Guggenheimek doban zabalduko ditu ateak astegoienean, astelehenean eta martitzenean

Bizkaie! 2020-10-14 11:57   Kulturea

Astegoienerako dobako sarrerak ordubetean agortu dira.

Guggenheim Bilbao Museoa 1997an inaugurau eben eta, astegoienean, 23 urte beteko ditu. Ospatzeko, aurten be, Museoak doban zabalduko ditu ateak urriaren 17an, zapatuan, 18an, domekan, 19an, astelehenean eta 20an, martitzenean, herritarrei eskerrak emoteko urte honeetan guztietan emon deutsen babesagaitik: Aurten, Museoak Kide Korporatiboei, Ohorezko Kideei eta Museoaren Lagunei emon gura deutsee, beti lagun izan baititugu, eta hori inoiz baino garrantzitsuagoa da gaur egungo egoeran.

Egun horreetan 11:00etatik 19:00etara Museora hurreratzen diran guztiek doban ikusi ahal izango ditue Museoan ikusgai dagozan askotariko erakusketak (ahal dala, aurretik erreserbau behar da sarrerea):


Olafur Eliasson: Bizitza errealean

Erakusketa honetan, Olafur Eliasson artista daniar-islandiarrak esperientzia sensorial bat eskaintzen dau, naturea nabarmenduz. Ur-salto batek, goroldioz estalitako horma batek, kolore anitzeko lainoak, ortzadar batek edo koloreak desagerrarazoten dituan gela batek bisitarien zentzumenakaz olgauko dabe.

Iberdrolak babestutako erakusketa.


Lee Krasner. Kolore bizia

Lee Krasnerren obra txundigarria eta sortze-ahalmena ezagutzeko erakusketea. Lee Krasner espresionismo abstraktuaren aitzindarietako bat izan zan. Erakusketa honetan, bisitariak koloretako mihise erraldoietan sartuko dira eta artistearen teknika piktoriko indartsuak inguratu egingo ditu. Aukera parebakoa da hain talentu handiko artista bat ezagutzeko; sekula ez eutson itxi bere senari jarraitzeari eta ibilbide osoan etenbakoo barrikuntza eta esplorazinoan jardun eban.

Seguros Bilbao-k babestutako erakusketea.


Lygia Clark. Pintura eremu esperimental legez 1948–1958

Jaio zanetik ehun urte beteko diranez, erakusketa honetan Lygia Clark margolari brasildarraren obra goiztiarra ikusi daiteke, izan be, interesa piztu dau azkenekotan nazinoartean artistearen lanak. Bisitariak ikusi ahal izango dituan obretan, Lygia Clarkek figurazinoagaz eta abstrakzinoarekin esperimentetan dau eta bere hizkuntza bisual ahaltsua egituratzen.


William Kentridge: 7 atal

Koreografia eta marrazkiak buztartzen dituan bederatzi pantailaz osotutako bideo-instalazino bat da. Zuria eta baltza nagusi diranez, instalazinoak arte grafikoetako lan-teknikakaz lotzen dau filmaren testura tradizionala eta aparteko esperientzia sortzen.

Horrezaz guztiaz gan, Guggenheim Bilbao Museokio Bildumako Maisulanak be ikusteko aukerea dago, besteak beste, Denporearen materia (Richard Serra), Bilborako instalazinoa (Jenny Holzer) eta Mark Rothko, Yves Klein, Andy Warhol eta Jean-Michel Basquiaten artelan txundigarriak.


Egin erreserbea online sarrerea ziurtatzeko

Aurten, komenidu da sarrerak aurretik webgunean erreserbetea Museoan sartu ahal izateko, izan be, gaur egungo egoerea dala-eta, bisitari-kopurua mugatu egin da ordu-tarte desbardinetan. Urriaren 14tik aurrera erreserbau ahal izango dira sarrerak, online, hemen.

Segurtasun-neurriak jagon, arteaz erabat seguru gozetako, besteak beste, maskarea denpora guztian jantzita euki behar da, eta erropazaindegia zarratuta egongo da. Artelanak babesteko, aretoetan ezin da sartu ez goardasolik ez bizkar-zorrorik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu