Jose Ramon Etxebarria: 'Ibilian-ibilian eregiten dozuz gauza potoloak'
2020-10-26 07:55 BarriketanEusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona 2020 sariaren irabazlea.
Berbalagun maitagarria, altxorra, ibilbide emonkorrekoa zientzian, itzulpengintzan, erakaskuntzan zein idazten, agortezina gernikarraren jakinduria euskerea lako gaietan. Barriketaldi gogobetegarria.
1948an Gernikan jaioa, Jose Ramon Etxebarriak Industria Injinerutzea ikasi eban Bilboko Injinerutza Goi Eskolan eta 1987an EHUn doktorau zan. 1973an, Udako Euskal Unibersidadearen sorkuntzan parte hartu eta bertako irakasle izan zan. EHUko Bilboko Unibersidadeko Zientzia Fakultadean eta
Bilboko Injinerutza Goi Eskolan klaseak emon zituan, 2018an erretiroa hartu eban arte.
Zientzia eta teknologiagaz lotutako testuak euskeraz landu izan ditu eta, esangura horretan, Manuel Lekuona 2020 Sariaren epaimahaiak Jose Ramon Etxebarriak unibersidadeko ikerketa eta irakaskuntzearen arloan euskerearen normalizazinoari egindako ekarpen garrantzitsua balorau dau, komunidade
zientifikoarentzat lexikografia ezartzea ahalbidetu dauelako, komunikazino globalaren teknologia berrien laguntzaz.
Liburuak, zientzia eta kultura gaiei buruzko ehunka artikulu, batez be, Anaitasuna aldizkarian, itzulpengintza eta hezkuntza eta dibulgazino-liburuen edizinoa be landu ditu eta erretiroa hartu ebanetik Wikilari dabil fisikeagaz lotutako arloan.
1.- Zorionak Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona sariagaitik. Bazeunkan susmorik ala ezustean atrapau zaitu autortzeak?
Banekian nire izena azken hautatuen artean egoala eta, ganera, aurretik Udako Euskal Unibersidadeko zuzendariak esan eustan, merezidu nebala saria eta komeniduko litzatekela aurkeztea. Ni gogoan hartzea nahikoa zan, eskertuta, pozarren nengoan holako berbak entzunda baina kasu egin neutsan eta hemen gagoz orain saria besapean.
2.- Saritu batzuk aitatzearren, igaz Xabier Amurizak irabazi eban, 2015ean, Joan Mari Torrealdaik eta 2008an, Montxo Armendárizek. Manuel Lekuona saria ez jako edozeini emoten...
Handiak dira nabarmendu dozuzan horreek baina beste asko be badira, besteak beste, Fermín Leizaola eta Jose Antonio Arana Martixa.
Beste alde batetik, nik neuk ez daukat ezelako ardurarik, zurtz eginda geratu nintzan, zortzi hautagaien artean eta neuri emotea ederra izan zan ze gogoan izan zortzi hautagaiak izan garela Aranzazu Amezaga Iribarren (historia), Teresa Catalán Sánchez (musikea), Xabier Egaña Albizu (pinturea), Jose Ramon Etxebarria Bilbao (euskalgintzea), Blanka Gómez de Segura (artisautzea), Félix Ibarrondo Ugarte (musika), Koldo San Sebastián (historia) eta Enrike Zelaia (musikea), danak goi mailakoak. Saria niretzako zala entzun nebanean poza sentidu neban, neure ibilbideari emondako saria zala jakin nebanean.
Dakizunez, botoa emoteko aukerea dago Manuel Lekuona sariotan, euskal komunidade globala, herritarrak (% 10), Eusko Ikaskuntzako bazkideak (% 30) eta Epaimahai Instituzionala (% 60). Hautagaien ibilbidea, eta gizarte mailako hartu-emonak baloretan ditue, nire kasuan, besteak beste, ikastolen sorreran, ikastoletarako testugintzea zein Santutxuko Bertso Eskolearen sortzailea izatea.
Manuel Lekuona sariko deialdian irabazlea aukeratzeko bost erispide zehazten dira: (1) Bizitzako ibilbidea, (2) Konpromiso eta ekarpen adierazgarriak Euskal Kultureagaz, (3) Obrearen dibulgazinoa, (4) Eremu akademikotik kanpoko jarduerea eta (5) Balio Unibersala.
3.- Autortu egin jatzu euskerearen normalizazinoan zientzietako goi-mailako hezkuntzan egindako ekarpen zabala. Zelan buztartzen dira zientzia eta euskerea?
Ez dakit non dagoan arazoa. Euskerea eta zientzia buztartzea da nire pasinoa, zientzia eta teknologiagaz lotutako testuak euskeraz lantzen ibili naz beti eta ekarpentxua hor dago; urteotan egindako beharrari esker belaunaldi gazte berriek naturaltasun osoz ikasten dabe fisikea euskeraz eta hori sekulakoa da niretzako. Zientzia eta teknologia gaiak euskeraz ezagutarazoteko asmoz, itzulpenak, zuzenketa-lanak eta testuliburuak idatzi dodaz, gutxienez 18 liburu, 22 liburu-kapitulu, 32 artikulu zientifiko (fisikaz eta hizkuntzalaritza aplikatuaz) eta 17 artikulu luze euskal gaiei buruz.
4.- Euskal kulturearen aurrean, gizarte mailan dozun konpromiso adierazgarria be balorau dabe. Arlo hori da gehien maite dozuna?
Bai. AEKren sorreran, gau-eskoletan, Santutxuko Karmelo Ikastolearen inguruan, Santutxuko Bertso Eskolearen sorreran, gizarte mobimentuetan ibili naz beti, baita politikan be, hara eta hona ibili naz eta oso gustora baina nabarmendu gura neuke nire bizitzako proiektu handiena dala euskerazko testugintzea erakaskuntzako maila guztietan eta, horren erakusgarri, nire lehenengo argitalpena izan zan euskalduntze metodoa, Euskerea ikasteko gau-eskola eta material sortzailea (1966-1975), niretzat obra oso inportantea da. Hezkuntzan euskerazko testuen faltea igarri eta unibersidadean egon arren, testuak idazten hasi nintzan. Obligazinoa eta debozinoa kontrajartea izaten da normalena baina nik neuk biak maite dodaz, beharrizana, faltea antzemon dodanean, berehala hasten nintzalako beharrean.
Euskerea dago nire bihotzaren erdian eta UPV-EHUko euskerearen lehenengo estatutuen ataleko aurreproiektua idatzi eta proponidu eban taldeko kidea izan nintzan. Nahiz eta hasieran proiektua baztertua izan, urte batzuk aurrerago onartu egin euskuen.
5.- Gitxienez 18 liburu, zientzia eta kultura gaien ganeko ehunka artikulu Anaitasunan...
Bai. Anaitasuna aldizkarian 249 artikulu idatzi ditut eta beste asko Argia aldizkarian, edo Egin, Euskaldunon Egunkaria, Gara eta Berria egunkarietan. Horreek danak ondo gogoan ditut eta badakit upealako marka dirala baina gauzarik txikienari be ez deutsat baliorik kentzen, ibilian-ibilian eregiten dozuzalako gauza potoloak eta esanguratsuak.
EHUn lan egindako azken urteotan, terminologia zientifikoa landu dot, injinerutzako irakasleek euskerazko irakasgaietan erabilitako berbak batuz Terminologia Sareak Ehunduz programearen barruan.
Era berean, hiztegi teknikoen prestakuntzan be ibili naz, UZEIri esker Fisika Hiztegia eta Elhuyar taldearen babesari esker Energiaren Hiztegia eta Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa.
6.- Itzultzaile lanak be egin dozuz. Zerk eroan zintuan mundu horretara?
Euskereak berak. Erakarri egin ninduan mundu horrek. Euskeraz ez dagoan obra batek merezidu badau zergaitik ez dogu itzuliko. Klasiko batzuk be itzuli ditut. Leku danatan egiten da hori eta gehiago esan behar deutsut, itzultzailea sortzailea da.
Arlo askotako testuak ezin zirala euskeraz emon eta holakok entzuten genduzan eta nik beti egiten neban euskerearen alde, euskerea edozein arlotan erabilteko moduko hizkuntzea zala.
Hamar bat liburu itzuli ditut unibersidade mailako zientzia eta teknologiari buruz, besteak beste, klasikotzat hartzen diran Einsteinen bi libururenak. Lehen eta bigarren hezkuntzako 40 liburutan testu-prestatzaile, itzultzaile eta egokitzaile ibili nintzan; horreen artean, Joserra Aihartza zoologoaren Ornodunak liburua eta Euklides-en Elementuak liburua, Patxi Angulo-k itzuli eta Elhuyarrek argitaratutakoa.
Eta bitxikeria legez, Planeta entziklopedia tematikoaren ale bat be itzuli neban.
7.- Euskal komunitate zientifikoaren (Inguma datu-baseak), zeuk sorturiko 187 lan sarrera baino gehiago batzen ditu eta Wikilari be bazabiz fisikeagaz lotutako arloan...
Orain urte bi erretiroa hartu nebanetik Wikilari nabil euskerazko Wikipedia osotzeko boluntario moduan eta helburua da Hezkuntza Atarian kalidadezko 2000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat izenburupeko proiektua osotzea, zehatz esateko fisikearen arloko artikuluak osotzen nabil unibersidadera doazen ikasleei artikulu entziklopediko pedagogiko eta praktikoak eskaini guran.
8.- Euskaltzain urgazlea be bazara 2006. urtetik.. Zein da zure zeregina Euskaltzaindian?
Euskaltzain urgazle izentau ninduen 2006ko maiatzaren 26an eta ordutik Euskaltzaindiko Gramatika Batzordean parte hartu izan dot, baita Euskera agerkariaren batzordean be.
9.- CAF-Elhuyar sarietan Merezimenduzko Saria jaso zenduan, zientzia gizarteratzeko egindako lanagatik baina makinatxu bat sari irabazi dozuz. Zeintzuk nabarmenduko zeunkez?
Resurrección Maria Azkue saria euskerazko ikerlanetarako, Bai, jauna, bai: fisika euskaraz! izenburuko liburua argitaratu eban UEUk eta aparteko ilusinoa egin eustan; horrezaz gan, 1999. urteko Korrikan omendua izan nintzan eta hori be ez daukat ahaztuta.
10.- Société d'Études Basques, Eusko Ikaskuntza erakunde zientifiko-kulturala da. Zer da zuretzako Eusko Ikaskuntza?
Asmoz ta Jakitez goiburua dauen Euskal Herriko gizarte-erronkei erantzun bateratzaileak emoteko alkargune zientifiko kulturala da Eusko Ikaskuntza.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!