Merkataritzea, ostalaritzea eta zerbitzu sektorea euskeratzeko baliabideak, orain errazago

Bizkaie! 2020-10-20 12:17   Euskerea berbagai

Orain, kartelak eta gainerakoak eskatu ahal izateko gunea osotu dabe hemen.

Merkataritzan, ostalaritzan eta oro har zerbitzu sektorean euskerea naturaltasunez erabilteko baliabide ugari eskaintzen ditu Uemak, doban, besteak beste, faktura takoak, kartelak eta sektorekako hiztegiak. Orain, kartelak eta gainerakoak eskatu ahal izateko gunea osotu dau hemen. Uemako kide diran herrietako udalek, ostalariek eta merkatariek erabili ahal izango dabe zerbitzua, doban.

Ez da barria Uemak bertako kide diran udalei eta udalerri horreetako merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko gainerakoei eskaintzen deutsen zerbitzua. Orain, ostera, azken urteotan batzuentzat eta besteentzat egindako kartelak batu eta horreek errazago eskatzeko eta personalizetako gunea
atondu dabe gunera sartuta, kartelak hautatu eta eskatzeko modua izango dabe dendariek eta ostalariek, horretarako eskaera-orria beteta.

Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak urtero egiten dau kanpainea udalerri euskaldunetako ostalarien eta merkatarien artean, gutunak edo posta elektronikoak bialduz, euren zerbitzuak herriaren erakusleiho diran neurrian euskerea ezinbestekoa dala nabarmenduz eta horretarako hainbat argudio eta azalpen emonez, hizkuntza paisajea euskeratzeko laguntzea eskaintzeagaz batera.

Gutun horreetan, euskerea erakusleihora eroatea aukera parebakoa dala gogorarazoten deutse Uemak urtero merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko eragileei, besteak beste, honakoakaitik:

• Zerbitzua bezeroaren hizkuntzan eskaintzea kalidadezko zerbitzua emotea dalako.

• Herritarren gehiengoa euskalduna dalako, % 70etik gora. Horrezaz gan, euskeraz berba egin ez arren, ulertzen dabenak eta ikasten dabizenak asko dira.

• Herritarrek eta turistek eskertzen dabelako euskerea erabiltea.

• Euskerea dalako gure herriko berezko hizkuntzea, gure izateko erearen parte dalako eta hori erakusteak berezi egiten gaitualako.

• Dendak, jatetxeak eta tabernak herrian erreferenteak diranez, herriaren erakusleiho apartak diralako eta udalerri euskaldunen errealidadea islatzeko ezinbesteko bidelagunak diralako merkatariak eta ostalariak.

Horrregaitik guztiagaitik, dudaren bat izan edo laguntzea behar izan ezkero, udalagaz edota Uemagaz hartu-emonetan jarri eta eskaerak lasai egiteko gonbidapena jaso dabe zerbitzu sektoreko eragileek. Orain, gainera, uema.eus/kartelak guneari esker, errazago izango dabe eskaerak egitea eta nahi dituen kartelak eskatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu