Aste Nagusia XXVII. Hiri Krosa barikuan izango da
2025-08-19 10:14 KirolaProbea Epaltzaren Alarguna kaletik hasiko da.

Aste Nagusia XXVII. Hiri Krosa abuztuaren 22an izango da, barikua, 17:00etatik aurrera. Hiri Krosa Bilbon egiten dan proba herrikoi eta federatua da. Aurton, 27. edizinoa egingo da; lehenengoa, 1997an hasi zan.
Euskal atletismoko eta nazinoarteko eliteko atletak izan dira irabazle, esaterako: Asier Zarraga, Rakel Llamas, Martin Fiz, Yesenia Centeno, Sergio Sanchez, Estibaliz Urrutia, Txomin Martin, Virginia Berasategui, Javi Conde, Cristina Petite, Diego Cuadrado, Brahane Ragassa, Ivan Fernandez, Aicha Bani...
Hamazortzi urtetik gorakoen urteera (kategoria absolutua) 18:25etik aurrera egingo da (6 km). Proba hori Epaltzaren Alarguna kaletik hasiko da, eta ondoko lekuetatik pasauko da: Arenala, Arenaleko zubia, Erripa, Uribitarte pasealekua, Guggenheim Museoa eta Euskalduna Jauregia. Itsas Museoan bueltea emongo dau Epaltzaren Alarguna kalean kokatutako helmugan amaitu arte.
Gainerako kategorietako urteerak eta amaierak Epaltzaren Alarguna kaletik egingo dira. Ibilbidea Arenaleko jai-esparruan egingo da. Kategoria horreetan, txikienek (0-18 urte bitartean) eta Gurpildun Aulkiko Kirol Egokitutako personek be egingo dabe korrika.
2024ko edizinoko azken irabazleak Diego Cuadrado (Santander) eta Andrea Mediero (Portugalete) atletak izan ziran. Probearen markea Diego Cuadrado atleta kantabriarrak hautsi eban 2022an, 18'04 "-ko erlojupekoagaz. Irene Lozano Abadiñoko atletak, barriz, 20'29ko erlojupekoa ezarri eban 2018an.
Kategoria guztiak kontuan hartuta, 2.000 korrikalari inguruk parte-hartzea espero dabe. Aurreko edizinoetan lez, kategoria absolutuko lasterketak (18 urtetik gorakoak) dorsal txipea izango dau. Aurton Bilbao Artizarrak emakumezkoen taldeko 15 futbolarik eta Mikel Calahorra triatletak parte hartuko dabe (Hawaiiko bost ironman edizinotan hartu dau parte, 2009an, 2011n, 2014an, 2016an eta 2017an).
Dorsalak probearen egunean bertan jaso ahal izango dira, 11:00etatik 15:00etara, Arenaleko aterpean (Pinpilinpauxako txosnen ondoan) edota eguenean, hilak 22, Zabalbide kaleko 5 zenbakiko lokalean, 11:00etatik 13:00etara.
Proba amaitzen daben atleta guztiek Bilboko Konpartsen kamisetea eta hornidurea jasoko dabe.
Francis Diez pregoilariak eta Olatz Agirre txupinerak banatuko ditue sariak, 19:30etik aurrera, Arenaleko aterpean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!