Udagoienean, 'Kopla barik' bertsotan

Bizkaie! 2020-10-20 12:56   Bertsolaritzea

Urriaren 24an hasiko da Kopla barik bertso zirkuitoa.

Lau saio atondu ditue udagoiena be bertsoz josteko. Kkopla barik, kulturaz gozetako momentu guztiak diralako onak. Horregaitik atondu dabe Kopla barik bertso zirkuitua, formatu desbardineko lau saioz osotutako zikloa. Bertso saio musikatua, bertso tramea, sariketea eta jaialdia izango dira zikloko saioak, bertsozale guztientzako aukera zabala eskainiz.

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak plazea berrindartu gura izan dau ekimen honekin eta, beste behin, kulturea segurua dala aldarrikatu. Hori, jakina, danon osasuna bermatuta eta, horretarako, segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta egingo da.

Urriaren 24an egingo da lehenengo saioa, Mugiako Olalde aretoan, 19:00etatik aurrera. Saio musikatua izango da zapatukoa. Kantuan, Aitor Bizkarra, Arrate Illaro, Ibon Ajuriagojeaskoa, Etxahun Lekue, Malen Amenabar eta Nerea Ibarzabal ibiliko dira; gai-jartzaile beharretan Idoia Anzorandia eta, musikariak, Ixak Arruti eta Eneko Sierra izango dira.


Zemendian eta abenduan, gehiago

Bertso trama formatua izango dau bigarren saioak; zemendiaren 14an jokatuko da, Igorreko Lasarte aretoan, 19:00etatik aurrera. Bertan izango dira kantuan Eneko Abasolo Abarkas, Jone Uria, Julen Arzanegi, Miren Amuriza, Txaber Altube eta Unai Mendiburu. Saioko tramagileak Lilibertso bertso-eskolako kideak izango dira.

Zemendiaren 28an, sariketea jokatuko da Durangoko Plateruena Antzokian, hau be, 19:00etatik aurrera. ALBE Algortako Bertsolari Eskolako kideak izango dira gaiak emongo dituenak eta, bertsotan, Ander Elortegi, Imanol Uria, Irune Basagoiti, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia ibiliko dira.


Bizkaiko txapeldunak, saio berean

Sorpresa handia dakar zirkuitoak amaieran. Abenduaren 20an, Getxoko Muxikebarri antzokian Bizkaiko zortzi txapeldun batuko dira oholtzan: Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Igor Elortza, Jon Enbeita, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga eta Xabi Paya, hain zuzen be. Gai-jartzaile beharretan, Bizkaiko Txapelketako gai-jartzaile taldea ibiliko da.

 

Sarrerak, salgai

Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitekez eta salgai dagoz honezkero.

Zirkuitoa Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean antolatu dabe, baita saioak egingo diran herritako udalen laguntzeagaz be: Mungia, Igorre, Durango eta Getxoko udalen laguntzeagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu