Alvaro Rabelli: 'Bertsoak eta erotismoa buztartzea ez da plan txarra'
2020-10-19 08:14 BarriketanArratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketearen arduraduna.
Basaurin jaio eta Zeanurin bizi da orain. Gasteizko Hizkuntza Eskolan euskera irakasle dabil. Kolaborazino ugari egin ditu komunikabide askotan (Begitu, Rumble, Idatz & Mintz, Argia, El Pais, Deia, Pergola, Euskaldunon Egunkaria...) askotan euskal literaturea berbagai. Argitalpenen artean, Egurrezko hankak (2006) ipuin antologia; Odisea (2006) album ilustratua; Saguzarren Profhezia (2014) errelato ilustratua; Ispilua (2001), Euskara teknikaria aurretik zein atzetik (2006), Neska lizun baten lau urtaroak (2006), Triangelu ekilateroa (2006), Borreroaren gutiziak (2012) kontakizun erotikoak; eta Naia. Chinatown inguruan (2013), Naia. India gorrietan (2014) eta Naia eta eskultore itsua (2018) polizia-eleberri laburrak. 2018an, Ustezko fikzioak izeneko ipuin laburren antologia kaleratu eban.
Alvaro Rabelli Arratiako Zertu Kultur Elkarteko kidea da eta igaztik Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketearen arduraduna da.
Basauriko Euskarabila alkarteak atondutako Ipuin Erotiko Lehiaketan saritua (1996tik 2010era) bete-betean sartu zan Alvaro ipuin erotiko onenak hautatzeko saltsa honetan. Makinatxu bat kontu ekarriko deuskuz Zertu-Begituko kolaboratzaileak.
Zertu-Begituk atondutako II. Arratiako Kalenturak Basauriko eta Dimako ipuin erotikoen lehiaketen segidea da zeozelan esateko. Lehenengo edizinoa Igorreko Udalaren babesagaz egin eben eta aurten, Lemoako Udalari esker egingo da. Horixe da asmoa Zertu eta Arratiako udalen arteko alkarlana.
1.- Basauriko Ipuin Erotikoen Lehiaketea, Dimako Kalenturak eta orain Arratiako Kalenturak. Basauri, Igorre eta Lemoako udalen laguntzinoa nahitaezkoa izan da hau guztia atontzeko?
Duda barik. Nabarmendu gura neuke Basaurikoa Euskarabilla alkarteak atondutakoa zala, hainbat urte egin zituen lehiaketeari eusten eta guretzat eredu izan da. Zoritxarrez, Basaurikoa 2012an bertan behera geratu ziran bai lehiaketea, baita Euskarabilla alkartea bera be. Basaurin parte hartu eban batek, Rafa Ugalde dimoztarrak, laguntzino handia eskaini euskun Arratiako Kalenturak Lehiaketea aurrera eroateko, zubilana egin eban eta Zertu alkartea ez egoan atzera egiteko; ordukoak dira gure gogoetak zer egin eta zer ez erabagiteko. Zertu prest agertu zan ekimena bideratzeko eta Basaurin ibilitako batzuk, baita neu be, hor hasi ginan beharrean, Arratian baegoala gogoa eta pasinoa ikusita.
2.- Bai lehenengoan zein bigarrenean, Begitu-Zertu alkartea dira antolatzaileak?
Bai. Zertu alkartea da antolatzailea, Begitu aldizkariaren ardurea dauena. Basauriko esperientzian jente asko ibili zan, polito egin zituen gauzak eta hangoa hona, Arratiara ekarri eta hemen gagoz Arratiako Kalenturak Lehiaketeari ekiteko prest. Hori bai, irakurzaletasunaren alde gabiz eta jenteak idazteko zaletasuna hartu daiala be helburuen artean azpimarratuko neukez.
3.- Literatura erotikoa ez da gauza barria eta azken urteotan generoak gorabehera batzuk be izan ditu helburuotan eta. Zertan aldatu da literatura erotikoa?
Ez da barria, ez. Beti izan dogu erotismoa eta barruko sentimentu guztiak kanporatzeko beharrizana baina sasoian sasoikoari aurre egin behar jako, zentsurea, zigorra, ikarea... Bolada batzuetan dana zan isilpean gordetakoa, tabu ziran holako gaiak baina orain danetarik berba egin eta idazten da.
4.- Lehenengo edizinoan, 17 narrazino lehiatu ziran. Parte-hartzaile kopuruagaz pozik ala gehiago espero zenduezan?
Pozik. Akaso, bateren batek pentsau leike gitxi dirala baina gu pozarren gagoz, parte-hartzaileen erantzuna ez da txarra izan. Urte asko joan dira eta nik neuk dudak nituan, jentearen erantzunaren aurrean, aurrera ala atzera, egoereari eustea ez neban erraz ikusten ze gauzak goitik behera aldatu dira, orain erotismoaren eta generoen aurrean zabalago jokatzen dau gizarteak.
Lehenengo edizinoan, hamazazpi lan izan genduzan, 12 gizon eta 5 emakume, gazteena 22 urtekoa izan zan eta zaharrena, barriz, 72 urtekoa.
5.- Ernesto Prat Urzainki nafarraren Sokada baten hiru muturrak lanak irabazi eban 2019an baina bigarrena Josu Unzueta durangarra izan zan eta Arratiako saria, barriz, Karlos Aretxabaleta bediarrak eroan eban...
Bai. Ajuriaren Ilargiaren abestia eta Ortzimugan larrua jo leike lanak ez dodaz ahaztuten. Zaletasun handia dago hemen. Basaurin, Arratian eta Nafarroan be jente beroa dabil eta ez dakit zerk eraginda...
6.- Nortzuk ausartzen dira testu erotikoakaz, emakumeak ala gizonezkoak?
Bitxikeria legez esango deutsut, Basauriko lehiaketearen azken urteotan, emakumeen idazlanak izaten ziran nagusi baina gurean, barriz, gizonezkoak baina horri arrazoi sakonik topetan ibili beharrik ez dago, sasoiaren edo jokeren araberakoa be izan daiteke; irakurle gehienak emakumeak dira eta, akaso, horregaitik izan leikie jokerea holako lehiaketetan eta parte hartzeko.
7.- Arratiako Kalenturak Ipuin Erotiko Lehiaketearen bigarren edizinoan parte hartu gura izan ezkero, zemendiaren 30era arte bialdu daitekez lanak begitu@topagunea.com helbidera. Oinarrietako puntuen artean zein nabarmenduko zeunke?
Edadearena nabarmenduko neuke, izan be, Arratiako Kalenturak Lehiaketan parte hartzeko 16 urtetik gorakoa izan behar da. Idazlanaren neurria 4 eta 8 orrialde artekoa da. Posta arrunta zein epostaz bialdu daitekez lanak. Edozelan be, Begitu aldizkarian be konsultau daitekez oinarriak.
Sariak ez dira edozelakoak: irabazleak 600 euro eroango ditu, bigarrenak 400 eta Arratiako ipuinik onenak, barriz, 250 euro. Ezustekorik ezean, 2021eko urtarrilean egingo da sariak emoteko jaia Lemoako Kultur Etxean. Pandemiak danean eragin dau eta ezin deutsut gauza handirik iragarri baina bertsoak eta erotismoa buztartzea ez da plan txarra...
8.- Batzuk aitatzearren, Igor Estankona, Julen Gabiria Zefe Ziarrusta, Rafa Ugalde Maite Arrizabalaga eta zuk zeuk idatzi izan dozuez ipuin erotikoak eta sariak irabazi be bai. Lan erotikoak eskatzen dozuez baina bestelako zehetasunik ez dozue emoten. Zelako testuak gura dozuez?
Balio literarioa daben testu erotikoak eskatzen doguz, ipuinak izan daitezala eta ez dogu zehaztasunik eskatzen baina testuok berotu egin behar gaitue, hori nahitaezkoa da. Kolore guztietako testuak gura doguz, irudimenak agintzen dau eta erotismoagaz lotutako gai guztiak onartzen doguz, baita politikeagaz, ideologiagaz zein sexualidadeagaz buztartutakoak be.
Aitatu dozuzan izen horreetako batzuentzat lehenengo esperientzia zan idazten, baita neurea be, eta hortik aurrera ibilbide polita eta emonkorra egin dabe, bi aitatzearren, Estankonak edo Gabiriak.
9.- Erotismoak indar gehiago beharko leuke literaturearen barruan?
Bai. Duda barik. Ekarpen handia egin leike, erotismoa testuotan agertzea normalizauta egon beharko litzateke eta sarritan testu erotikoaren etiketa barik be antzemoten doguz holako testu zatiak. Pozgarria da.
10.- Euskal Herri osoan ez ei da genero hau kontuan hartzen dauen beste lehiaketarik, Arratiako Kalenturak da bakarra. Zergaitik?
Arrazoi jakinik ez dago. Ipuin lehiaketak zenbat-gura dagoz bazterretan baina gurea erotismoagaz dago lotuta eta, akaso, hori izan daiteke jenteak atzera egiteko arrazoia.
Ipuin erotikoen beste lehiaketa bat martxan ipiniko dabela entzun dogu, Kaixomaitia webguneak atondutakoa eta Elkar argitaletxearen laguntzaz baina besterik ezin deutsut aurreratu.
Eta Txalaparta argitaletxekoakaz be hartu-emonak izan doguz eta, esangura horretan, kalidadeko ipuin kopuru bat lortu ezkero, eurek argitaratuko zituela be badakigu eta, besterik ez badago, Zertu alkarteak berak be argitaratu leikez...
11.- Besteak beste, Edorta Jimenezek, Jasone Osorok eta Ibon Egañak be badakie erotismoa lantzen euren liburuetan eta Txalapartaren bilduma batzuk be ezin ahaztu...
Bai, aitatu dozuzan horreek eta beste batzuk be ibiliak gara eta bagabiz erotismoaren gaia hartuta ipuinak eta liburuak idazten. Euskal literatura erotikoak aurrera egngo ebala pentsau genduan askok eta suspertu egin ginan, irakurleak be baziran eta argitaletxekoek be esaten euskuen aurrera egiteko. Baina badakizu literaturan genero asko dagoz aukeran eta di-da igaroten gara batetik bestera, eleberria izan daiteke indartsuen dabilena baina genero baltza, poliziakoa eta bidaia kronikak be hor dagoz. Boladaka goaz.
Txalapartarena aitatu dozu eta argitaletxe horren hainbat bilduma dagoz eskuragarri, besteak beste, Bero hezeak (2001), Basa gurina (2006) eta Esku hori! (2012).
Horrezaz gan, oraindino argitaratu barik egon arren, Zefe Ziarrusta eta Maite Arrizabalagaren lanak be ezin ahaztu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!