Berbanet eta 'Gura badozu, gura dot' abiarazo ditue
2020-10-07 11:40 Euskerea berbagaiEuskerearen erabilerea sustatzea da helburua.
Urrian, Bizkaiko Foru Aldundiak hasierea emon deutse bagilean martxan jarritako Berbanet proiektu pilotuaren lehenengo saioei, langileen artean euskerea erabiltea bultzatzeko; programa modu telematikoan egingo da, gaur egungo osasun-krisiaren egoerea dala eta.
Gainera, Gura badozu, gura dot lelmapeko euskarriek ikusgai egingo dabe euskerea Foru Erakundearen hainbat zerbitzutan eta ataletan, euskerearen erabilerea sustatzeko.
Ehun foru-langilek baino gehiagok emon dabe izena abenduan amaituko dan programa barrian eta orduantxe amaituko da Euskaraldiaren 2020ko edizinoa be. Programa honen bidez, lortu gura da foru-zerbitzu eta foru-atal guztietako langileek jarioa hobetzea, bildurra kentzea eta lan-eremuan euskeraz berba egiteko ohiturea finkatzea. Horrek ekarriko dau berbetearen eta ahozko ulermenaren mailea hobetzea.
Saioak bikoteka egingo dira: kideetako bat euskeraz berba egiteko ohitura gitxi eta mailea hobetu nahi dauen persona bat izango da (berbalaria) eta bestea, barriz, euskeraz berba egiteko ohitura handiagoa dauena (berbalaguna), alkarrizketan berbalaria lagunduko dauena. Bikote bakotxak 30 minutuko alkarrizketak izango ditu, astean behin. Alkarrizketok bitarteko telematikoen bidez egingo dira: bideo-konferentziak, telefono-deiak, bideo-deiak zein bestelakoak erabilita.
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera Zuzendaritza Nagusiak bulego tekniko moduan jardungo dau egitasmoak dirauen bitartean: saioak bultzatu eta dinamizauko ditu eta hareen jarraipena egingo dau.
Bestalde, Foru Erakundeak mahai, manpara eta arreta-espazioetan jarteko euskarri barri batzuk eskaintzen ditu, «Gura baduzu, gura dut» leloa eta euskerearen ikurra dan txantxangorria daroenak —Aldundiaren zerbitzu, atal eta behargin elebidunen erreferentzia-sistemeari gehitu jakoz—, bizkaitarrak eta Aldundian lan egiten dabenak euskeraz komunikau daitezan gonbidatzeko modu adeitsuan.
Era berean, Aldundiaren gogo ona islatu nahi da, hau da, herritar guztiei eta Bizkaiko Foru Aldundiko beharginei adierazo gura jake prest dagoala zerbitzua euskeraz emoteko eta euskeraz lan egiteko.
Mahai gainean jarteko Gura badozu, gura dot euskarriak eta binilo itsasgarriak banatu dira Aldundiko zuzendaritza guztietan, herritarrei arretea emoteko puntu eta postuetan eta gune eta bulegoetan jar daitezan.
Ekimen honen helburu nagusia da herritarren eta beharginen eskaeratik pausu bat harago joatea, elebitan emoten diran zerbitzuen eskaintzeari jagokonez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!