IV. Open House, Bilboko eraikinak zein espazioak ardatz
2020-10-15 08:52 KultureaAurten, 26 Open Espazio izango dira.
Open House Bilbao jaialdia ospatuko da ostera ere ––eta laugarren urtea da ilaran–– urriaren 24ko eta 25eko astegoienean baina errealidade barriari egokituta, bai jardueretan eta bai formatuan be, jendartearen egungo erronkei aurre eginez.
Open House arkitektureari buruzko jaialdi bat baino askoz gehiago da, aukerea da herritarrek euren uriari buruz daben jarrerea aldatu deien arkitekturearen eta urigintzearen bidez. Arkitekturea eta urigintzea emoten dira ezagutzera, horreen zabalkundea egiten eta jendarteratzen da, publiko zabal baten artean, eta parte hartze bidez.
Jaialdiak, publiko zabal eta askotariko batengana heltzeko pentsau eta atondutako jardueren egitarau baten bidez, gogoeta bat egitea proponiduten dau, kaleek, plazek eta parkeek gaurko egunean beteten daben zereginaren inguruan eta pentsetea zelan egokitu behar jakozan errealidade barriei. Holan, uriko zenbait espazio publiko hautatu eta ikusiko dira eta hareetan hainbat alderdi aztertuko dira, azpiegitura berdea eta mobikortasuna eta XXI. mendean urian zer eginkizun daben zehazten saiatuko.
IV. Open House
Jarduera eta espazioetarako ikustaldi guztietarako beharko da aldez aurretik izena emotea webgunean, neurri sanitario guztiak beteko dirala bermatzearren.
Open Espazioak
Espazioen katalogoa diseinau da aurtengo egoera berezia kontuan hartuz eta hari egokituz. Eraikinak eta hareetan egin daitekezan ibilbideak goitik behera aztertu dira, espazio seguruen katalogo bat osotzearren. Gainera, aurten espazio publikoak sartu dira katalogo bisitagarriaren barruan.
Hara hemen edizio honetan edegiko diran espazioen zerrendea:
- Open eraikinak:
1. Eleiz Museoa.
2. “La Bolsa” eraikina.
3. Cava etxeak.
4. Bidebarrietako udal liburutegia.
5. Arriaga Antzokia.
6. Villa María.
7. Bilboko udaletxea.
8. Olabarri jauregia.
9. Ibaigane jauregia.
10. Elorrietako suhiltzailetegia.
11. La Concordia geltokia.
12. Bilboko Elkarte Filarmonikoa.
13. Bizkaiko Foru Liburutegia.
14. Arte Eder Museoa.
15. Deustuko sifoia.
16. Euskalduna Jauregia.
17. Itsas Museoa.
18. EHUko Bizkaia Aretoa.
19. Miribillako Kirol Jauregia.
20. Euskadiko Artxibo Historikoa.
21. Carreras Múgica arte galeria.
- Open espazio publikoak:
22. Campo Volantín.
23. Kale Nagusia.
24. La Naja kaia.
25. Casilda Iturrizar parkea.
26. Abandoibarra.
Jarduerak
Espazioak edegiteaz gan, Open House Bilbao jaialdiak jarduera osogarriak eskainiko ditu, aurtengo gaia sendotuz; Kaleak Bizi – Habitar las Calles goiburupean, Uriko naturea; Trenbidea, uria eta espazio publikoa; uri-pasierak; Itsasadarreko espazioetan nabegetea; Familientzako tailerrak; eta #Opengram eskainiko dira.
Eraikinak doban ikusteko, boluntarioen laguntzea izango da eta hareen ardurea izango da bai eraikinetara sartzea, bai ikustaldia bera be. Herritarren parte-hartzea eta konpromisoa ezinbestekoak izango dira jaialdia egin ahal izateko.
Boluntarioei esker gauzatzen da Open House, boluntarioek euren denporea eskaintzen dabelako trukean ezer eskatu barik eta kulturearen zabalkundean eta ekimenaren izakera parte-hartzailea sustatzen inpliketan diralako.
Igaz, 600 boluntario baino gehiago izan ziran parte hartzen eta erantzuna sekulakoa izan zan. Laugarren edizino honetan, 350 baino gehiagok emon dabe izena baina epea zarratu egin behar izan dabe, pandemiaren eraginez.
Open House Bilbao OUT elkarteak diseinatu eta antolatutako ekitaldi bat da; OUT irabaziak egiteko xederik gabeko elkarte bat da, tokikoa, hiri-berritzean, arkitekturan, eta herritarren parte hartzean interesa duten arkitekto gazteek eratua.
Open House Worldwide
Open House nazioarte-mailako jaialdia da, arkitektureari eta urigintzeari buruzkoa; 1992an egin zan lehenengoz Londresen. Helburua da herritarren artean diseinuaren eta arkitekturearen presentzia sustatzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!