Bardoetako finalean izango dira Malerrekako eta Berako taldeak be

Bizkaie! 2020-10-05 07:55   Bertsolaritzea

Lizarrako Ikastolan egingo da finala urriaren 17an, 17:00etan.

Jauntsarats (Basaburuan) | Ikusi handiago | Argazki originala



Goizuetan eta Jauntsaratsen egindako finalaurrekoetan, sailkapena eskuratu dabe Malerrekako Bertsonautak eta Berako Lamixene taldeek, hurranez hurran. Eurekaz batera, Leitzako Atekaberts komeni taldea be izango da urriaren 17an Lizarran jokatuko dan finalean.

Pandemiak eragindako zazpi hilebeteetako etenaren ostean, astegoienean jokatu ziran jokatu barik egozan Bardoak Txapelketako finalaurreko biak, Goizuetan eta Jauntsaratsen. Behin saio horreek eginda, argitu da urriaren 17an, Lizarran, finalean kantauko daben taldeen zerrendea: Leitzako Atekaberts komeni taldeari -lehendik sailkatua- Malerrekako Bertsonautak eta Berako Lamixene taldeak gehitu jakez.

Goizuetan, udaletxeko ganbaran jokatu zan finalaurrekoetako bat. Aforoa murriztuta eta aulkien artean distantzia itxita be, 60 lagun inguruk jarraitu eben saioa bertatik bertara, giro onean. Parean izan ziran Lesakako Arranopola eta Malerrekako Bertsonautak taldeko bertsolariak -Eneko Fernandez, Erika Lagoma, Etxahun Azkarraga eta Josu Sanjurjo lesakarren taldean, eta Alazne Untxalo, Egoitz Gorosterrazu eta Iker Gorosterrazu Malerrekakoan-, Estitxu Arozena gai-jartzailearen aginduetara kantuan.

Joaneko saioan, otsailean Anizen jokatutakoan, irabazi egin eben Bertsonautak taldekoek eta beste horrenbeste egin eben egunotan, finalerako sailkapena ziurtatuz.

Jauntsaratsen (Basaburuan) jokatu da beste finalaurrekoa, Apeztegiberriko ganbaran. Han be bermatu ziran segurtasun neurri guztiak, eta 50 lagunen aurrean kantau eben Berako Lamixene eta Barañaingo Hego Haizea taldekoek. Beratarren partetik, Aitor Elexpuru, Julen Zelaieta eta Patxi Castillo ibili ziran bertsotan. Barañaindarren aldetik, barriz, Ainara Ieregi, Ander Baiano, Endika Legarra, Iñigo Aranguren 'Pika' eta Sahats Aleman. Gai-jartzaile lanetan Ainhoa Larretxea ibili zan. Beratarrek irabazia eben joaneko saioa, martian Tafallan egindakoa eta atzo be nagusitu ziran, finalerako txartela
berretsiz.


Finala, urriaren 17an

Horrenbestez, argitu da urriaren 17ko finalean izango diran taldeen zerrendea. Leitzako Atekaberts komeni taldeak lehendik eban sailkapena ziurtatua, pandemiaren aurretik jokatu ebalako sailkapen kanporaketea. Orain, zehaztu dira beste talde finalista biak be.

Lizarrako Ikastolan egingo da finala, segurtasun eta osasun prebentzinorako neurri guztiak bermatuta. Urriaren 17an izango da, 17:00etan. Sarrerak salgai dagoz honezkero, www.bertsosarrerak.eus atarian online eta Lizarra Ikastolan
bertan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu