estadioaren ingurutik (Luis Briñas kalea 3). Txirrindulariak Bizkaiko uriburura helduko dira 17:20-17:41 inguruan: Euskalduna zubitik sartuko dira eta helmugea Kale Nagusiko 55. zenbakian izango da.

La Vuelta junior

15:30etik aurrera, Bizkaiko txirrindularitza klubetako zortzi eta hamalau urte bitarteko hirurogei umek, La Vuelta Junior lasterketan hartuko dabe parte, lasterketa profesionalaren azken kilometroa eginez.

Lasterketa amaitutakoan Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotzi Kontxi Claverrek eta Bizkaiko Kiroleko Zuzendari Nagusi Carlos Sergio Achoteguik parte hartuko dabe ume guztiei sariak banatzeko ekitaldian.

Bilbok Mas Bici zigilua jaso dau

Bilbok eta Bizkaiak atontzen daben hamaikagarren etapearen amaieran, La Vueltak Más Bici izeneko errekonozimendua emongo deutso Bilbori, La Vuelta es Más programearen barruan. Zigilu hori bizikletearen eguneroko erabilereagaz konprometiduta dagozen egoitzei zuzendutako bereizgarria da. La Vueltak sortutako kalidade-zigilu hori txirrindularitzako mobikortasunaren arloko adituekaz batera sortu da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu