Emakumeak protagonista, Landa Eremuko Emakumeen Nazinoarteko egunean

Bizkaie! 2020-10-16 07:55   Pil-pilean

% 25ekoa da erabagi organoetako emakumeen ordezkaritzea.

Hazi Fundazinoaren datuen arabera, Euskadin 12.699 ustiategi dagoz erregistrauta, 21.796 jauberi lotuak eta persona horreetatik % 34 emakumeak dira. Famili-ustiategietan beharrean 9.000 emakume baino gehiago dabizen arren, landa eremuko hamar emakumeetatik hiruk egindako lana ez da ustiategi horreen titulartasunean islatzen; kasu askotan, horren arrazoia da emakumeek produkzinoan egiten daben lana laguntzatzat hartzen dala. Oinarrizkoa da nekazaritza sektorean beharrean dabizen emakume guztiek Gizarte Segurantzan izena emotea, euren beharraren ondoriozko eskubideez gozau deien eta autonomia ekonomikoa galtzeari aurre egiteko.


Emakume Baserritarren Estatutua

2019tik, nekazaritzan dabizen eta laguntza edo dirulaguntza publikoak jaso gura dituen alkarte edo erakunde profesionalek, enpresarialek, sindikalek edo beste izakera batekoek gitxienez emakume bat euki beharko dabe zuzendaritza organoetan. Zenbaki hori handitu beharko da emakumeak gitxienez organo horreetan % 40 izan arte 2021etik aurrera.


Bizkaian, Gernikako Arbolearen inguruetan

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko Lehendakariak lurraldeko emakume baserritarrak omendu ditu Landa Inguruko Emakumeen Nazinoarteko Egunean. Aurten, euren bizitza osoa lehen sektorean beharrean emon daben emakumeak dira ardatz. Ekitaldira, Saskia, Etzaldeko Emakumeak, Landa XXI eta Gaittun alkarteetako zortzi emakume erretirau joan dira, emakumeen kolektibo osoa ordeztuz. Lehen sektorean egunero egiten daben behar parebakoa dala eta merezidu daben ohore guztiakaz egin jake harrerea.

Ekitaldiak, baserri inguruko emakumeek lehen sektorearen garapenean egin daben ekarpen parebakoa eta landa ingurunean bardintasunaren eta aurrerapenaren aldeko burrukan bete daben ezinbesteko lekua erakusteko balio izan dau, Ana Otadui Batzar Nagusietako Lehendakariak adierazo dauen moduan: Landa inguruko bizimodua asko aldatu da azkenengo 50 urteetan, zuek zuzenean bizi izan dozue, baina emakumeek bete izan daben lekua sarri askotan ikusiezina izan da eta, hemen, merezidu dozuen lekua erreinbindikau gura dogu, esan dau. Berbaldiari amaierea emoteko, omenaldia jaso dabenek lehenengo sektoreko emakumeak ikusgai bilakatzeko burrukea eta belaunaldiz belaunaldi balioen eta ezagutzen transmisinoa erakusten dabela gogoratuazo dau Otaduik: landa ingurua bizirik eusten dabenak dira, beti gizonen esku egon dan lehen sektorean.

Ekitaldiaren hasieran geldialdi bi egin dira Arbola Zaharrean eta Gernikako Arbolan eta bertan, Jantzari bikote batek Aurreskua egin dau jantzan baserritarrek merezidu daben autortzearen erakusgarri.

Ohikoa danez, ekitaldiari amaierea emoteko, Saskia, Etzaldeko Emakumeak, Landa XXI eta Gaittun alkarteen izenean parte hartu daben emakumeek Ohorezko Liburuan sinatu dabe. Honeek izan dira: Julia Barberena Irigoyen, Santa Meabebasterretxea Zelaia, Mª Teresa Bustinza Arriortua, Miren Gorrotxategi Leturiaga, Teresa Mazaga Uriarte, Mari Uriondo Uriarte, Olga Andutza Ajuria eta Libe Plaza Laka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu