'Orainmenean', bertsolaritzearen genealogia feministea Bilbon estreinauko da

Bizkaie! 2020-10-06 13:26   Bertsolaritzea

Urriaren 8an, Bilboko Euskerearen Etxean da hitzordua.



Txakur Gorriak Sormen Kolektiboa
k eta Lanku Kultur Zerbitzuak alkarlanean, Orainmenean izeneko ikuskizuna estreinauko dabe Bilboko Euskerearen Etxean urriaren 8an, 19:30ean. Ekitaldiak Hi(ZKI)bridoak zikloa edegiko dau.

Orainmenean bertsolaritzearen genealogia feminista posible bat da, joanaren eta orainaren arteko bidaia, historiak gordetako emakumezko bertsolariak ezagutarazo eta egungo emakume bertsolariei aukerea emoteko: Beti esan dogu hutsune baten kronikea egiten gengozala eta hutsune horreek be nabarmentzen saiatu gara, dinoe Txakur Gorriakeko kideek.

Ilustrazinoen erakusketea be izango da, ilustrazinoek giro bat edo paisaje sortzen lagunduko deuskue.

Orainmenean III. Lanku Bekearen emoitza da. Bekak nahitaezkoak dira ezaugarri jakin batzuk dituen egitasmoak jorratzeko. Partaideek dinoenez, Lanku Bekeari esker izan da posible guk buruan geunkan egitasmoa aurrera eroatea. Orainmenean proiektua, ostera, ez da hutsetik sortzen, aurrez egindako lan baten jarraipena da, zeozelan, eta bekeak lagundu deusku lan horretan gehiago sakontzen eta lan hori plazara eroaten.


Helburuak

Helburuak bi dira: Bata, joanagaz lotuta dago, historian existidu ziran arren ahanztureak iruntsitako emakume bertsolariak erreskatau eta ezagutarazo gura diralako. Bestea, barriz, orainagaz lotuta dago; sasoi bateko andre bertsolari horreek abiapuntutzat hartuta, gaur egungo emakume bertsolariei alkarregaz kantetako eta esperimentetako aukera barriak eskaintzea baita asmoa. Holan, Orainmenean zubi moduko bat dala be esan daiteke, joandakoa eta oraina lotzen dituan zubi bat.


Liburuxkea

Liburuxkan emakume horreei buruzko datuak dagoz, jasota bezela: batzuen kasuan liburuetatik hartutako pasarteak dagoz, gitxi batzuen kasuan euren bertsoak be heldu jakuz, beste zenbaitetan izena eta jaioterria baino ez jakuz heldu... Partaideen ahotan, beti esan dogu hutsune baten kronikea egiten gengozala eta hutsune horreek be nabarmentzen saiatu gara. Ilustrazinoari jagokonez, batzuen argazkiak heldu dira, askorenak ez... Errealidadea dan informazino falta hori islatzen saiatu gara.

Ilustrazinoak dituan erakusketea saioan bertan integrauta egongo da, atrezzoaren parte izango da. Batutako informazinoa eta sortutako ilustrazinoak liburuxkara batu dira eta entzuleek eskura izango dabe liburuxka hori saioan zehar. Gai-jartzaileak ilustrazino eta liburuxkako informazino hori abiapuntutzat hartuta jarriko ditu gaiak eta bertsotan gai horreei erantzungo jake.

Estreinaldian Txakur Gorriako taldekideek kantetea da asmoa baina hortik aurrera, proiektua askatu eta bere bidea egin daian itxiko da. Lankuk kudeatuko ditu ondorengo bertso saioak eta antolatzaileen asmoei jaramon egin arren, bertso saio bakotxean ordura arte kantau ez dauen andre bertsolari batek parte hartzea jarri dogu baldintza legez. Holan, ahalik eta emakume gehienei aukerea emotea da asmoa.

Hurrengo saioa Bertsoaroaren barruan izango da Iruñean, zemendiaren 17an, Condestable Jauregian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu