Eider Rodriguez eta Lander Garro izan dira Etxepare–Laboral Kutxa Itzulpengintza Sariaren irabazleak

Bizkaie! 2020-10-16 12:29   Kulturea

Lan saritua, Rodriguezen Bihotz Handiegia ipuin bildumearen gaztelelaniako itzulpena izan da: Un corazón demasiado grande.

Etxepare - Laboral Kutxa Itzulpen Saria jatorriz euskeraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena saritzeko asmoz sortu eben 2015ean erakundeok, euskeraz idatzitako literaturearen itzulpengintzea eta argitaratzea euskerearen eremu geografikotik kanpo sustatzeko helburuari eutsiz.

Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikora batu dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; eta Inaxio Garro, Laboral Kutxako Euskera arduraduna.

Seigarren edizinoan, Eider Rodriguez eta Lander Garro itzultzaileak izan dira irabazle. Lan saritua, Rodriguezek berak idatzitako Bihotz Handiegia ipuin bildumearen gaztelaniako itzulpena izan da: Un corazón demasiado grande. Bartzelonan egoitzea dauen Literatura Random House etxeak, Penguin Random House Grupo Editorial taldearen parte danak, argitaratu dau lana.

Aurtengo irabazleek gaur bertan jaso dabe saria, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon. Bertan izan da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta holan adierazi dau sari honen garrantzia, Bernat Etxepareren berbak gogora ekarriz: Liburuak etxekoen plazara ez ezik, mundura jalgiko badira, ezinbestekoa da itzulpengintzea. Beste hizkuntza batzuen plazara heltzeko modua posible egitea. Eider Rodriguezek eta Lander Garrok bikain egin dabe itzulpen-lan hori, lankidetza eraginkorrean, Eider beraren Bihotz handiegia ipuin bilduma gaztelerara itzuliz.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak be, berba batzuk eskaini ditu sari honen helburuaren inguruan: Sari honek euskarazko lanen itzulpengintza eta argitaratzea sustatzea du xede, itzulpengintzak ezinbesteko zubigintza lana egiten dauelako gure literaturearen eta munduko irakurleen, munduko beste kulturen artean.

Saria nori emon erabagiteko orduan, epaimahaiak itzulpenaren kalitatea izan dau kontuan, baita argitaletxeak egin dauen sustapen lana be. Auto-itzulpena izanagaitik be, epaimahaiak adierazo dauenez, itzulpena ona da eta idazleak ez dau aukerea aprobetxau beste bersino bat egiteko. Izan be, itzulpena jatorrizko obrearen aurrean leiala dala azaldu dabe, ez dabelako aldentzerik antzemon. Argitaletxearen garrantziak be zeregin garrantzitsua izan dau obrearen sustapen plangintzan.

Sariaren seigarren edizio honetan honako honeek osotu dabe epaimahaia: Inaxio Garro, Euskera arduraduna Laboral Kutxan; Garbiñe Iztueta, Etxepare Euskal Institutuko Euskerearen Sustapenerako eta Zabalkunderako zuzendaria; Koldo Biguri, EHUko irakasle eta EIZIEko kidea (Euskerazko Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkartea); Elizabete Manterola, UPV/EHUko irakasle eta EIZIEko kidea; Kizkitza Galartza, Etxepare Euskal Institutuko Literatura Teknikaria, eta Lide Hernando, Etxepare Euskal Institutuko Komunikaznio teknikaria.

Eider Rodriguez (Errenteria, 1977)

Eider Rodriguezek publizidadea eta zinemagintzea ikasi zituan, baina kazetaritzan eta, batez be, literaturan egin ditu ibilbide profesionaleko urte gehienak. The Balde, Oarsoaldeko Hitza, eta Hitzak eta ideiak argitalpenetan kolaboratzaile izan da eta egun irakasle da UPV/EHUn.

Haren obrak ipuin edo kontakizun laburretan oinarritu dira. 2004an, Eta handik gutxira gaur argitaratu eban; 2007an, Haragia; 2010an Katu jendea (Igartza Saria) eta, 2017an, Bihotz Handiegia. Azken horri esker Euskadi Literatura Saria irabazi eban 2018an. Saiakerea eta umeentzako literatura be jorratu ditu Rodriguezek eta bere obretako batzuk berak zuzenean itzuli ditu gaztelerara; horreetako bat da Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren merezidu izan dauen Bihotz Handiegia obrearen itzulpena.


Lander Garro (Errenteria, 1975)

Itzultzaile izateaz gan, kazetaria, idazlea, argazkilaria, ikus-entzunezko lanen errealizatzailea eta gidoilaria be bada. Literaturan narrazinoa, saiakerea eta itzulpengintzea jorratu ditu, baita hainbat obraren diseinu lanak be egin ditu. Ikus-entzunezkoen atalean, Tumatxak lako telebista saio batzuetarako gidoilari lanetan ibili da Garro. Era bereasn, hainbat ikus-entzunezko piezaren zuzendari be bada: Bi urte, lau hilabete eta egun bat izeneko insumisioari buruzko dokumentala da Garroren azkena.


Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu eben jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta euren lanak nazinoartean zabaltzeko zubia. Sari honek sarritan ezkutuan gelditzen dan itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartea dau helburu.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitekez sarira, betibe ondorengo baldintzak beteten baditue: aurkeztutako liburua jatorriz euskeraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea eta itzulpen hori 2019. urtean argitaratutakoa izatea, aurtengo edizinoaren kasuan.

4.000 euroko sari bakarra emoten da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu deien, izan be, irabazleak nortzuk diran erabagiteko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalidadea, baita literatura-lana argitaratu dauen argitaletxearen sustapen plana be. Era berean, 2.000 euroko laguntzea jasoko dabe irabazleek saria jasoten Euskal Herrira etorteko edota literatura-lana argitaratu dan herrialdean sustapen lanakaz (aurkezpenak, publizidade kanpainak, etab.) jarraitzeko.

Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kulturea sustatu eta nazinoartean ezagutzera emoteko lantzen dituan lan arloakaz bat egiten dau. Literaturearen alorrean, itzulpenak egiteko diru-laguntzak eskaintzeaz gan, euskal idazleentzat bidaia-poltsak emoten ditu eta nazinoarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen dau. Era berean, sari honen bitartez Laboral Kutxak euskereari eta euskal kultureari konpromisoa adierazoten deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu