Aloñako mendilerroa, mugabako edertasuna
2020-10-27 08:10 Ibilian-ibilianEstimadu daukat inguru hori...
Naturearen edertasuna mugabakoa dala autortuta, Gipuzkoako herririk zabalenak gordeak dituanak sailkatzerik ez dago. Debagoienako eskualdean sartu eta Euskal Herriko udalerririk ederrenetako batean egingo dogu geldialdia, non eta, Oñatin. Aukerak ugari, 108,2 kilometroko azalerea dauen herrian. Txantxikuarrak mendizale-mendizaleak dira eta hautua gatxa danik ez geunke esango, inguruetako altxorrak mirestea ukaezina baita.
Bai, jakin badakit, Aizkorri-Aratz Parke Naturala izango dozue danok gogoan, bertako eta Euskal Herriko mendizaletasun historiako mugarri ezagunenetako bat baita Arantzazuko santutegitik Aizkorrirako bidea egitea. Orain, barriz, ez gabiz inguru horreetaz. Hur izango badogu ben, hain ezaguna ez dan Aloñako mendizerran ibiliko gara.
Estimadu daukat inguru hori, hainbat baitira aukerak eta bideak. Amesetako bat Oñatitik hasi eta punta guztiak pasauta, Aizkorriko ertzagaz lotzea da niretzako ederrenetakoa, Aratzeraino helduko gara baina, aurrerago emongo deutsuet horren barri; ezer baino lehen Aloñako mendilerroa hartu daigun erdigune, bere horretan aztertzea merezidu dau-eta.
Geure ibilbidea hasteko hiru aukera proponidu gura deutsuedaz eta norberak egin daiala hauturik gogokoena: Batetik, Arantzazu, Araotz eta Arrikrutzera bideko jatetxe baten ezker aldean dagoan aparkalekuan itxi geinke autoa, berau baita aloñara igoteko biderik laburrenetako bat. Bestetik, guk geuk aukeratu genduana, mundu mailan ezaguna dan Gomiztegi Artzain Eskolako aparkalekuan itxi autoa eta bertatik Belarrera abiatu (nahi izan ezkero, bisita gidatuak egin daitekez bertan, aurrez hitzordua eskatuta). Bide luzeagoa da baina lehen aukeran baino jente askoz gitxiago topauko dogu bidean. Hirugarrenik, Arantzazuko Santutegian, museoaren atzetik doan bidea hartuko dogu, itsuentzako egokitu barri daben bidea, ume txikiak dituen familientzako oso egokia dana eta aurrera eginez, Belarrerako bidea hartzea da onena.
Behin zelai magiko horretatik abiatuta, Araotz izango dogu aurrez aurre eta geure eskumara begiratuta harresi batek marketan dauen aldatz handiko bideari ekingo deutsagu urrun ikusten dan gurutzea helburu; Gorgomendi edo Aloña (1.244 m) eta Oñati herriaren ikuspegi zabala be izango dogu aurrean, baita Anbotoko mendilerroaren zein Udalatxen harrotasuna be. Bertatik aurrera egingo dogu, Kurtzezarreratik Buetraitzera helduko gara, mendilerroko mendirik altuenera (1.325 m) eta ederrenera, neure uste apalean. Handik, Akaitzera jarraitu geinke, Arriurdinetik igaro eta Artzanburura heltzeko.
Gozau daiguzan ba natureak eskaintzen deuskuzan inguru parebakoak.
Bidebatez, eskerrak emon gura deutsadaz Oier Beldarrain larrabetzuarrari izoztutako irudi ederrokaitik, Mendialdiak, bete-betean, Aloñako mendilerroan barrena.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!