Zemendiaren 5ean hasiko da 30. Bertsoaroa

Bizkaie! 2020-10-28 08:44   Bertsolaritzea

Bertsoa uriburuan sustatzeko asmoz, zazpi saio izango dira, bertsolaritzearen aniztasunaren erakusgarri.

Azken 29 urteetan legez, aurten be atondu dabe zikloa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Alkarteak, alkarlanean. Bertsoa uriburuan sustatzeko asmoz, zazpi saio izango dira, bertsolaritzearen aniztasunaren erakusgarri. Pandemiaren eraginez, aforo mugatuetan egingo dira saioak, eta osasun prebentzinorako neurri guztiak beteta.

1991an hasitako bideari pausu barri bat jarriko jako laster, hogeitamargarrena, hain zuzen be. Pandemiak pandemia, izan be, zikloari ekiteko gogotsu dagoz aurten be Iruñeko Udala eta Nafarroako Bertsozale Alkartea. Zemendiaren 5ean hasi eta 26ra arte 17 saio izango dira.

Zemendiaren 5ean, efemeridea gogorarazoko dauen jaialdi berezi bat izango da, izan be, oholtza gainean izango dira 1991ko lehen Bertsoaroa haretan kantuan ibilitako bertsolari bi, gaur egungo nafar bertsolari gazte bigaz batera, ordukoaz eta oraingoaz alkarrizketan. Gai-jartzaile, barriz, lehen jaialdi haretan ibilitako Mikel Taberna eta azken urteetako Bertsoaroan hainbatetan ibilitako Alaitz Rekondo izango dira. Lau eskutara diseinau dabe saioa.

Zemendiaren 10ean, Koplariak koplari izeneko berbaldi musikatua eskainiko dabe Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek. Amurizak azken hamarkadetan batu eta sortutako koplak hartuko ditu oinarri, entzuleei koplek herri musikan izan daben eragina azaltzeko. Agus Barandiaranek (Korrontzi taldea) trikiagaz lagunduko dau kontakizuna, eta biek kantuan entzuteko aukerea be izango da.

Biharamunean, zemendiaren 11an, gazteen bertso saioa izango da. Bertsoaroan ohiko hitzordua da gazteena eta, aurten be, bertsolaritzearen belaunaldi barriak bultzatzeari eutsiko deutso zikloak. Esangura horretan, Katakrak-en azalduko da lehenengo aldiz Bertsoaroa, bertsolari zein entzule gazteei espazio atsegin eta hurrekoa eskaintzeko asmoz.

Bertso saio berezia izango da Orainmenean. Bertsolaritzaren genealogia feministak izenekoa, zemendiaren 17an egingo dana. Igaz Lanku Bekea eskuratueban proiektuak eta bertsolaritzearen historia berridazteko eta berrirakurteko asmoa dau. Hain zuzen be, emakume bertsolarien historia lehen lerrora ekarriko dau saioak.

Umeentzako programazinoak be izango da aurten: Zemendiaren 21ean, Bertso jasa, bat-bateko olgeta izeneko tailerra izango da Mendillorriko Civivoxean. Umeak, olgeta eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proponiduten joango dira eta horreei erantzunez saioa eskainiko deutse bertsolariek.

Haatik konpainiaren Errimak bi oinetan saioak jantzak ekarriko ditu aurtengo Bertsoaroara, zemendiaren 24an. Konpainiak bertsolaritzearen soinua mobimentu garaikide bihurtu dau eta atzoko eta gaurko hainbat bertsolariren errimak erabiliz, ikuskizuna eskainiko dabe bost jantzarik.

Zemendiaren 26an amaituko da Bertsoaroa eta beste bertso jaialdi batek zarratuko dau zikloa.


Bertsolaritzea, erantzukizunez

Pandemia egoerearen ondorioz indarrean dagozan neurri guztiak bermatuta atonduko da zikloa. Aforoak mugatuta egingo dira saioak eta hori beteteko hainbat prozedura zehaztu dira. Nafarroako Antzerki Eskolan egingo diran hiru saioetarako gonbidapenak saioen egunean bertan emongo ditue, 17:30etik aurrera eta amaitu arte (personako gonbidapen bi hartu ahal izango dira gehienez). Kondestablen egingo diran saio bietan, ordu erdi lehenago edegiko ditue ateak, aforoa bete arte. Azkenik, Katakrak-en egingo dan saiorako, bai eta umeen tailerrerako, izena emon beharko da aurretik, nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatzita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu