24 euskal moztaile eta nazinoarteko 42 lehian irailaren 27an, Abadiñoko probalekuan
2025-09-18 09:43 KirolaEuskal Herriko eta Nazinoarteko Ardi Moztaileen Txapelketak jokatuko dira.

I. Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketea irailaren 27an izango da Abadiñoko probalekuan eta 24 euskal moztaile eta kanpotik etorritako 42 lehiatuko dira. Golden Shears Munduko Kontseiluak, aho batez onartu eban Euskal Herriari veste herrialdeakaz batera lehiatzeko aukerea emotea, besteen artean, Espainiak eta Frantziak.
Euskal Herriko selekzinoa Euskal Herriko zazpi probintzietako ardi moztaileez osotuta egongo da eta nazinoarteko zirkuituan zein hiru urtetik behin egiten dan munduko txapelketan parte hartu ahal izango dau Euskal Herria-Basque Country bezela. Ardi moztaileontzat ohorea da gure herria ordezkatzea: gure baloreen, gure nortasunaren, gure identidadearen erakusleiho izatea.
Nazinoarteko moztaile ibiliko dira lehian Euskal Ardi Moztaileen Alkarteak (EAME) atondutako Euskal Herriko eta Nazinoarteko Ardi Moztaileen Txapelketetan. Euskal Herriko, Eskoziako, Irlandako, Galesko, Ingalaterrako, Espainiako, Frantziako, Kolonbiako, Alemaniako, Kataluniako, Norvegiako eta Uruguaiko moztaileak batuko ditu txapelketeak.
Euskal Herria munduko txapelketan bertoko bederatzi lagunek parte hartuko dabe, makinaz ibiliko dira bi, guraizez beste bi, artile kudeatzaile bik, talde buruak, epaileak eta entrenatzaileak.
Egun osoko egitarau oparoa atondu dabe goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara, lagun artean zein familian gozetako aukera parebakoa Abadiñora gerturatzen diran guztientzat.
Goizean hasiko dira lehiak. Goizaren lehen zatian, eguerdira bitarte, 8:30etik 13:30era, Euskal Herriko Txapelketan eta Nazioartekoan kanporaketak jokatuko dira, makinaz zein artaziz. Arratsaldean, barriz, 15:00etatik aurrera finalerdiak eta finalak jokatuko dira. Euskal Herriko Txapelduna eta Nazinoarteko Txapelketako selekzino irabazlea nortzuk izan diran jakingo dogu arratsaldearen amaieran. Egun osoan zehar ardi eta artile produktuen artisau-azokea egongo da probalekuaren kanpoko aldean. Probalekuaren atzeko aldean, Herbehereetatik datorren Veno enpresak, Te Pare Racewell manga modernoaren erakustaldia egingo dau.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!