Online Jardunaldiak Bilbon, euskerearen ezagutzea eta unibersalizazinoa jorratzeko

Bizkaie! 2020-10-13 11:48   Euskerea berbagai

Lankidetzan atondu ditue Eusko Jaurlaritzeak eta Kontseiluak.

Euskerearen herria euskal berbalagun izenpean, zemendiaren 12an eta 13an izango diran jardunaldiak aurkeztu ditue gaur. Euskerea ezagutzearen unibersalizazinoa izango da berbagai nagusi Bizkaia Aretoan egingo diran jardunaldietan.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok egin dabe berba Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan egindajo prentsaurrekoan. Transmisino zein sozializazinoaren, hezkuntzearen eta helduen euskalduntzearen eremuak lan-arlo nagusitzat hartuta, euskerearen normalizazinoan hiztunak, berbalagunak sortzeak dauen garrantzia azpimarratu nahi izan dabe. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako Sailburuordeak adierazo dauenez, euskal gizartea bere hizkuntzearen bizibarritze prozesu etenbakoa biziten dago. Eraldaketa prozesu handian gago sartuta. Azken hiru hamarkadeari begirako datuek eta gizarte mobimentuari erreparauta argi dago euskerearen egoerea onbidean jarteko ahalegin instituzional eta sozial ugari egin dirala eta horreei guztiei esker gabiz emoitza baikor nahiz esanguratsuak lortzen.

Bide horretatik, jardunaldiak lanketa hori egiteko espazio gisa identifikau ditu Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak: berbalagunen ardatza oinarri hartuta, jardunaldi honeek ezagutzearen unibersalizazinoaren inguruan eta etorkizuneko gakoak identifiketeari buruz patxadaz eta sakon
berba egiteko antolatu nahi ditugu. Bide horretan, ezin ahaztu bizi dogun testuinguru bereziak sortu dituan albo-kalteak. Bilbaoren eretxiz, egoera honekk eragina izan dau eta epe labur-ertainean be izango dau ezagutzearen unibersalizazinoan.

Bilboko Bizkaia Aretoan segurtasun- eta osasun-protokoloa bat landu dabe alde biek bertaratuko diran herritarrei bermea eskaintzeko, baina agerraldian azaldu bezela, online kanalen bidez be eskainiko dabe, bertaratu nahi edo ezin dauen edozeinek be jaraitu ahal izateko. Dobakoak izango dira jardunaldiak eta izena emoteko epea zabalik dago jada www.kontseilua.eus webgunean.


Egitaraua

Ezagutzearen unibersalizazinoaren inguruan egon daitekezan hiru ikuspegi garrantzitsuenak batu gura izan ditue antolatzaileek: adituena, instituzinoena eta eragileena. Hamaika hitzartzez osotu dabe egitaraua, eta molde eta forma ezbardinak landuko ditue gaia ertz ezbardinetatik begiratu asmoz. Bilbaok adierazo dauenez, transmisinoa, hezkuntzea eta helduen euskalduntzea oinarri hartuta, instituzinoetan zein eragileetan lanean dabizen agente ezbardinen gogoetak entzuteko eta konpartiduteko aukerea izango da, mahai-inguru, alkarrizketa eta berbaldi formatuetan.

Jardunaldietan aurkezpen nagusi bi izango dira eta amaierako hausnarketea. Lehen berbaldi nagusian soziolinguistikearen diziplinatik ezagutzearen unibersalizazinoak zein kokapen hartzen dauen azalduko dau soziolinguistikan aditua dan Xavier Vilak; bigarrenean, barriz, gizarteak ezagutzearen unibersalizazinoari buruz dauen erantzukizuna izango dau berbagai Amaia Etxabek. Amaierako hausnarketearen ardurea Jone Goirigolzarrirena izango da eta berbalagun aktibo izateko gakoez jardungo dau.

Egitarau osoa, hitzartze bakoitzaren nolakotasuna eta hizlarien biografiak jasotzen dituen gidaliburua ikusgai dago hemen.


Lankidetzea

Eusko Jaurlaritzea eta Kontseilua lankidetzan ibili izana oso garrantzitsutzat jo dau Bilbaok: bakotxak bere bidea jorratu dau ezagutzearen unibersalizazinoaren arloan baina biok konpartiduten ditugun ardurak be badagoz eta biok ikusi dogu holako foro bat antolatzeko beharra eta interesa. Hori izan da, hain zuzen, Euskerearen herria euskal berbalagun jardunaldiak lankidetzearen parametroetan kokatzeko arrazoia.

Miren Dobaranek, Hizkuntza Politikako sailburuordeak azpimarratu dauenez, euskerea ezagutzeari lotuta garrantzitsua da erakunde publiko eta gizarte eragileen arteko lankidetzea. Euskerearen erabilerea bermatzeko ezinbesteko baldintzea da euskerea ezagutzen dauen gizartea lortzea eta euskeraz hartu-emonak izateko prest egongo dan jarrera baikorrak danon artean sendotzea.

Laburbatuz, hizkuntzearen normalizazinoaren ardatzetako bat da ezagutzearen unibersalizazinoa eta horretan sakon hausnartzeko plazea izango da Bizkaia Aretokoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu