Eusko Jaurlaritzeak bat egin dau II. Euskaraldiagaz
2020-10-01 10:48 Euskerea berbagaiHizkuntza ohiturak aldatzeko pausuak emon eta langileen parte-hartzea sustatzen laguntzea da asmoa.
Eusko Jaurlaritzeak modu aktiboan parte hartu eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko pausuak emoten lagunduko dau. Sail bakotxak sortuko ditu bere dinamikak eta langileen aktibazinoa eta inplikazinoa bideratuko ditu. Gobernu Kontseiluak onartu dauenez, Eusko Jaurlaritzeak Euskaraldiaren bigarren edizinoagaz bat egin eta ekimenaren sustatzailea izanik, hasiera-hasieratik bat egin dau ekimenagaz eta interesgarritzat eta beharrezkotzat joten dau orain be parte hartzea. Esangura horretan, hizkuntza ohiturak aldatzeko pausuak emon eta langileen eta kideen parte-hartzea sustatzen eta babesten lagunduko dau beste behin. Bingen Zupiria sailburuaren eretxiz, zemendiaren 20tik abenduaren 4ra egingo dogun ariketa sozialean parte hartuko daben erakundeetako bat izango da Eusko Jaurlaritzea. Horretarako ariguneak, euskeraz lasai berba egiteko guneak, sortuko ditu. Taldeotako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dabe Euskaraldiak iraungo dauen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dabe ariguneetan.
Eusko Jaurlaritzeak arigune izateko barrurako zein kalerako lana egingo dau: Kanpora begira jentaurreko zerbitzuetan eta jentaurreko lanpostuetan Euskaraldiak irauten dauen 15 egunetan ariguneen bereizgarriagaz identifikau eta egun horreetarako jarraibide batzuk jasoko ditue. Kontuan izan behar da herritarraren hizkuntza hautua beti errespetetan daben duten eremuak dirala. Barrura begituta, dinamika propioa daben eta kide guztiek euskerea ulertzen daben taldeak edo ariguneak sortuko dira; askotarikoak izan daitekez: administrazino atalak, ordezkaritzak, lantaldeak...
2020ko Euskaraldian Jaurlaritzako sail bakotxak zein eureii egotzitako erakunde autonomoek, dinamika propioa sortu beharko dabe. Eusko Jaurlaritzeak Euskaraldian izena emoteak honako hau dakar:
- Euskaraldiaren proposamena aztertzea eta prozesuan sartzeko erabagia hartzea.
- Arigune izan daitekezan taldeak identifiketea.
- Ariketa egitea adostea, ariguneetako kideakaz.
- Sailek/erakunde autonomoek ariketan izena emotea.
- Hizkuntza-ohiturak aldatzea eta ariketea gauzatzea posible izan daitezen neurriak hartzea, besteak beste, saio formatiboak eta informatiboak eskaintzea.
- Ariketea egitea, 2020ko zemendiaren 20tik abenduaren 4ra.
- Ariketearen balorazinoa egitea, aurrera begira jarrita.
2018ko Euskaraldia
11 egun euskaraz lemapeko Euskaraldiaren lehen edizinoak aurreikuspenak gainditu zituan. Hamaika egunez euskerearen eremu osoko 400 udalerrik, 200 sustatzaile orokorrek eta 225.000 ahobizi eta belarriprestek parte hartu eben. Danen arteko lankidetzeari esker, inertziak apurtzea ahalbidetu zan, hizkuntza-ohituren inguruko hausnarketea eragin, herritar askoren hizkuntza portaerak aldatu eta, oro har, hiztunak suspertzea.
Bigarren edizinoa luzeagoa izango da, 15 egunekoa eta aurreko edizinoan bezela izena emoten dabenek rol bi izango ditue aukeran:
- Belarriprest: Eurei euskeraz berba egiteko eskatzen dabenak dira, euskerea ulertzen dabe eta eurekaz euskeraz berba egitea gura dabe. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.
- Ahobizi: Euskeraz ulertzen daben danakaz euskeraz egingo dabe ahobiziek, euren lehenengo berbea, beti, euskeraz izango da. Ahal dan guztietan euskeraz egitea da kontua, jokaereak zehazten dau rola.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!