2020ko Ibilaldiaren agurra

Bizkaie! 2020-10-20 07:55   Kulturea

Ikastolak Herriari lemapeko jaialdia atondu dabe zemendiaren 13an, Donostian.

Urte osoa lanean egon ondoren, 2020ko Ibilaldiari agur esan deutsagu. Ikasturte osoa ibili gara lanean gure babesle, laguntzaile eta hornitzaileakaz. Urtebete Ikastolako familia eta lagunakaz dana atontzen eta kultura arloko dozenaka eragilegaz ikuskizunak lotzen. Ohiko egoeran, maiatzak 31 egun handia izan behar zan gurean, milaka euskaltzale Elorrion batuta. Egoerea, bestelakoa izan da eta ezin izan genduan maiatzean urtero lez antolatu eguna. Gizarteari zor deutsagun erantzuna emoteko, hitzordua barria jarri genduan, urriaren 18an. Arduraz eta erantzukizunez jokatu dogu beti, baldintza seguruetan nahi dogun Ibilaldia egiteko, sormena landuz eta alkarlanean.

Urriaren 18a heldu da eta ilusinoarekin ekin deutsagu agur ekitaldiari. Jakingo dozuenez, ez da erraza egoera honetan hau lako ekitaldi bat egitea baina ezin genduan besterik barik Ibilaldiaren urte hau joaten itxi. Gaur ez dogu ohiko protokolorik jarraitu, egoera honetan ezinezkoa dalako eta gonbidatu kopurua be murriztu behar izan dogu. Halan da be, geugaz izan dira, Ikastolen Alkarteko lehendakaria, Koldo Tellitu, Josune Bañales, Ibilaldiako lehendakaria eta Idoia Buruaga Elorrioko alkatea.

Gauza jakina da Ibilaldia egun osoko jaia izaten dala baina jente askoren urte osoko lana izaten dau atzetik. Igaztik hona ikastolako behargin, guraso eta ikasle-ohi piloa ibili da jo eta su Ibilaldia aurrera eroateko; ordu piloa auzolanean ilusino eta gogo guztiagaz: Eskerrik asko danoi! Ezin ahaztu, bestalde, Ibilaldiaren erakunde eta enpresa babesle guztiak. Asko dira eta ezin banan-bana danen izenak aitatu, baina, Elorrioko Txintxirri Ikastolearen eta Ibilaldiaren izenean, eskerrik asko guzti-guztiei.

Ohiko ibilbiderik ezin izan da egin baina bide luzea egin dau Ibilaldi honek igaztik hona:

- Logoa eta leloa aukeratzeko lansaioa ume eta gurasoakaz. Hor erein genduzan gure hiru elorrien haziak.

- Erroa eta Geroa dokumentalak.

- El Hoyo filmaren zuzendariagaz barriketaldia.

- Bertso afari ederra Unai Iturriaga eta Alaia Martinegaz.

- Abestia eta bideoklipa.

- Maiatzak 31rako, online ekitaldi parte-hartzailea.

- Gora Kasete umeentzako ikuskizuna.

- Izaki Gardenak taldearen kontzertua.

- Euskerea erronka, liburu ibiltaria. Igazko abendutik Bizkaiko ikastola guztietan osotzen doan liburua, abenduaren 3an, euskerearen egunean aurkeztuko dana.

- Ikastolako gazteek hasierea emon deutse ekitaldiari bertsoakaz eta Ibilaldiko kantuaren jantzaldiagaz. Euskerea eta euskal kulturearen transmisinoa da gure bidea. Ondoren, Imanol Ituiño magoak, bizitzan magia apur bat be behar dogulako, ikuskizun bikaina eskaini deusku. Amaitzeko, Xabier Aburruzagaren eskutik musika eta jantza ikuskizunaz gozetako aukera izan dabe bertaratutako guztiek.

Edozelan be, ez da erabateko agurra izan ze dakizuen moduan, Ibilaldia, Kilometroak, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz eta Herri Urrats jaialdiak be bertan behera geratu dira aurten. Euskal Herriko Ikastola guztiak herritik eta herrirako sortu zirala gogoan izanda, 'Ikastolak Herriari' lemapeko jaialdia atondu dabe: Zemendiaren 13an izango da, barikuan, Donostiako Kursaal Jauregian eta hor izango dira, besteak beste, Anje Duhalde, Xabi Solano, Kimua Jantza Kolektiboa, Nögen, Demode Quartet, Korrontzi eta Oinkari Jantza Taldea. Datorren astetik aurrera sarrerak eskuratzeko aukerea izango da primerako kantaldi eta jantzaldiak batuko dituan Euskal Herri osoko ikastolen aldeko ikuskizun horretarako.

Ibilaldiak, Bizkaiko ikastola guztien jaiak trabak traba aurrera egin dau eta egingo dau. Danon artean gure ibilbidea eregiten jarraituko dogu. Hau guztia posible egin, egiten eta egingo dozuen guztioi, gure eskerrik beroenak: #helhorri

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu