Aitzol Atutxa: 'Jarrerak aldatu eta aurrera egitea da gure amesa'
2020-10-05 08:10 BarriketanAizkoklari bizkaitarra, Bilbon jaioa baina Diman bizi dana. Palmaresari begituta, zurtz eginda geratzea ez da arraroa, besteak beste, 2007tik Bizkaiko txapelduna da eta 2014tik 2018ra Euskal Herriko txapelduna be bai. Urrezko Aizkora, Bizkaiko bikotekako Txapelketea zein Bost Kirol irabazi ditu.
Telebistan be ez da kikiltzen, txakolina be badarabil buruan eta Dimako Garena Jatetxean be badabil zeozertan.
1.- Agindutakoak bete ez, Euskadiko Herri Kirol Federazinoak Euskal Herriko Txapelketarik ez antolatzeko erabagia hartu eta aurrerago ostera, baietz, txapelketak jokatuko zirala, zeuon jarrerea alkarte bat sortzeko... Astrapalea hor dago. Zertan dago kontua orain?
Holan da, bai. Pandemiak ez dau lagundu, danok jarri gaitu hankaz gora. Aspalditik etorrena azaleratu edo suspertu egin dau zorioneko koko horrek. Azken bost urteotan, aizkolari talde polita gagoz lehenengo mailan eta gure asmoa beti izan da irudi eta jarrera barria erakustea. Jakina, gauza asko dagoz egiteko eta gu prest gagoz horretarako. Kontua da ze aitatu tarte horretan federazinoagaz, antolatzaileakaz eta egin doguzan batzarretan ez dala aurrera pausirik ikusi, lehengo eran geratzen ziran gauzak. Entzun behar izan doguz entzutekoak, diruaren bila baino ez gabizela, geurea ez dala txapelketa ofiziala izango eta holakoak.
Orain, barriz, geuri informazinorik emon barik bagilean jakinarazo eban federazinoak aurten ez zala Euskal Herriko Txapelketarik egongo, ez lehenengio mailan, ez bigarrenean, ezta hirugarren mailan be. Jarrera horren aurrean, aizkolariok erabagi genduan txapelketea geuk atontzea eta holan egin dogu. Hor tartean, geugaz ezelako tratu barik, federazinoak txapelketea egin egingo zala adierazo eban abuztuan eta gu zurtz eginda geratu ginan. Azkenean, guk geurearen alde egin dogu, bide eta jarrerak aldatu eta aurrera egitea da gure amesa.
2.- Kontuak kontu, Txapelketea atondu dozue eta federazinoak be bai, baina bietara ezin joan. Zoratzeko egoerea da hau eta holakoetan kirolak berak, kultureak, tradizinoak galtzen dau gehien. Zein da konponbidea?
Bai. Txapelketa bietan egotea ez da posible, gure gogoa, gure ilusinoa eta pasinoa aizkorearen mundua da eta egoerea goitik behera aldatu gura dogu. Aizkolariok aho batez erabagi genduan geure txapelketeari ekitea. Atzera bueltarik ez dagoala esatea lartxu izan daiteke, atzera bueltarik ez daukan bakarra heriotzea da, beti topau behar da konponbidea baina ez dogu federazinoaren aldetik ezelango deirik hartu.
3.- Bigarren mailako zortzi aizkolariak be ez dabiz gustora, arazoak bardin antzekoak dira?
Ez. Gurea urte askoan darabilgun gaia da, herri kirol hau, tradizinoa maite dogu eta galdu behar ez dan gauzea dalakoan gagoz.
Bigarren mailako aizkolarien arazoa izan da beheko kategorietara joan ala ez erabagiteko kanporaketak ez zirala egin eta aizkolari partidea geratu zanez gora adi, araua aldatzea eskatu eben. Ez atzera ez aurrerako egoeran planto egin eben eta geugaz batzea zala egokiena begitandu jakun.
4.- Alkarte bat behar dala aldarrikatzen dozue, herri kirolaren alde egingo leuken alkarte bat, hain zuzen. Zeintzuk izango litzatekez helburuak?
Bai. Aizkolariok beti izan gara autonomo, ez daukagu ordezkaritzarik eta asmoa zan gure interesak defendidu eta babestuko dituan alkarte bat sortzea, danon ardura eta eskakizunak kudeatzeko. Oraintxe gabiz, alkartea, kluba edo zein izan daitekeen egokiena aztertzen baina txapelketak, erakustaldiak eta
enparauak atontzea be talde horren ardurea izango litzatekez.
5.- Kirolari jagokonez, umetan hasi zinan aizkoreagaz. Zelakoa izan zan hasierea? Zerk eraginda hasi zinan hain arriskutsua dan kirolean?
Arriskutsua ez dala pentsetan dot, futbolean jente gehiago lesionetan da aizkolaritzan baino. Jakina, aizkoreak min egin leike zorrotz egoten diralako baina ezbeharrak ez dira larriak izaten.
Ni neu umetan hasi nintzan olgetan edo eta aita aizkolaria zanez, beti ikusi dodalako enborrak ebagiten. Esaera zaharrak be badakar, zer ikusi ha ikasi eta bide hori hartu neban. Egurrezko aizkorea ekarri eustien eta pozik ibilten nintzan. Azkenean ofizio bihurtu da hasieran olgetea zana.
6.- 2005ean irabazi zenduan lehenengoz Bizkaiko bikotekako Txapelketea eta Bizkaiko Txapelketean be sekulako nagusitasuna erakutsi dozu, 2015ean hasi eta 2018ra arte. Nor izan dozu maisu edo eredu?
Aita izan da nire eredu, hur izan da beti eta horrek asko lagundu deust; bikotekako txapelketean beragaz hainbat txapel irabazita nago eta gero beste bikotekide batzuk izan badodaz be, aita izan da eredu eta lagun.
Amando Larrea be ez dot ahaztuko. Herri kirolen munduan beti ibili gara alkarregaz eta momentu onak bizi izan doguz, familiakotzat hartzen dodaz eta danok erabilteko 30 bat aizkora edo izango doguz.
7.- Euskadiko Txapelketea be 2014, 2015, 2016, 2017 eta 2018. urtean irabazi dozu. Arerio barik zabiz?
Bai edo. Bigarren postuan be geratu izan naz eta egia da, urrezko aroa edo biziten nago, oso gustora nabil, amestutako boladan nabil. Baina bueltea be azkar etorri daiteke eta ez dago hemen gora adi geratzerik; igaz lesionau eta ez nintzan bape fin ibili, finaletik kanpo geratzea ez zan gozagarria izan. Baina polita be bada hori, bai norberarentzat eta bai ikusleentzat be, alde biak ezagutzea ez da txarra.
8.- Luzaroan zagoze aizkorea astindu barik baina zerbikal edo garondoko lesinoari aurre egiteko etenaldia ez da txarra izango, ala bai?
Bai eta ez. Etenaldia ona da suspertzeko baina geldi egoteak indarra berreskuratzeko prozesua azkartzea dakar eta hor dago alde nagatiboa.
Errehabilitzanoa hasteko nengoanean, bertan behera itxi behar izan genduan eta hiru hilebete ez aurrera ez atzera egoteak burukomina dakar. Orain, aizkolaritzan disfrutetako gogoz nago.
9.- Holako egoeran entrenamentuei ekitea be ez da erraza izango...
Ez. Baina geldi egotea ez da ona. Zeozertxu beti egin behar da. Gimnasioan nabil, aizkoreagaz entrenamentuak, serie labur eta luzeak eta egurra ebagi eta ebagi. Geuk atondutako Txapelketea be badator eta, ezustekorik ez bada, urriaren 25ean kanporaketea jokatuko geunke Zestoan eta zemendiaren azken astegoienean, barriz, finala Iruñean.
10.- Zeintzuk dira aizkorarik onenak, bertokok, kanpokoak?
Gure mundua berezia da, egurraren misterioa, hor bueltan dagoan mitologia, nondik ete datorren herri kirol hau... Txapelketan 12 enbor ebagi behar izaten doguz baina aizkorakadak emoten hasi arte ez dogu jakiten egurraren gogortasuna, nondik jo eta bestelakoak eta, beraz, aizkora asko erabili behar izaten doguz. Jenteari, barriz, holako gauzak gustetan jakoz, kanpokoak ete diran aizkora onenak eta holakoak baina azken aldion berton be egiten ditue onak. Australiar erakoak dira guk erabilten doguzanak, buru karratukoak, aho zabalak.
Bitxikeria legez esango deutsut aizkora bakotxak bere ezaugarriak dituala, eskuz egindakoak dira eta 400 euroan edo erosi zeinkez baina aizkora onaren bila bizi osoa emon zeinke eta topau ezkero ona, ez dozu sekula salduko aurrean dirutza handia ipini arren.
11.- Bien bitartean, Diman, Iturrioz Auzoan, Garena Jatetxea martxan jarri eta hor be etena. Zelan doa negozioa?
Bai, txakolinaren munduan be banabil eta Garena Jatetxean be bai; Julen Bas da kozinerua eta abentura honetan sartzea ederra izan da. Hasierea ez da lar ona izan, zezeilaren 20an zabaldu eta ditxosozko pandemiak jo gintuan, 20 egunetan zabalik izan ostean, zarratu egin behar izan genduan. Bagilean
barriro beharrean hasi ginan helburuak apur bat aldatuta, ezkontza eta otoru erraldoiak baztertuta baina holakoetan bideragarritasunik ez da izaten baina gauza barriak probetan eta hor gabiz, tradizino barriak lemapean; jentea bakearen eta lasaitasunaren bila dator eta gu gustora gabiz. Etorri gura dozuenean, seguru gozauko dozuela!!!.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!