XIV. Irakurri, Gozau eta Oparitu martxan da

Bizkaie! 2020-10-14 10:46   Kulturea

Abenduaren 9ra bitartean egongo da aukerea.

Liburutegiakaz batera martxan jarri dau Topaguneak Irakurri, Gozau eta Oparitu egitasmoa, euskerazko liburuen irakurzaletasuna bultzatzea eta liburutegi publikoen zerbitzuen ikusgarritasuna helburuak dituana; horrezaz gan, liburuak erregaletan doguzanean be ohitura hori bultzatzea da helburua.

Aurten, egitasmoak irakurzaleak irakurketatik jasotako bizipenari erreparau gura izan deutso eta sarritan bateren bategaz esperientzia hori konpartiduteko dauen gogoari, Konpartidutako Irakurketea, hain zuzen be. Egitasmoa Zeugaz akordau naz lemapean dator eta ia hile biko iraupena izango dauen kanpainan abendua eta urtarrila bitartean emongo jakez erregaluak irabazleei. Aurten egitasmoaren datak Liburutegien eguna (Urriak 24) eta Gabon aurreko opor sasoira lotuko dira, alde batetik, udal-liburutegien funtzinoa azpimarratzeko eta bestetik Gabonetako Oparia Igon liburua izatea sustatu gura dalako.

Uxue Alberdi, Aingeru Epalza eta Euskadiko Irakurketa Errazeko alkarteek liburu gomendagarrien zerrendea sortu dabe edizino honetarako. Webgunean ikusi zeinkiez hemen

Euskal Herriko hainbat udaletako liburutegietan dago martxan kanpainea; hona hemen zerrendea:

- Araban: Agurain, Asparrena, Dulantzi, Barrundia, Mendialdea, Gasteiz.

- Bizkaian: Atxondo, Berriz, Ermua, Getxo, Igorre, Mañaria, Ondarroa.

- Gipuzkoan: Astigarraga, Legazpi, Soraluze, Zaldibia.

- Nafarroan: Aranguren, Barañain, Berriobeiti, Iruñea, Leitzaldea, Malerreka, Sakana, Ultzamaldea, Zizur nagusia.


Irakurketeak lotzen gaitu

Ekimenak barrikuntzak ezarri ditu aurreko urteei begira. Urte honetan egitasmoa irakurlea eta haren irakurketearen inguruan sortutako ekosistema afektibo eta emozionalean oinarritzen da, izan be, liburu bateko pasarte, berba edo esaldi bat irakurtean irakurleak konexioak egiten ditu ingurukoakaz. Segundu batzuetako konexio hori da Irakurri, Gozau eta Oparitu egitasmoak bultzatu eta saritu gura dauena, gizakion arteko loturak hain garrantzitsuak diran 2020 gogor honetan.

Egitasmoan parte hartu nahi dauenak irakurritako liburu hori inguruko bati erregaletako aukerea izango dau, beretzako mezu personal bat idatziz. Publiko guztiari zuzenduta dagoan ekimen honetan parte-hartzeko, nahikoa izango da ondorengo hiru pausu erraz honeek jarraitzea:

1) Irakurri. Lehenengo pausua herriko liburutegira joan eta euskerazko edozein liburu maileguan hartu.

2) Gozau. Liburua irakurri eta amaitzean, liburutegira bueltau eta fitxa erraz bat bete beharko da. Bertan, irakurleak bere datuak bete beharko ditu, liburua etxean jasoteko eta liburua oparitu nahiko leukion personeari mezu bat idazteko aukerea izango dau. Fitxa hori liburuzainak jaso eta behin ekimenaren epea amaituta, zozketa batean sartuko da beste parte-hartzaile guztien fitxakaz batera.

3) Oparitu edo erregalau. Zozketan irabazle diranek etxean jasoko dabe liburua hasieran idatzitako mezua itsatsita dauela eta oparitua izateko prest!

Danetara, 500 liburu banatuko dira Euskal Herrian zehar. Horrezaz gan, liburutegiek irakurketa gailu elektronikoak zozketatuko ditue liburutegi bakotxean irakurle parte-hartzaileen artean.


Euskal idazleen liburu gomendioak

Zer irakurri dudan dagozan irakurleek Aingeru Epaltza eta Uxue Alberdi idazleen irakurketa esperientzia izango dabe lagun. Proposamenak 5 ataletan banatu ditue, liburutegietan eskaintzen diran aukerak azpimarratu guran: narrazinoa, eleberria, itzulpena, saiakerea eta poesia.

Beste alde batetik, Irakurketa Errazeko liburu gomendioak be jaso ditugu, Irakurketa Erraza Euskadi alkarteagaz lankidetzan. Proposamen horreek guztiak lagungarri izatea da helburua baina ez dira mugea izango irakurri eta oparitu gura dan liburua aukeratzerako orduan; liburutegian eskuragarri dagoan euskal literaturako edozein liburu hautatzeko aukerea izango dau irakurleak.

Proiektuak, Eusko Jaurlaritzako kultura saila, Nafarroako Foru Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia izan ditu babesle eta Alberdania, Erein, Elkar, Pamiela, Ttartalo eta Txertoa argitaletxeen laguntzea jaso dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu