Arabako arlo sozioekonomikoan euskerea suspertzeko tresnak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2020-10-06 08:11   Euskerea berbagai

Lanabes zerbitzu teknikoa urrian jarriko da martxan.

Eusko Jaurlaritzeak eta Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiagaz bat egin dabe Lanabes programeari bultzadea emoteko, Arabako enpresa eremuan euskerearen erabileran eragiteko sortutako foru ekimenari, hain zuzen be. Akordio horri esker, hiru erakundeek Lurraldeko enpresetan euskerearen erabilerea sustatzeko giltzarri izan nahi daben proiektu bi abiatuko ditue laster: aholkularitza-zerbitzu tekniko bat eta praktika-komunidade bat. Aurkezpenean parte hartu dau Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Miren Dobaranek.

Zerbitzu horren jatorria 2019an Arabako Foru Aldundiak 50 langiletik gorako enpresei bialdutako galdetegian dago, hizkuntza-kudeaketearen ganeko datuak batzeko asmoz, azaldu dau Lexuri Ugarte Aretxaga Euskera eta Gobernu Edegiko zuzendariak: Horreetako 59k erantzun eben galdetegia eta eskerrak emon gure deutsedaz euren jarrera eta parte-hartze parebakoagaitik.

Erantzun horreen bidez, txosten bat egin eben emoitza orokorrakaz eta enpresen beharrak ondorioztatu ziran; gaur iragarritako neurriakaz erantzutea espero da.

Alde batetik, Lanabes zerbitzu teknikoa urrian jarriko da martxan eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzeak kudeatuko dau. Aholkularitzea eta laguntza teknikoak eta ekonomikoak eskainiko deutsee hizkuntza-kudeaketa hobetu nahi daben lurraldeko enpresei.

Beste alde batetik, praktika-komunidade bat sortuko da, hizkuntza-kudeaketan daben esperientzia konpartidu, batzuengandik ikasi, ezagutza barriak sortu eta Arabako eremu sozioekonomikoan euskerearen erabilerea hobetzen lagundu nahi daben enpresen foro bat. Bai Euskereari Alkarteak kudeatuko dau praktika-komuniDaDe hori, Lanabesen talde eragileko kide baita.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, prentsaurrekoan, erakundeen eta erakunde pribatuen arteko lankidetzearen garrantzia azpimarratu dau, hizkuntza normalizazinorako politiketan. Dobaranek azpimarratu dauenez, Lanabes programea alkarlan horren emoitzea da eta Arabako esparru sozioekonomikoan euskerearen erabilerearen normalizazinoan beste pausu bat emotea da.

Aurkezpenean Iñaki Gurtubai be izan da Gasteizko Udaleko Euskera zinegotzia eta azaldu dau hainbat urtez txikizkako merkataritzan egin dituela ahaleginak: "Saltoki txiki eta ertainetan. Gune handiak alde batera itxi ditugu, merkataritza guneak, frankiziak... beste agente batzuk lanean ebizelako. Industria be ez dogu gehiegi landu, gure jarduera eremua gainditzen ebalako", adierazoi dau,"Orain hiru administrazinook indarrak batzen ditugu euskerearen erabilerea arlo sozioekonomikoan indartzeko. Hori da garrantzitsuena, maila desbardineko administrazinoek bat egitea, danon helburuari heltzeko".

Urritik aurrera, Lanabes hartu-emonetan jarriko da interesa agertu eben enpresakaz eta laguntza eta zerbitzu horreek eskainiko deutsee. Halan da be, Arabako Lurralde Historikoan 50 langile baino gehiago dituen eta egokitzat joten dauen edozein enpresa hartu-emonetan jarri ahal izango da ekimeneko kideakaz, alkarregaz aurrera egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu