Abesbatzen munduak gizarte, kultura eta egitura-aldaketak gogoan hartu behar ditu

Bizkaie! 2020-10-28 08:28   Musikea

Koral bat komunidade baten aberastasun kulturalaren adierazle nagusietako bat da.

Bilbao 700 Fundazinoak eta Sabino Arana Fundazinoak euskal kulturearen memoriaren arloan urtero-urtero antolatzen dituen jardunaldien artean, abesbatzen mobimentua aztertu da orain: ezelako duda barik, mugarri loriatsuz betetako historia dauen adierazpen artistikoa da koralena eta haren alderdi on guztiak hartu behar ditugu horren etorkizun distiratsua sortzeko aurrerantzean adierazo dau Mireia Zarate Sabino Arana Fundazinoaren presidenteak. Jentaurrean, Ana Madariaga, Bilbao Musikako zuzendari-kudeatzailea izan da.

Euskal Abesbatzen Mobimentua: memoria eta erronkak lemapean, Bilboko Koral Alkarteko kudeatzaile Iñigo Alberdik gidatutako mintegi honetan, ondokoek parte hartu dabe hizlari: Pello Leiñena, ERESBIL –Musikearen Euskal Artxiboa− erakundearen zuzendaria; Ana Berrizbeitia, UPV-EHUkoAbesbatzaren presidentea; Valentín Atxotegi, Leioako Musika Eskolako zuzendari ohia; eta David Azurza, musikagilea eta Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazinoaren koordinatzailea. Era berean, euskal abesbatzen mobimentuko eta kulturearen arloko hogei bat ordezkarik be parte hartu dabe ekitaldian.

Lehen esaten zan hiru euskaldun batuta orfeoia osotzen ebela. Taldean abestea euskaldunoi barrutik jatorkun kontua izan da beti. Eta hori ez da desagertu. Koru edo abesbatz handiak ditugu. Donostiako Orfeoia, Iruñekoa, Tolosakoa eta Bilboko Koral Alkartearena adibide argiak dira. Alabaina, gauzak aldatu egin dira. Eleizak hutsitu dira eta eleizkizunen batera joaten garenean, askotan, ez ditugu abestiak ezagutzen, ez da lehen moduan tabernetan ibilten... Musikearen arrimuan gagoz eta leku guztietan, baina, gehienetan, ez da gure musikea kantau, San Mamesen be ez dogu kantetan dagoeneko adierazo dau Zaratek.

Sabino Arana Fundazinoko presidentearen aburuz, geure burua berrasmau behar dogu, lehengo koralista loriatsua baitogu eta horren alderdi on guztiak geureganatu behar ditugu horren etorkizun distiratsua izateko, Voltairek esandako esaldiak indarrean jarraitu daian: euskaldunena
Pirinioetako bi aldeetan abesten eta jantzan egiten dauen herria da.

Beste alde batetik, Ana Madariagak azpimarratu dauenez, gizartearen aurrerabidea, garapena eta eraldaketea ezin dira ulertu ikuspegi kulturalik barik eta, esangura horretan, koral bat komunidade baten aberastasun kulturalaren adierazle nagusietako bat da. Kalidadeko kulturearen eta lekuko kultura-eragileen aldeko apustua egiten dauen herrialdea gara, adierazo dau Madariagak: Abesbatzak, beste musika-eragile batzuk bezela, gure herrialdeko oinarrizko aktiboak dira eta, beraz, horreen alde egin behar da, azpimarratu dau Bilbao Musikako zuzendari-kudeatzaileak.

Hurrengo berbaldian, Pello Leiñena Eresbileko zuzendariak azaldu dauenez, euskal abesbatzen arloan, federazinoaren jarduerea erregimen frankistearen ostean normalizau zan: 1979an, Bizkaiko Koralen Federazinoak aurkeztutako lehen estatutuen ondoren, beste lurralde batzuetako erakundeak normalizetako jarduerak etorri ziran, gogorarazo dau Leiñenak. Lehenago, 1969. urtean, Abesbatzen lehen lehiaketea egin eben Tolosan, Kataluniako Federazinoa eta A Coeur Joie alkartea eredutzat hartuta. Ekimen hori euskal abesbatzen federazinoaren oinarriak finkatzeko topagunea izan zan. Leiñenak beste mugarri batzuk be azpimarratu ditu, besteak beste, Euskal Herriko Federazinoa eratzeko Batzarra (1983ko urtarrilaren 15a), “inflexio-puntua izan baitzan hainbat jarduera jorratzeko, abesbatzen zuzendaritza-ikastaroak, abesbatzen topaldiak, Kantuz aldizkariaren argitalpena eta gure konpositoreek abesbatzen lan barrien argitalpena.

Bestalde, David Azurza Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazinoko koordinatzaileak azaldu dauenez, abesbatzen mundua egungo gizarte, kultura eta egitura-aldaketak gogoan hartzen dago: Paradigmearen aldaketa handia dago gaur egun abesbatzen jardunbidean, helburuetan eta ikuspegian eta molde barriak ia-ia ez dauka zerikusirik XIX. eta XX. mendeetako abesbatzen izakereari eta lan egiteko moduari erreparetan badeutsagu, azpimarratu dau.

Ana Berrizbeitia EHUko abesbatzako presidente eta Eleizbarrutiko Teologia Institutuko irakasleak hondoratuko ez bagara, indarrak batu behar ditugu azpimarratu dau.

Azkenik, Valentín Atxotegi Leioako Musika Eskolako zuzendari ohi eta Leioako Kantika Koralaren kudeatzaileak Leioako abesbatzaren egungo proiektua eta etorkizuneko aukerak aztertu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu