Getxon eta Nafarroan Euskaraldiaren alde
2020-10-01 12:44 Euskerea berbagaiNafarroako ia 600 zentrotan sortuko dira ariguneak.
Getxon, Muxikebarrian, erakunde ugarik II. Euskaraldira batu eta arigune bat edo gehiago (euskeraz berba egitea errazteko) izateko konpromisoa hartu dabe, horreen artean, 64 enpresa mundukoak, alkarteak 30, euskaltegi eta hezkuntza munduko 9, erakunde publikoak 8, alderdi bi eta eskualdeko herri komunikabide bat. Horreei guztiei eskerrak emon deutsee Amaia Agirre Getxoko alkateak erakutsitako konpromisoagaitik: orain norbanakoen txandea da, danon txandea, euskeraz berba egiteko ohiturak aldatzea helburu dauen Euskaraldian parte hartzeko AhoBizi (lehenengo berbea beti euskeraz), Belarriprest (ulertzen daben danakaz beti euskeraz), edo Irribizi (euskerea ulertu ez arren, euskerearen alde).
Nafarroan
Ehunka izango dira Nafarroan ariguneak sortuko dituen era guztietako erakundeak, Euskaraldia antolatzeko batzordeak (Nafarroako 119 udalerrik parte hartuko dabe Euskaraldian).
Aurtengo barrikuntza nagusia dan ariguneen inguruko argibideak emon ditue antolatzaileek Uharten egindako ekitaldian. Euskeraz lasai berba egiteko guneak era guztietako erakundeetan sortuko dirala azaldu dabe eta horren erakusgarri enpresak, dendak, kultur eta kirol alkarteak, gizarte eragileak eta erakunde publikoak dagozala nabarmendu dabe. Danetara, Nafarroako ia 600 zentrotan sortuko dira ariguneak.
Uharteko agerraldian, Osasuna futbol taldeko kapitain Oier Sanjurjok, Uharte Zentroko ordezkari Oskia Ugartek eta Arrasate okindegietako arduradun Maria Arrasatek egin dabe berba. Sanjurjok Osasuna moduko erakunde batek euskerearen erabilerea bultzatzeko ekimenean parte hartzeak dauen garrantzia azpimarratu eta adierazo dau ariguneak sortzea euskereari mesede egingo deutsola. Arrasatek, barriz, euskereak bezeroakaz sortzen dauen loturea nabarmendu dau.
Mikel Arregi, Euskarabideako zuzendaria: Alkarlana Euskaraldiak berak dakarren paradigma aldaketearen beste atal garrantzitsu bat da. Erakunde publiko eta euskalgintza sozialaren arteko hartu-emonak, interlokuzinoa bultzatzen dauena, akordioak lortzeko borondatea duena.
Euskaraldia iragarri eta zabaltzeko Broken Brothes Brass Band talde nafarrak egindako kantua aurkeztu dabe: 24/7 izeneko kantua. Ion Celestinok sortu dau, Sustrai Colinaren berbakaz. Kantuko ahotsak Skabidean taldeko Lorena Aisa, Claudia Rodriguez eta Idoia Tapiak grabau ditue.
Bigarren Euskaraldian Covid-19 pandemiak eragindako egoereak eragina izango dauela nabarmendu dabe, Gizartea jo dauen pandemiak euskeran be eragina izan dauela azaldu dabe eta horregaitik, Euskaraldia, orain urte bi egin zan moduan, euskerearen erabilereari bultzadea emoteko ariketa praktiko eta motibagarria izatea dabe helburu antolatzaileek. Epe luzerako lanean sartuta, aurten abiapuntua jarri gura izan da ariguneak sortzen eta lanean jarraituko da aurrerantzean be euskaraz lasai berba egiteko eta espazio gehiago sortu daitezan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!