Euskaraldian izena emoteko deia egin deutse bilbotarrei
2020-10-08 12:47 Euskerea berbagaiBilbon euskaraz blaitu lemapean, hainbat ekintza egingo dira.
Gaurko ekitaldian Bilboko Euskaraldiaren antolaketan dabizen Eli Carrascosa eta Iker Martinez de Lagos batzordekideakaz batera, Bilboko Udaleko Euskera zinegotzi Koldo Narbaiza eta Irala eta Errekalde auzo batzordeetako ordezkari diran Alex Barandiaran, Amaia Andonegi eta Garazi Lopez Bengoetxeak parte hartu dabe.
Euskaraldia euskerearen erabilerea bultzatu, hizkuntza ohiturak astindu eta inertzia linguistikoak apurtzeko ariketa soziala dala gogora ekarri dabe aurkezpenean. 2018. urtean egindako lehenengo edizinoan lez rol biak hautatuko dituen herritarrak izango dira Euskaraldiko protagonistak aurten 15 eguneko iraupena izango dauen ariketan. Horretarako, gitxienez euskerea ulertzen daben 16 urte baino gehiagoko bilbotarrek ariketan zein rol jokatu erabagiko dabe, euren hizkuntza ohiturak aztertuz eta aukeratu ondoren, Euskaraldiak irauten dauen bitartean rol bakotxaren jokerei eutsiz.
Bilbon euskeraz blaitu
Antolaketa prozesuan Bilboko Euskaraldia batzordeaz gan, auzoz auzo kolaboratzaile sarea antolatu da. Bilboko txoko guztietara heltzea da batzordekideen helburua eta norabide horretan dabiz beharrean sustatzaileak. Bilbon euskaraz blaitu lemapean, batzordeak eta Euskaraldiaren antolaketan dabizen boluntario sareak hurrengo asteetarako izen-emotea bultzatzeko ekimenak antolatzen dabizela nabarmendu dabe prentsaurrekoan. Berbaldiak, kultur ekitaldiak eta auzoz-auzoko ekimenak egongo dirala iragarri da. Hiru hitzorduren informazinoa aurreratu da: urriaren 31n egingo dan Bilbon euskaraz blaitu ekitaldia, urriaren 15ean, Deustuko Hizkuntza Eskolako aretoan Kike Amonarrizek eskainiko dauen berbaldia eta zemendiaren 5ean, Pello Jauregik Arrupe etxean egingo dauen berbaldia.
Informazio puntua martxan
Euskaraldiaren inguruko informazinoa zabaldu eta materiala eskuratzeko gune bat zabaldu da Goienkale / Somera kaleko zortzigarren zenbakian. Hurrengo asteetan Euskaraldian izena emoteko, ekimenaren inguruko informazinoa jaso edo dudak argitzeko eta ekimenerako materiala banatzeko gune horretara jo ahal izango dabe bilbotarrek.
Era berean, auzoetan sortutako batzordeek informazino mahaiak jarriko ditue hurrengo asteetan, bertan be izena emon ahal izateko.
Izena emoteko lau modu dagoz:
www.euskaraldia.eus webgunearen bidez.
Eskuko telefonoetarako sortu dan Euskaraldiaren aplikazinoaren bidez.
Goienkale / Somera kalean jarritako informazino gunean.
Auzoz-auzo antolatuko diran ekimen eta informazino mahaietan.
Koldo Narbaiza, Bilboko udaleko Euskera zinegotziak nabarmendu dauenez: Atzenengo hamar urteotan euskeraz dakiten personen kopurua nabarmen hazi da, datua oso positiboa da; halan da be, gauza positiboagoa daukagu eginkizun: dakitenek erabiltea, hain zuzen. Helburua da euskerea indartzea, haren erabilerea gehituz danon eguneroko bizimoduan. Euskaraldia era guztietako personentzako ekimena da eta ondo egokitzen jako Bilboren aniztasunari. Euskaraldiagaz bat egitea keinu erraza da eta euskerearen inguruko errespetu, poz eta bizikidetzaz betea.
Garazi Lopez Bengoetxea, Euskaraldia batzordeetako ordezkariak ondokoa adierazo dau: Bilbon jarraipen zabala izan eban 2018an egindako Euskaraldiaren lehenengo edizinoak. Balio izan euskun ahobizi eta belarriprest modura ibilteko hamaika bilbotar prest dagoala ikusteko, baita inguruan uste baino gehiagotan euskeraz berba egiteko aukerea dogula ikusteko be. Bilboko Euskaraldiaren antolaketan hainbat lagun gabiz. Ez da urte erraza, Covid-19ak eragin nabarmena izan dauelako antolaketan be, baina zabala da modu batean edo bestean Euskaraldiaren antolaketan dabilen sarea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!