'Loraldia Festibala sano positiboa izan da'

Bizkaie! 2020-10-23 10:04   Kulturea

VI. Loraldia Festibala plazaratu dogu traba guztien gainetik.

Lorazain Eguna. Thierry Biscary | Ikusi handiago | Argazki originala

Erronkea ez zan makala. Martian festibala bertan behera itxi behar izan genduan. Ez dugu etsi eta urtenbideak bilatzeko kapazidadea erakutsi dogu. Festibalaren sentikari gehien gehienak estreinau dira eta ikusleak bildur guztien gainetik gure ondoan izan dira. Sormena gara eta nekez bizi gaitekez kultura barik. Horregaitik Loraldiak ezinbesteko plazea eskaintzen dau. Seigarren urtez kultura garaikideak Bilboko erdigunea eta Euskal Herriko bihotza bereganatu dau.

Azkenean, irailaren 26tik urriaren 22ra egin da Loraldia ikuskizun guztietarako aforoak beteta.

Seigarren edizinoko barrikuntzea Esperientzia Digitala izan da eta horri esker Loraldia mundu zabalean izan da. Loraldia Udagoienean kimu barria landatu dogu eta modu presentzialean bakarrik ez, online formatoa eskainiz jente gehiago erakarri dogu. Ia 1500 ikusle batu dira zuzeneko hitzordu digitaletan eta sormenaz eta bizitzaz berba egin daben alkarrizketak eta kantaldiak gozau ditue. Ekimenari hasierea emon deutsagu eta datozen urteetan badogu nondik jarraitu.

Loraldia Festibalak egiten dauen ekarpena upealakoa da, eredu eta plaza hori ezin da galdu gure herriaren bihozkadak batzen ditualako.

Sasi eta birus guztien gainetik eta kulturea segurua dan babesaren azpitik Loraldia Udagoienak erantzun bikaina izan dau, atondutako saio guztiak, 17 kultur hitzordu, egin ditugu eta aretoak ganezka izan dira.

Martioaren 10ean emon geuntsan hasierea aurtengo festibalari eta urriaren 22an amaitu da. Udabarrian hasi eta udagoienean amaitu.

Behartutako etenaldian erabaki sendoa hartu genduan: Loraldiaren Plazea ezin genduan galdu. Horregaitik traba guztiak gainditzeko ibili gara beharrean eta horrek emoitza ona ekarri dau. Gure sortzaile profesionalentzat ezinbestekoa da gure plazea eta esan bezela, Loraldiari eutsi egin deutsagu egoera larri honetan. Ehun bat sortzaile igaro dira Loraldiaren tauletatik eta agindu bezela gure sormen barritzailena eszenaratu da. Sortzaileak erdigunean jarri ditugu, gure geroaren artisauak diralako eta sortzaileek badabe eszena profesional bat Loraldian. Sortzaileei eskertu nahi deutsegu euren adorea eta prestutasuna Loraldia ikusgarria plazaratu ahal izateko.

Festibala arte arloen bidegurutzea izan da barriro be, poesia barriaren kabia, musika esperientzien agertokia, literaturearen sormen eremua, jantza esperimentalaren harrobia, antzerkiaren sormen lantegia, bertsolaritzearen plazea, performanceren babes tokia, digitalizazinoaren abiapuntua...

Loraldiak eskerrak emon gura deutsee bertaratutako guztiei, bildur eta traba guztien gainetik 1.700 ikusle izan ditu Festibalak. Aretoen % 98 bete dogu eta bizi izan ditugun emozinoak oso gogotsuak izan dira. Eta, zeresanik ez, eskerrak emon gura deutseegu baita gure babesle diran Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Laboral Kutxari. Holako laguntza barik ezinezkoa dalako kalidadeko festibalik atontzea.


Lorazainak

Publikoaren zati esanguratsua da Lorazainen komunidadea. Aurten be hazi da eta gaur egun ia 1500 lorazain batzen dira festibalaren barruan, igaz baino 400 gehiago. Ederra izan zan Lorazain Egunean bizitakoa, Thierry Biscary musikariaren Muda proiektuaren doinu gozoakaz lorazainok ospatu genduan gure kulturearen bizia.


Balorazino artistikoa

Akordu gozoak eta argitsuak ditugu urte ilun eta triste honetan. Udabarrian hasi ginan Loraldiari ekiten. Lore bi baino ez, baina biak lirainak.


Zazpigarren edizinorantz

Osasun alarmearen bilakaereak mugatuko dau datorren udabarriko festibala. Gu bagabiz eta ez dogu etsiko. Ezustekorik ezean, martian izango da, 9tik 28ra, euskal kultura garaikidea loratuko da zazpigarren urtez.

Zazpi zenbaki magikoa dala kontuan hartuta egitaraua magikoa atontzen gabiz, datorren udabarriaren zain.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu