'Euskerea eskuz esku', Ipar Euskal Herritik batasunari eginiko ekarpena

Bizkaie! 2020-10-08 09:04   Euskerea berbagai

EEEn 123 arau landu ditue.

Euskaltzaindiak tresna digital barria aurkeztu dau Baionan: Euskerea eskuz esku. Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) % 65eko dirulaguntzinoa jaso dau. Aurkezpenean parte hartu dabe Andres Urrutia euskaltzainburuak, Yves Ugalde Baionako Udaleko kultura auzapezordeak eta Jean-Baptiste Coyos EEEren zuzendariak.

Berrogeita hamar bat urtez Euskaltzaindiak jorratutako euskera batuak bere bidea egin dau euskal komunidadean; Ipar Euskal Herrian be bai. Haren beharra ez dabe eztabaidatzen orain euskeraz idazten dabenek eta gizarte-alor askotan sartu da, bai idatzian, bai ahozko moldean. Halan da be, Ipar Euskal Herrian gitxi edo gaizki ezagutua dala antzemoten da. Sarritan tokiko berbakerakaz nahasten da batua eta beste batzuetan ez da jakiten noiz erabili behar dan eta zelan. Beraz, hori dana argitu gura dauenari lagungarri egingo jako EEE tresna digital barria.


Helburuak eta edukia

Euskerea eskuz esku (EEE) proiektuak Ipar Euskal Herriko hiztunei hizkuntza-aniztasuna kontuan hartzen dauen euskera batua zabaltzeko tresna linguistiko barria emotea dau helburu. Euskarri horrek Euskaltzaindiaren gomendioak eta arauak proponiduten ditu artikulu errazen bidez, Ipar Euskal Herriko hizkuntza-aniztasunari jagokozanak azpimarratuz. Hizkuntza idatziari eta ahozkoari lotutako eremu guztiak aurkezten ditu: ortografia, morfosintaxia, hiztegigintzea, fonetikea eta fonologia, onomastikea. Euskera batua eta Iparraldeko euskalkien egoeraz, dialektologiaz zein literaturako artikuluak irakurri daitekez.

EEEn 123 arau landu ditue. Arauen aurkezpenean Ipar Euskal Herriko berbakeren berezitasunak azpimarratzen dira, adibideetan euskera batuan onartutako Iparraldeko formak lehenesten dira. Gainera, euskera batua Ipar Euskal Herriko hizkuntza-testuinguruan kokatzeko, euskarri batzuk konsultau daitekez EEEn: lekukotasun-bideoak, ahoskerearen audio-grabazinoak, artikuluak...

Bestalde, erabiltzaileak dudak edo galderak baditu, zuzen idatzi eta Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuaren bidez berehalako erantzun personala eskuratuko dau.

Helburuko erabiltzailea Iparraldeko alfabetautako euskalduna da, euskera batua erabili gura dauena: irakasleak, ikasleak, euskera idatzia erabilten dabenak, baita diasporan edo Hego Euskal Herrian gai honetaz interesa dabenak be.

EEE ondoko iturrietan oinarritzen da: Euskaltzaindiak 1994tik argitaratutako arauak; Euskaltzaindiaren Hiztegia; Euskera Batuaren Eskuliburua; eta Euskal Onomastikearen Datutegia. Era berean, EEE landu dauen lantaldea zazpi lagunek osotzen dabe: Jean-Baptiste Coyosek (zuzendaria); Isabelle Duguinek (ikertzailea) eta aholkulari lanetan ibili diran Andres Alberdik (euskaltzain urgazlea), Jean-Louis Davantek (euskaltzain osoa), Txomin Peillenek (euskaltzain osoa), Xarles Videgainek (euskaltzain osoa), eta Allande Socarrosek (euskaltzain urgazlea).


LINGUATEC proiektua

Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF-FEDER) 1.428.150,00 euroko aurrekontua dauen EFA227/16 LINGUATEC (2018-2021) proiektu hau finantzietan lagundu dau % 65ean, Interreg V-A Frantzia-Espainia-Andorra programearen bidez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Frantzia-Espainia-Andorra mugaldeko eremuaren gizarte eta ekonomia integrazinoa indartzea. Laguntza hori, mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, ingurumen eta sozialen garapenean oinarritzen da, lurraldearen garapen jasangarriaren alde, alkarlanean eregitako estrategien bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu