Eskola Hiztun Bila, euskal kulturea eta honen sustapena ardatz
2020-10-27 08:21 KultureaEuskereak hiztun aktibo eta proaktiboak behar ditu.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Lucia Torrealday Hezkuntza Barriztatzeko zuzendariak, hasierea emon deutse goizez XXIV. Eskola Hiztun Bila jardunaldiari. Hezkuntza Sailak ikastetxeen hizkuntza normalizazinorako Ulibarri programearen barruan atontzen dauen jardunaldi honek 400 lagun inguru batuko ditu, Kulturea eskolan bizi. Eskolea eta euskerazko kultur produktuen ikusgarritasuna, prestigioa eta konsumoa goiburupean.
Jarduerak online egiten dabiz eta, beraz, sarrerako agurretik hasi eta gainerako berbaldi nahiz mahai-inguru guztiak Irekia atariaren bidez dagoz jarraitzen hezkuntza arloko profesionalak.
Aitatutako gaia ardatz hartuta, euskal kulturea, honen transmisinoa eta euskal kultur produktuen konsumoa jorratuko ditue, beti be eskolearen ikuspuntua ahaztu barik: zeintzuk dira gure ikasleen kultura konsumorako ohitura eta jokerak? Euskerazko musikea, literaturea edo ikus-entzunezkoak konsumiduten ditue? Badakie zeintzuk diran euskerazko kultura erreferenteak? Irakasleek zer dakie euskal kulturaz? Modu telematikoan bada be, eztabaidarako eta hausnarketarako tartea izango dabe, baita esperientziak alkarregaz konpartiduteko aukerea be.
Euskal hiztun aktibo eta proaktiboak
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak nabarmendu dau euskerea bezela, euskal kulturea be euskal gazteriaren ondarea dala eta, beraz, danon aukerea eta erantzukizuna da ondare unibetsal horri eutsi eta hurrengo belaunaldiei ahalik eta bizien transmitidutea, eleaniztasunaren marko horretan, azaldu dau. Hezkuntza-sistema sozializazino-gune garrantzitsua izanik, Ulibarri programeak –eta eskoleak- kultura transmisinorako dauen potentzialtasuna hartu dau berbagai sailburuordeak: Gaztetxoak hezteko zein belaunaldien arteko transmisinoa eragiteko bertatik (eskolatik) igaroten dira euskal kulturgintzearen bihar-etziko sortzaileak, herritarrak eta kontsumitzaileak be. Hizkuntza normalizazinoa helburu dauen Ulibarri programeak bere potentzialtasuna erabili behar dau eta dimensino kulturala integrau, kultur produktuen ikusgarritasuna eta optimizazinoa bultzatuz.
Etorkizunera begira be, eskolak euskerea eta euskal kulturea sustatzeko lanean jarraitu beharra azpimarratu dau Pedrosak: Iparra hori izanik, gure hezkuntza sistemeak lortu behar ditu ikasle konpetenteak, bizitzako arazoei aurre egiteko eta ingurune eleaniztun baten moldatzeko kapaz izango diranak. Zein izan beharko litzateke iparra? Euskal hiztun aktiboak eta proaktiboak sortu, euskal kulturearen ondarea jagon, ezagutu eta biziko dabenak.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordearen sarrerako agurraren ondoren, UPV/EHUko irakasle eta UEUko Literatura saileko buru Iratxe Retolazaren txandea izan da, Kulturak eskola zeharka daian: irakasleak kultur eragile izenburupean eskaini dauen berbaldiagaz.
Ondoren, euskal ikastetxeetan irakasle dabizan bost kulturgileren arteko barriketaldia izan da, Imanol Epelde irakasleak gidatua. Mahaiaren inguruan batu dira: Gari Amundarain (musikaria), Zaloa Urain (Kokein taldeko abeslaria), Asier Serrano (idazlea), Ekaitz Goikoetxea (bertsolaria) eta Maider Zabalegi (kantaria). Euskerazko kulturearen transmisinoa hezkuntzan izan dabe aztergai. Era berean, parte-hartzaileek aldez aurretik grabautako 10 ikastetxeren esperientzietako batzuk ikusi ditue, nahieran, www.ulibarri.euskadi.eus webgunearen bitartez.
Bigarren saioan, barriz, Xabier Paya kultur eragilea izango da jardunaldiko lehen hizlaria: Ikasle, ikusle, egile; euskerazko kultur konsumoa eta sorkuntza areagotzeko pistak dau izena Payaren berbaldiak.
Amaieran, aurtengo jardunaldirako beren-beregi egindako hiru bideo pilula aurkeztuko dira; irakasleei zein ikasleei zuzendutako bideo labur horreek erakusten dabe zelako aukera zabala eta zenbat baliabide dagozan gaur egun gure esku euskerazko kulturea ezagutu eta konsumidu ahal izateko. Teknologia barriak erabilita erraz egin daitekeen lan hori gehiago erraztea dabe helburu bideo horreek, euskerazko kulturea ikasgelan sustatzeko sareak eskaintzen dituan baliabideak jasoz modu atsegin, dinamiko eta umoretsuan. Bideo bakotxak kultura arlo bat dau ardatz: literaturea; musikea; eta ikus-entzunezkoak.
Amaitzeko, parte-hartzaile guztien txandea izango da, 20 bideo-bilera iragarri ditue, Barritzeguneetako aholkulariek gidatuta, jardunaldian ikusi eta entzundakoak alkarregaz jorratu, alderdirik nabarmenenak konpartidu eta, batez be, norberaren ikastetxean zer eta zelan egin leikien erabagiteko.
Eskola Hiztun Bila
Hizkuntza normalkuntzarako Ulibarri programan parte hartzen daben ikastetxeei eta bertako arduradunei zuzenduta, formazinoa eta esperientzia trukaketea ditu helburu jardunaldiak. 1996-1997 ikasturtean jarri eben abian Ulibarri programea euskal ikastetxeetan. Euskerearen normalizazino alorrean aitzindari, sano errotuta dago eta Euskadiko 410 ikastetxek hartzen dabe parte bertan, euren egunerokoan euskerearen erabilerea eta kalidadea indartzeko asmoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!