Nafarroako Bertsolari Txapelketea atzeratzea erabagi dabe

Bizkaie! 2020-10-05 10:45   Bertsolaritzea

Txapelketearen hutsunea Nafarroako bertso plazak sustatzeko erabiliko dau alkarteak.

2021eko urtarrila eta martia artean zan ospatzekoa Nafarroako 45. Bertsolari Txapelketea, baina Covid-19aren pandemiak eraginda, atzeratzea erabagi dauantolakuntzeak. Dana dala, plazak sustatzen jarraituko dau Nafarroako Bertsozale Alkarteak.

Nafarroako Bertsolari Txapelketea ez da aurreikusitako egunetan jokatuko, oinarriak konsultau eta egoerea aztertu ostean. Covid-19aren pandemiak –eta ha kontrolpean hartzeko neurriek– egitasmoaren berezitasunak bermatzeko traba dira ezbaian jarten dabe txapelketearen oinarrizko erispidea dan aukera bardintasuna; besteak beste, honako egoerak sortu daitekez: bertsolariak konfinau behar izatea eta ondorioz txapelketan parte hartzeko aukerea galtzea; saiotik saiora epaimahai bera bermatzeko zailtasunak izatea; saio batetik besterako aldaketak saioaren beraren aforo eta ezaugarrietan.

Gauzak holan dirala, txapelketea ez egitea erabagi dau elkarte antolatzaileak. Pandemiaren bilakaerearen arabera erabagiko dira hitzorduak. Edozelan be, kulturea segurua dala azpimarratu dau Nafarroako Bertsozale Alkarteak. Txapelketaren berezitasunak bermatzea gatxa da egungo egoeran, baina aukerea badago bestelako saio asko antolatzeko. Osasuna bermatu eta bertso saioak antolatzea ez dira gauza kontrajarriak. Esangura horretan, txapelketearen hutsunea Nafarroako bertso plazak sustatzeko erabiliko dau alkarteak, aurrerago zehaztuko diran egitasmoen bidez. Antolatzaile diran gainerako eragileei be kulturearen alde egiteko eskatzen deutsegu. Kultureak eta bertsolaritzeak merezidu dabe.


Transmisino arloan buru-belarri

Plazatik harago, bertsolaritzearen transmisinoan buru-belarri dabil Nafarroako Bertsozale Alkartea. Azken 35 urteetan lez, aurten be jarri dogu martxan Bertsolaritzea Irakaskuntzan egitasmoa. 2020/2021 ikasturtean, hain zuzen be, Nafarroa osoko 47 udalerritako 60 ikastetxetan ibiliko gara bertsolaritzearen oinarriak erakusten. Danetara, 2.800 ikaslek jasoko dabe programea, zazpi irakasle espezialisten eskutik.

Bertso Eskolek be asteon ekingo deutse ikasturteari. Izena emoteko epea beteta, ume, gazte zein helduentzako 28 talde osotu dira, Nafarroa osoko hamabost udalerritan.

Bertsogintzan sakontzeko gune dira Bertso Eskolak, eskola orduz kanpokoak; horrezaz gan, euskereagaz olgau eta trebatzeko eta sorkuntza gaitasunak lantzeko topagune be badira. Bietan, Hezkuntza Arautuan zein Bertso Eskoletan, osasun prebentzinorako neurri guztiak bermatzeko konpromisoa hartu dau beregan Nafarroako Bertsozale Alkarteak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu