'Geruzak' kantu barria dakar Keu Agirretxeak
2020-10-21 11:57 MusikeaSorkuntzan eta grabazinoan zein bideoklipean parte hartu daben guztiak ondarrarrak dira.
Keu Agirretxeak kantu barria plazaratu dau oraintsu, Geruzak izenburuakoa, martiko konfinamenduan sortu eban Ondarroako musikariak. Kantuaren bideoklipa be martxan dabil; Leire Ikaran eta Beñat Bidegain dira bideokliparen egileak. Irailaren 12an grabau eben Ondarroako portuan, Eneritz Zeberio jantzariagaz eta egunsentiagaz batera.
Koronabirusaren ondorioz, Espainiako Gobernuak alarma egoerea ezarri eta konfinamendua agindu eban egunean sortu eban Keu Agirretxeak abestiaren doinua; berbak, barriz, Aiert Goenagak idatzi zituan egun gitxi batzuk geroago, telefonoz bien arteko barriketaldiaren ondoren.
Hausnartu behar geunke momentuko aukeraz, garen horretaz eta izan gura dogunaz. Geruzaz geruza erantzi, adierazo eutson Goenagak Agirretxeari; gogoeta horretatik abiatuta sortu zituan kantuko berbak.
Ura eta Bakea diskoan legez, Jon Badiolagaz egin dau lan Keu Agirretxeak abestiari formea emoteko; produkzinoaz eta nahasketez arduratu da Badiola.
Diskoaren sorkuntzan eta grabazinoan zein bideoklipean parte hartu daben guztiak ondarrutarrak dirala nabarmendu dau Agirretxeak: Lan talde bikaina izan dot ondoan, eta danak herritarrak izatea pozagarria izan da niretzako, azaldu dau.
Kontuak kontu, Airakagaz bat eginik argitaratu dau honezkero plataforma digitaletan entzun eta ikusgai dogun abestia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!