Euskerearen inguruko hausnarketea XXI. mendeko gazteen eskutik
2020-10-14 07:55 Euskerea berbagaiMendeurrenaren inguruabarrean abiarazo eban egitasmoa euskerearen Akademiak.
Euskal Herriko Ikastolen Alkarteak (EHI) eta Euskaltzaindiak gazteen artean euskerearen inguruko hausnarketea bultzatzeko unidade didaktiko digitala sortu dabe. Akademiaren mendeurreneko egitasmoen azken emoitzea da unidade didaktikoa, aurrerantzean Euskal Herriko ikastetxe guztiei zabalduko jakena: Gazteak dira euskerearen herria ehuntzen jarraituko dabenak eta euskerea bizibarritzeko euren parte-hartzea ezinbestekoa da, azaldu dau Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak. Beraz, unidade didaktikoak helburu zehatza dauka: euskerearen inguruko hausnarketa kritikoa bultzatzea Euskal Herriko gazteakaz batera.
Euskaltzaindiak mendea bete eban 2019an eta lehen ehun urteak ospatzeko atondutako egitarauaren barruan, egokia iruditu jakon euskerearen joaneko, egungo eta etorkizuneko egoerearen inguruko hausnarketea bultzatzea euskerearen lurralde guztietako gazteakaz. Holan, ikasleek bizi daben ingurunearen azterketa soziolinguistikoa egingo dabe baina soziolinguistika berbearen osogai bien adierak aztertuz, hau da, ikuspegi soziologikoa eta linguistikoa, izan be, euren egunerokoan euskereak dauen presentziaz hausnartuko dabe. Horretarako, Euskaltzaindiak galdera batzuk proponiduko deutsee gazteei: zein da euskereak zure hurreko inguruan duen presentzia? Zergaitik dira euskerea edo erderak zure hizkuntzak? Ze ekarpen egin neikio bertokoa dogun hizkuntza honi? Ze ekarpen egiten deutso euskereak eguneroko alkarbizitzeari?
XXI. mendeko euskal berbalagunak ditu gogoan Euskaltzaindiak erronka honetan eta jorratutako gaiek heldutasuna eta hausnarketa kritikoa eskatzen dabenez, Batxilergoko ikasleei zuzendutakoa da, bai lehenengo mailarako, bai bigarrenerako.
EHIgaz alkarlanean
Euskal Herriko Ikastolen Alkarteagaz alkarlanean sortu da unidade didaktikoa baina Akademiaren asmoa da proiektua Euskal Herriko ikastetxe guztietara zabaltzea: Gainera -autortu dau Miriam Urkiak-, unidadea ikastetxeetan erabili ahala etenbarik hobetu eta eguneratuko dogu.
Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Alkarteko lehendakariak alkarlanaren garrantzia azpimarratu eta autortu dau tresna digital barri honi esker gazteek gure errealidade soziolinguistikoa eta gure inguruko hizkuntza gitxituena ezagutzeko aukerea izango dabela eta gurari bat lotu deutso aurreko esaldiari: Akaso, laster ezagutza horrek berak bihurtuko ditu eragile euskerearen normalizazinoan. Ikastolako ibilbidearen amaieran ikasleak euskaldun eleanitz izatea lortu nahi dogu, baita euskaldun konprometidu izatea be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!