Euskaltzaindiak Jagonet konsulta-zerbitzua eguneratu eta indarbarritu dau

Bizkaie! 2020-10-05 08:00   Euskerea berbagai

Euskerearen erabilereari buruzko konsulta-zerbitzu orokorra da Jagonet.

Euskaltzaindiak Jagonet erabarritu dau, edukietan zein egituran. 2000. urtean sortu eben zerbitzua eta erabiltzaileak era bi ditu erabilteko: hizkuntza-dudea datu-basean bilatu edo erantzunik topetan ez badau, zerbitzuari galderea eginez.

Eskura dagoan datu-basean Jagonet sortu zanetik 2016ko martira bitartean eginiko galderarik adierazgarrienak dagoz jasota. Molde eguneratuan eta barrituan agiri dira orain. Urteak joan urteak etorri, datu-baseko eduki batzuk zaharkituta egozan eta Euskera Batuaren Eskuliburua batzordeak datu-baseko galde-erantzun guztiak berraztertu, eguneratu eta berridatzi ditu.

Horrezaz gan, galdera askoren izenburuak aldatu eta egokitu dira eta arloa izenburuan berean txertatu da. Erantzunetan loturak txertatu dira Euskaltzaindiaren arauetara, gramatiketara, Euskera Batuaren Eskuliburura, Euskaltzaindiaren Hiztegira edo zenbait estilo-liburutara (EIMA, EHULKU, Berria...) bideratuz irakurlea.

Bilaketea errazteko, galdera bakotxa zer duda eta unidade-mueta dan be adierazo da; horri gehitu behar jako informazino gehigarria, zenbait kasutan emoten dana.

Molde estandar hau dau galde-erantzun bakotxak:

Prozedurea eta proiektuaren eguneratzea. Eskatzaileari pausu bi eskaintzen jakoz eta ordena honetan egiteko iradokitzen: lehenengo dudea erantzunda ete dagoan bilatzea; erantzunik ez badau topetan, konsultea egiteko modua izatea. Eskatzaileak bigarren pausua aukeratzen badau, galderea egiteko inprimakia agertuko jako eta hartan zenbait eremu bete beharko ditu: posta elektronikoa, konsultearen gaia eta konsultea. Aukerako eremu batzuk be badira, berbarako izena, deiturak, enpresea, erakundea edo partikularra dan, jatorria (EHkoa edo EHtik kanpokoa) eta lanbidea edo okupazinoa.

Galdera horreek guztiak zerbitzuak aztertu eta modu pribatuan erantzungo eskatzaileari. Eta, orain artean bezela, galdera horreetako batzuk, aldian-aldian, Jagonet honetako datu-basea horniduteko eta aberasteko erabiliko dira.


Zer da Jagonet?

Euskerearen erabilereari buruzko konsulta-zerbitzu orokorra da, Euskaltzaindiak Internet bidez erabiltzaileen esku jarten dauena. Zerbitzuak helburu nagusi bi ditu: bata, euskerearen erabilera zuzena eta egokia bermatzea eta, bestea, erabilera horren gaineko dudak argitzea.

Zerbitzu honetara joten dauen erabiltzaileak aukera bi ditu: dudea datu-basean bilatzea edo erantzunik topetan ez badau, zerbitzuari galderea egitea. Konsulta-zerbitzu honetan Akademiaren ohiko langaiak diran arloen gaineko erantzunak emoten dira, hiztegigintzakoak, ortotipografiakoak, morfojoskerakoak, onomastikakoak, euskerearen herri-berbakeren atlasekoak, euskerearen sustapenekoak eta bestelakoak.

Hori bai, Jagonet berez ez da erderazko berba edo esapideen euskal ordainak galdetzeko lekua (horretarako dagoz hiztegi elebidunak, beste konsulta-zerbitzu batzuk...) edo itzulpen zerbitzu bat edo ikerkuntzarako laguntza bila datorrenari argibideak emoteko lekua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu