Udagoieneko Osterea Hegan: ondare historikoa eta musikea buztartzen dituan zirkuitua badator
2020-10-19 12:51 MusikeaZemendiaren 13tik 29ra eskainiko ditue kontzertuak.
Euskaltzaleen Topaguneak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker hogei urte daroaz Bizkaian punta-puntako euskal sortzaileak oholtza gainean jarten. Urte berezi honetan Udagoieneko Ostera zirkuituak bere XXI. edizioa egingo dau zemendiaren 13tik 29ra. Bizkaiko hiru foru museotan grabautako hiru kontzertu akustiko eskainiko dira doban Udagoieneko Ostera webgunean.
Gaur goizean Euskaltzaleen Topaguneak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako Udagoieneko Ostera Hegan zirkuituaren aurkezpenean, honako hau azpimarratu izan dau Lorea Bilbao Ibarra, Euskera, Kultura eta Kirol saileko foru diputaduak: “Kultura arloak momentu oso larria bizi dau eta, beraz, Udagoieneko Ostera egitasmoak sano berezia da aurten, batetik egin diren ahaleginagaitik programazinoari eusteko eta bestetik, aukerea izango dogulako modu berezi baten Udagoieneko Osterearen XXI. edizino honetaz disfrutetako”.
Maria Rivero Euskaltzaleen Topaguneko kultur teknikariaren esanetan: “Udagoieneko Osterea egingo zala bermatzea izan da urte honetako gure helburua. Gainera, momentu honetan berebiziko garrantzia hartzen dau bai kultureak, baita gure ondareak be. Azkenean argi ikusi da, kulturea behar dogula eta hori da hain zuzen bermatu nahi doguna”.
Hiru kontzertu hiru leku ezbardinetan
Udagoieneko Ostera Hegan zirkuituak barrikuntza ugari dakarz, izan be, osasun egoera honen ondorioz aurrez-aurreko ikuskizunak programau beharrean, publikorik bako kontzertuak grabau eta horrexek eskainiko dira.
Udagoieneko Ostera zirkuituaren arduraduna dan Maria Riverok kontzertuen kalidade handia nabarmendu dau: kontzertu bakotxean musikaria eta lekua bera be, modu berezian jagon ditugu eta ondorioz kontzertu ikusgarriak eta bereziak dira. Musikaz gozau gura dabenentzat altxor bisualak sortu ditugu.
Eñaut Elorrieta, Zea Mays eta Izaki Gardenak izan dira Udagoieneko Ostera Hegan zirkuitu honetako taldeak eta bakotxak kontzertu akustiko berezi bat sortu dau propio leku berezi horretarako, lekuak berak inspirautako tonuak eta koloreak emonaz abesti eta instrumentuei, kontzertu bakotxa benetan errepetiduezina eta bakarra bihurtuz.
Musikaz aparte, gure historiaren parte garrantzitsu izan diran lekuak be izango dira protagonista. Industrializazino aurreko Muskizeko El Pobal Burdinolatik hasita, industrializazino sasoiko Balmasedako La Encartada Fabrika-Museora eta azkenik, arrantzaleen bizimodua eta ohiturak batzen dituan Bermeoko Arrantzale Museoa. Bizkaiko Foru Aldundiko eszenatoki bakotxak bere kolorea emon deutso musikari bakotxak sortutako kontzertuan.
Kontzertuak online doban
Zemendiaren 13tik 29ra egongo dira kontzertu guztiak eskuragarri eta doban Udagoieneko Ostera webgunean. Barikuro kontzertu bat estreinauko da eta astegoienean webgunean egongo da ikusgai. Hona hemen programazinoa:
Zemendiaren 13tik 15era - Eñaut Elorrietaren kontzertua La Encartada Fabrika- Museoan (Balmaseda).
Zemendiaren 20tik 22ra – Zea Mays taldearen kontzertua El Pobal Burdinolan (Muskiz).
Zemendiaren 27tik 29ra – Izaki Gardenak taldearen kontzertua Arrantzaleen Museoan (Bermeo).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!